2019(e)ko martxoaren 01(a) 11:30

Aldundiak eta Gorabidek aintzatetsi dituzte desgaitasun intelektualarekin konprometituta dauden pertsonak eta erakundeak

Gizarte Ekintzako Saila

Distintiboak desgaitasun intelektuala duten pertsonen erabateko inklusioarekiko konpromisoa aintzatesten du eta merezi izan dutenen artean ehun pertsona eta erakunde daude, besteak beste Guggenheim Bilbao Museoa, Athletic Fundazioa, Deustu eta UPV-EHU unibertsitateetako fakultateak, Kutxabank eta ikastetxeak.

Gorakide

Bizkaiko Foru Aldundiak eta  Gorabidek Gorakide aurkeztu dute, desgaitasun intelektuala duten pertsonen erabateko inklusioarekiko konpromisoa aintzatesten duen distintiboa. Gorakide arlo honekin zuzeneko erlaziorik ez duten eta talde honen gizarte inklusioan sendo inplikatu diren  Bizkaiko erakunde eta partikularrentzat da, nahiz eta inklusio hori euren funtzioei edo helburuei lotuta ez egon. Ekimen honen helburua bikoitza da: lotura hori aintzatestea eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko jarrera aldekoagoa sustatzea.

Gizarte Ekintzako diputatuak, Isabel Sánchez Roblesek, Foru Aldundiaren eta Gorabideren arteko aliantza eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen inklusioaren alde 57 urte baino gehiagoan elkarrekin jorratu duten bidea azpimarratu du: Bide konpartitua, gaur egun pertsona eta erakunde askoz gehiagoren bidea ere badena, egunero, keinu batekin, plan batekin, ekintza batekin, jarrera batekin, izateko eta egiteko era batekin Bizkaia bizitzeko leku hobea, desgaitasunak dituzten pertsonentzat leku inklusiboagoa izatea lortzen duten bizkaitar askorena.

Hasteko eta behin Gorabidek 100 distintibo Gorakide eman dizkie batez ere Elkarteak berak garatzen dituen sentsibilizazio-ekimenen bidez (Goratu Programa  eta Personas Accesibles Programa) desgaitasun intelektuala duten pertsonen laguntzan lan handia egin duten beste horrenbeste erakunde eta partikularri;  erakunde eta partikular horiek Irisgarritasun Kognitiboko eta  Komunitatean Parte Hartzeko Planetako ekintzak bideratu dituzte edo, era batera edo bestera,   desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagundu  dute.

Gorabideko lehendakariak, Hugo Barojak, honakoa adierazi du: gizartearen inplikazioa gero eta handiagoa izateari esker desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen  joan da, inklusioan esparruak irabazten joan dira eta praktikan  zilegi diren esparru guztietan egotea lortu dute. Barojak helburu hori lortzeko aintzatespena jaso duten pertsonek eta erakundeek  eskaini duten laguntza goraipatu du desgaitasun intelektualarekin loturarik eduki ez arren pertsona horiekiko eta inklusio osoarekiko konpromisoa dutelako. Azken finean, derrigorrez hori egin beharrik eduki ez arren gure taldearen alde egiten dutenak saritu nahi ditugu.

Gorabideren asmoa Gorakide aintzatespenen kopurua era esponentzialean gehitzea da ahalik eta erakunde eta pertsona gehienen interesa erakarriz. Parte hartze planen eta sentsibilizazio planen bidez egitea ez ezik, aukera dago  distintiboa www.gorabide.com orrian kokatuta dauden  Goratu Programaren edukiak aprobetxatuz lortzeko.


Argazkiak