2019(e)ko otsailaren 12(a) 13:14

Red Bull Cliff Diving Bilbora itzuliko da munduko finalaren egoitza bezala eta emakumeen txapelketa eskainiko du lehengo aldiz

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Red Bull Cliff Diving 2019 munduko sailak berri ugarirekin iritsiko dira: hiru leku berri; dominadun olinpiko bat behin betiko jauzilarien artean; gizon eta emakumeen txapelketa denboraldiko hitzordu guztietan; eta Bilbo azken saileko egoitza izatea. 18 nazionalitatetako jauzilariak izango dira munduko ibilbideko zazpi geralekuetan, eta egungo txapeldunek, Gary Hunt (GBR) eta Rhiannan Iffland (AUS) jauzilariek, gogotik borrokatu beharko dute tituluari eusteko. Palawan uharteko El Nido (Filipinak), Dublin (Irlanda) eta Beirut (Libano) dira aurtengo ibilbideko geraleku berriak, Italia, Portugal eta Bosnia-Herzegovinako ohiko geralekuekin batera, eta denboraldiaren amaiera Bilboko Salbe Zubian izango da, irailean.

Rhiannan Iffland

Red Bull Cliff Diving ekitaldiaren munduko sailen hamaikagarren denboraldian, geraleku guztietan antolatuko dira gizonen zein emakumeen kategoriak, eta jauzi ikusgarriak egingo dituzte 85 kilometro/ordu baino arinago 27 metrotik eta 21 metrotik, hurrenez hurren. Kontzentrazioa, abilezia eta kontrol fisikoa izango dira haien babes bakarrak.

Ia-ia distantzia olinpikoa hirukoizten duten altueretatik, kareharriko paisaietan hasiko da txapelketa, dortoka eta ehunaka arrain-espezie eta koralen artean. Txapelketan,  itsaslabarretatik esmeralda koloreko uretara egingo dute salto Filipinetako El Nidon. Urruneko ur beroetatik etorri, eta hirian bertan murgilduko da txapelketa, bigarren txandan beste hiri berri batera joango baita jauzien elitea: Irlanda, non Dublingo Grand Canal Dockeko plataformetatik jauzi egingo duten lehenengoz.

Ekaina munduko sailen hilabetea da, eta orduan itzuliko dira atletak etxeak harkaitzetatik irteten diren lekura. 70.000 zale izango dituzte zain Polignano a Mare herrian, Italia hegoaldean. Handik São Miguel uharteko harkaitz zoragarrietara eramango dute txapelketa, Azoreak uharte portugaldarretara. Bertan, zortzigarren aldiz jarraian egingo dute jauzi zuzenean labar bolkanikoetatik.

Uztailean, Ekialde Ertaineko lurralde berrietara joango dira atletak. Hain zuzen ere, Beirut hiriko Raouché auzora (Libano). Herrialdeko hiririk handiena bada ere, jauzilariak Pigeon Rocks labarretatik abiaraziko dira, eta denboraldiaren bigarren zatiari emango diote hasiera. Hortik, azken-aurreko geralekura joango dira, Stari Most azpiko (Mostar zubi zaharra) Neretva ibaiaren ur hotzetara. Bosnia-Herzegovinan izango da hori, non altura handiko jauziak tradizio bilakatu ziren duela mende asko.

Final bat eta berri bat! Salbe zubiaren gaineko plataformak izango dira Bilbon antolatuko den denboraldi amaierako erorketa aske estetikoen irteera. Bertan, King Kahekili 2019 trofeoa banatuko zaie irabazleei. Emakumeek arte dotore hori Guggenheim Bilbao Museoaren alboan erakutsiko duten lehenengo aldia izango da.

Red Bull Cliff Diving munduko sailetan, 2019. urtea izango da maila altuenetako bat izango duen denboraldia: izan ere, iazkoaren ostean, mailak gora egin zuen eta beste aurpegi batzuk ikusi genituen podiumean. Gainera, atleten belaunaldi oso bat bildu zen. Nahiz eta Gary Hunt britainiarra (7 aldiz munduko txapelduna) izan faboritoa, Greg Louganis kirol-zuzendariak uste du edozer gerta daitekeela gizonen txapelketan. Jauzilari iraunkorrek etengabe hobetzen dute jokoa, eta jauzilari olinpikoak munduko FINA koparen bitartez sailkatzen dira. Jonathan Paredes, 2017. urteko txapelduna, gogor arituko da berriz ere britainiarrari koroa kentzeko.

Orlando Duque kolonbiarra 2009. urteko munduko sailetako txapelduna izan zen, eta munduko hainbat titulu eskuratu ditu.Wildcard gisa parte hartuko du 2018ko denboraldian izandako lesio guztien ostean. Gauza bera gertatu zaio Ginger Huber jauzilariari, eta Ameriketako Estatu Batuetako rookie den Eleanor Townsend Smart-i laga dio postua. Jessica Macaulayk, kategoria iraunkorra lortu duen lehenengo britainiarrak, erronka egingo dio Rhiannan Iffland australiarrari, txapelketaren historian emaitzarik onenak lortu dituen jauzilaria. Aurten Adriana Jiménez gailen daiteke. Mexikarra gozokiari pa eginda geratu zen 2018. urtean, eta ziur asko ahalegin handiagoa egingo du oraingoan Iffland jauzilariaren tituluen bolada ona eteteko.

Erorketa askeetan, hiru segundo baino ez dituzte izango jauzi estetiko eta gero eta konplexuagoak egiteko. Atletek fisikoki egingarria denaren mugak gurutzatu beharko dituzte. Hortaz, edozer gerta daiteke mundu osoko jauzilaririk onenak plataformara iristen direnean.

RED BULL CLIFF DIVING 2019 MUNDUKO SAILEN EGUTEGIA

  • Apirilaren 13a - El Nido, Palawan, Filipinak (geraleku berria)
  • Maiatzaren 12a - Dublin, Irlanda (geraleku berria)
  • Ekainaren 2a - Polignano a Mare, Italia
  • Ekainaren 22a - São Miguel, Azoreak ,Portugal
  • Uztailaren 14a - Beirut, Libano (geraleku berria)
  • Abuztuaren 24a - Mostar, Bosnia-Herzegovina
  • Irailaren 14a - Bilbo (munduko finala) 

Argazkiak