2019(e)ko otsailaren 18(a) 15:59

Bizkaiko udalerriek 50 milioi euro gehiago dituzte Udalkutxaren likidazioaren ostean

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Finantzen Lurralde Kontseiluko udal finantzaketarako funtsaren likidazioan 50,2 milioi euro ordaindu zaizkie udalei; 869,5 milioi eurora arte iritsiz, hots, aurrekontuan sartutakoa baino % 6,1 gehiago. Modu horretan, Bizkaiko 2018ko diru-bilketaren hazkundea udalerrien finantzaketa handiago batera hedatu da.

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2018ko ekitaldiko Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsa likidatu du eta 869,5 milioi eurora arte igo da; ekitaldi horretarako aurreikusitakoa (819,3 milioi) baino 50,2 milioi euro gehiago. Amaierako zifra horrek Finantzen Lurralde Kontseiluaren urriko bileran zehar egin ziren ekitaldiko aurreikuspenak ere hobetzen ditu. Bilera horretan, hasierako aurreikuspenetik 31 milioi euroko hazkundea aurreikusi zen.

Modu horretan, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Sailaren foru diputatuak nabarmendu du Bizkaiko 112 udalerriek 2019. urte honetan 50,2 milioi euroko estra bat izango dutela gastu eta inbertsioei aurre egiteko. Kopuru hori, ekitaldi honetarako dagoeneko aurreikusiak dauden 869,1 milioi euroei batuko zaie. Soberakin hori udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, langabezia-tasa, gela-kopurua edo biztanleen sakabanatzea. Udalek gastu eta inbertsioei aurre egiteko 2019an izango duten gaitasun handiago hori Bizkaian 2018. urtean zehar itundutako zergen bidez egindako diru-bilketaren datu onen ondorioa da. Datu horiek Finantzen Euskal Kontseiluaren azkenengo bileran egiaztatu ziren.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost Bizkaiko Foru Aldunditik datoz: Ibone Bengoetxea, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Kontseiluko burua; José María Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzen diputatua; Isabel Sánchez Robles, Gizarte Ekintzako diputatua; Elena Unzueta, bozeramailea eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua; eta José Rubí, Ogasun eta Finantza Saileko zuzendari nagusi teknikoa. Horietaz gain, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) ordezkaritzan parte hartuko duten kideak ere batuko dira: Álvaro Parro Balmasedako alkatea, Marta Ajuria Bilboko zinegotzia, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea, Borja Liaño Muskizko alkatea eta Mikel Torres Portugaleteko alkatea.


Argazkiak


Bideoak


Audioak