2019(e)ko otsailaren 28(a) 11:54

Foru Ogasunak iruzurraren aurka borrokatzeko eta enpresei eta autonomoei laguntzeko Batuz sistema ezarriko du 2021ean

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea - Ahaldun Nagusia

Sistema honen helburua jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen iruzurraren gaineko kontrol-maila igotzea eta, aldi berean, pertsona horiei euren zerga betebeharrak betetzeko erraztasunak ematea da Ogasunak BEZ, Sozietate eta Errenta aitorpenak egingo dizkielako. Sistema hau funtsezko elementuetakoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren zerga-iruzurraren aurkako borroka planean; plan honi esker 2018an diru-kutxa publikoei iruzur egindako 488,3 milioi euro agertarazteko aukera egon da.

Batuz

Bizkaiko Foru Ogasuna Batuz sistemaren garapena amaitzen ari da; sistema honen bidez, teknologia berrietan oinarrituta, jarduera ekonomikoen zergapetzearen kontrol integrala egingo da eta iruzurraren aurka borrokatzeko eta Foru Ogasunak zergadun bizkaitarrei eskaintzen dien laguntza hobetzeko diseinatuta dago. 2021etik aurrera jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek, hala pertsona fisikoek nola juridikoek, Foru Ogasunari emango diete euren jarduerari buruzko zerga-informazioa (sarrerak, gastuak eta BEZ jasanarazia eta jasandako eta jasanarazitakoa).

Informazio honekin Foru Ogasunak gutxi gorabehera 100.000 zergadun hauen proposamena egingo du horien IRPF, Sozietateen gaineko Zerga eta BEZ aitorpenei dagokienez (gaur egun jarduera ekonomikoak egiten ez dituzten pertsona fisikoen gehiengoaren errenta aitorpenerako Etxean Errenta proposamenekin egiten den bezala). Horrela laguntza osoagoa eskainiko zaie langile autonomoei eta enpresei, horien guztien borondatezko zerga betebeharrak betetzea erraztuz.

Zerga iruzurraren aurkako borrokaren oinarrietako bat zergadunei laguntza eskaintzea da eta arlo hau nabarmen indartuko da Batuzen ezarpenarekin. Halaber, sistema honek iruzurraren aurkako borrokaren beste jarduketa batzuk sendotzeko balioko du, hain zuzen ere sistema honi esker Foru Ogasunak zergen arloan garrantzitsua den informazio gehiago eta kalitate hobekoa eskuratzeko aukera edukiko duelako. Zergadunek emango duten informazioa gurutzatuz zergadunak ematen dituen datuak benetakoak diren egiazta daiteke, aitortu gabeko salmentak edo benetakoak ez diren gastuak detektatuz.

140 eta 240 ereduetatik eta SII-tik ateratzen den BEZ, sarrera eta gastuei buruzko informazioa ez ezik, Batuzek TicketBAI! sistema integratzen du; horren ezarpenarekin iruzur egileek ezin dute erabilera bikoitzeko softwarerik erabili dirutan salmenta asko egiten dituzten establezimenduetan. Software horren bidez salmentan B kutxa batera deribatzen dira ogasunari ezkutatzeko eta hori ezinezkoa bihurtzen da sistema honen ezarpenarekin, salmenta guztietan kode enkriptatu bat aplikatzen duelako eta salmentarik ezkutatu den detektatzeko aukera ematen duelako.

Batuz sistemaren ezarpenarekin Bizkaiko Foru Ogasuna zerga-administrazio aitzindari bihurtzen da jarduera profesionalak eta enpresarialak egiten dituzten zergadunei mota honetako plan integral bat aplikatzeari dagokionez, oraindik ere ez dagoelako beste ogasunik gauza denik zergadunari Batuzek eskaintzen duen mailako laguntza emateko. Aldi berean Batuz zerga iruzurraren aurka borrokatzeko oinarrizko elementua fakturazioren kontrola dela adierazten duen ELGEren gomendioan oinarritzen da.

Egutegia eta beharkizunak

2021ean Batuz ezarri arteko egutegian mugarri batzuk daude, adibidez 2019aren amaieratik 2010ko erdira arte burutuko den froga pilotu bat. Froga hori egin ondoren derrigorrezkoa izango da pertsona juridikoek fakturazio-sistema ezartzea. Ildo beretik, 2019ko udazkenean Aldundiak Batuzen ezarpenerako beharrezkoa den arau-proposamena Batzar Nagusietan aurkezteko eta onesteko ustea du.

