2019(e)ko otsailaren 14(a) 13:09

Talderako LEP gainditu zuten desgaitasun intelektualdun bost pertsonak Aldundian hasi dira lanean

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bost funtzionario berriek gaur hartzen dituzte jabetzan lehenengoz hautespen-prozesu berariazkoaren eta berritzailearen ostean euskal erakunde batek desgaitasun intelektuala duten pertsonen taldearentzat ireki dituen plazak. Foru erakundera sartzen dira, LEP gainditu ondoren, menpeko pertsonal moduan. Foru bulego desberdinetan lanpostuko erabateko inklusioa bideratzeko hautespen-prozesu osoan ere lagundu duten Hirugarren Gizarte Sektoreko antolakuntzetako profesionalen laguntza indibidualizatua jasoko dute.

Ibone Bengoetxea funtzionario berriekin

Talderako eratu zen berariazko LEP gainditu zuten desgaitasun intelektualdun bost pertsonak ostegun honetan hasten dira lanean Bizkaiko Foru Aldundiaren egituran. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko diputatuak, Ibone Bengoetxeak, ongi etorria eman die Foru Jauregian aurkeztu ziren lan eskaintza publikoa gainditu ondoren euren funtzionario plazen jabetza hartu duten egunean. Gaurtik aurrera beteko dituzten lanpostuak hautespen-prozesu berariazkoaren eta berritzailearen ostean euskal erakunde batek desgaitasun intelektuala duten pertsonen taldearentzat ireki dituen lehenengoak dira. Zehatzago esanda, menpeko langileen lanak egingo dituzte foru bulego batzuetan.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko diputatuak azpimarratu du egun hau oso garrantzitsua dela ez bakarrik bost foru funtzionario berrientzat, baizik eta Bizkaiko Foru Aldundiarentzat berarentzat, Aldundia bezalako erakunde baten lan-munduan horien erabateko inkluzioa lortzeko urrats eragingarria delako. Eta hori lortzeko ahaleginak eta bi egin ditugu prozesua hasi zenetik gau egunera arte. Baldintza berdintasunean irits daitezen. Aukera berdintasunean.

Ibone Bengoetxeak azaldu du, halaber, guztiok zaretela, 100eko 100ean, gaitasundunak. Sarritan, inguruabarrek sortzen dituzte desgaitasunak. Horregaitik, moldatu egin ditugu, eta horri esker orain arte oposizioetan lehiatzeko aukerarik ez zuten pertsona batzuek berme guztiekin lehiatzeko eskubidea eduki dute. Eta behar diren gauza guztiak moldatuko ditugu erabat laneratzeko bide osoa egin dezaten. Horrela aurrera egingo dugu Bizkaia inklusiboa izateko prozesuan.

Bost pertsona funtzionario hauek burutuko duten lanpostuaren funtzio nagusia jendeari arreta eskaintzea eta bulegoetan lan egitea da; ataza horien barruan sartzen dira, besteak beste, dokumentazioa eta espedienteak jasotzea eta banatzea, kutxak eta bulegoko materiala lekualdatzea, eraikinen eta lokalen egoera zaintzea, eta baita instalazioen eta makineriaren funtzionamendua eta bulegoko oinarrizko lanak ere, adibidez eta beste askoren artean, inprimaketak, eskaneoak eta koadernatzeak.

Pertsona horien lanpostuarekiko integrazioa era egokian burutu dadin eta esleituta dituzten funtzioak era egokian bete ditzaten hirugarren sektoreko erakundeetako profesionalen laguntza edukiko dute; profesional horiek, kasu guztietan, Laguntzadun Enplegua metodologiaren barruko jarraipen pertsonalizatua eta indibidualizatua egingo dute.

Halaber, eta aldez aurretik, laneko laguntza horren ardura izango duten profesionalek sentsibilizazio eta prestakuntza lanak egin dituzte Foru Aldundiko pertsonalarekin desgaitasundun pertsonen laneratzea erraztearen ondoreetarako.

Bizkaiko Foru Aldundiak % 33ko edo hortik gorako gradu aintzatetsidun desgaitasun intelektualdun pertsonentzat zen menpeko zerbitzuak-lanpostuak kategoriako bost plaza estaltzeko berariazko oposizio bat deitu zuen 2017an. Oposizio horretan 216 hautagai inskribatu ziren, ad hoc prestatu zen berariazko hautespen-prozesua gainditu behar izan zutenak. Prozesu hori burutzeko Foru Erakundeak horrelako ezaugarriak izan zituen hautespen-prozesuari egokitutako materialak eta testu bereziak egin zituen. Prozesuan une oro pertsonen talde hauekin lan egiten duten hirugarren sektoreko antolakuntzen aholkularitza izan zuen. Erakunde horiek (APNABI-Autismo Bizkaia, Gaude, Fundación Síndrome de Down del País Vasco eta Lantegi Batuak) pertsona hauek lan berrietara egokitzeko laguntzen jarraitzen dute.

Bost funtzionario berri hauek lanpostuetara inkorporazioarekin amaitzen den prozesu honi esker Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera egiten du desgaitasun intelektuala duten pertsonen inkluzio errealean eta eragingarrian.


Argazkiak


Bideoak


Audioak