Sistema honi ekiteak kostu oso txikia izango du profesionalentzat, nahiko delako fakturazioa kudeatzeko dispositibo informatikoan (ordenagailua, TPV, tableta edo telefono mugikorra) programa bat instalatzea. Urtean faktura kopuru txikia izapidetzen duten profesionalek bidea izango dute Foru Ogasunak abian jarriko duen web zerbitzua erabiltzeko eta, beraz, ez da beharrezkoa izango horiek Batuzen softwarea instalatzea.

Foru Ogasunak egin dituen kalkuluen arabera lau milioi euro inguru erabiliko dira urtero ezarri arteko garapenetan; beraz, kostua guztira 12 eta 15 milioi euro artekoa izango da. Halaber, 2019an beste lau milioi euro erabiliko dira datuak analizatzeko suite informatiko baten garapenean; Batuzen ezarpenari esker biderkatu egingo dira zergen arloan garrantzia duten eta Foru Ogasunak jasotzen dituen datuak eta, ondorioz, Big Data teknikak aplikatuko zaizkie informazio hori guztia kudeatzeko.

Zerga iruzurraren aurkako borroka plana 2019

Batuzen garapena Foru Ogasunak onetsi duen 2019ko ekitaldirako zerga iruzurraren aurkako borroka planaren elementurik garrantzitsuenetakoa da. Plan horrek hiru esparru nagusitan egituratzen ditu garatu beharreko jarduketak: prebentzioa, informazioa lortzea eta erregularizazio- eta kobratze-jarduketak.

Prebentzioaren arloan zergadunari laguntza hobera eskaintzeko jarduketak ezarri dira, adibidez BILA laguntza programen plataformaren garapena, edo zerga-hezkuntzako modulua, Foru Ogasuneko pertsonalaren prestakuntza eta espezializazio iraunkorrak edo aurreko urteetan frogaketen xede izan diren zergadunen jarraipena.

Informazioa eskuratzeko jarduketen barruan, beste zerga-administrazio batzuekin elkar trukeak egiteko hitzarmenak finkatu ondoren, oso garrantzitsua bihurtzen da nazioarteko zergen arloan eragiketak egiten dituzten enpresa-taldeen analisia, eta baita zerga-paradisuekin lotuta egoteagatik zerga-iruzurrerako arrisku handiagoa duten zergadunen analisia ere. Era berean, ekonomia digitalaren arloan jarduten duten zergadunei lotutako jarduketak burutzen dira; azken arlo hau berria da eta dagoeneko Foru Ogasuneko pertsonala horri buruz prestatzen ari da.

Erregularizazioari eta kobratzeari lotuta dauden jarduketei dagokienez esan behar da iruzurraren aurkako borrokaren azken maila direla eta xedea iruzurra zenbatestea eta iruzur egindako muntak eskuratzea da. Horretarako kontrol-jarduketak egiten dira nazioarteratuta dauden talde enpresarialekin, enpresa handiekin, zerga-taldeekin, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonekin edo ondare-sozietateekin. Kobratzea lortzeko eragiketen artean zordunak diren pertsonen eta hartzekodunen konkurtsoan adierazitako enpresen gaineko jarraipen intentsiboak daude.

Iruzurraren aurkako borrokaren emaitzak 2018an

2018an zehar Bizkaiko Foru Ogasunak burutu duen zerga iruzurraren aurkako borrokari esker 488,3 milioi euro berreskuratu ziren. Munta horretatik 483,4 milioi likidazioetakoak izan ziren eta 4,9 milioi hamar zergadun bizkaitarrek Foru Ogasunaren aurka egindako delituengatik.

Kutxa-publikoei lapurtutako 488,3 milioi euro horiek era guztietako zergadunekin 496.430 jarduketa eginda azaleratu dira; jarduketa horiek guztiak Bizkaiko Foru Ogasunaren 2018ko ekitaldiko zerga iruzurraren aurkako borroka planean ezarrita zeuden. Horrela lanegun bakoitzean Foru Ogasuneko pertsonalak batez beste iruzurraren aurkako 1.978 jarduketa burutu eta 1,9 milioi euro berreskuratu zituen.

Azaleratu den iruzurrari dagokionez zatirik handiena, 279,5 milioi euro, BEZari lotuta dago eta arlo horretakoak izan dira foru ogasunaren aurka egindako eta fiskaltzari jakinarazitako hamar delituetatik zortzi. Beste 82,7 milioi atxikipenen eta konturako sarreren arlokoak dira; 59,2 milioi Sozietateen gaineko Zergakoak; 43,1 milioi PFEZari lotutakoak; 15,0 milioi eskualdaketetakoak eta beste zerga batzuetakoak; 7,2 milioi Ondarearen gaineko Zergakoak eta 1,4 milioi Ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergakoak.


Argazkiak


Bideoak