2019(e)ko otsailaren 12(a) 12:48

Grabaketen industriak, 2018. Urtean, 13 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Bilbon eta Bizkaian

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

2018. urtean, guztira, ikus-entzunezko 201 ekoizpeni eman zitzaien arreta. Horietatik 128 grabaketa bihurtu ziren, eta, hortaz, guztira 508 egunetan ibili ziren Bilboko eta Bizkaiko agertokietan filmatzen Koldo Serra, Mikel Rueda eta Galder Gaztelu euskal zuzendariek beren azken filmak oso-osorik grabatu zituzten Bilbon eta Bizkaian. Ospe handiko Alejandro Amenábar, Koldo Sojo, Miguel Ángel Jiménez eta Daniel Calpasoro zinemagileek ere hiria eta lurraldea aukeratu zituzten egindako azken lanen sekuentziak grabatzeko

BBFC

Iaz, 2018. urtean, Bilbok eta Bizkaiak indartu egin zuten ikus-entzunezko proiektuak garatzeko posizionamendua. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2015. urtean sortu zuten Bilbao Bizkaia Film Commision. Doako zerbitzu publiko bat da, eta grabaketak erakartzea, kudeatzea eta laguntza ematea du xede. Bilboko eta Bizkaiko agertokietan grabatu diren ikus-entzunezko proiektuen kopuruari dagokionez, hazkundea izan du lau urtez jarraian.

Iaz, 2018. urtean, ikus-entzunezko 201 ekoizpeni eman zitzaien laguntza, eta horietatik 128 proiektu zehaztu ziren. Grabaketa horiek, halaber, ekoizpen-kostuei lotutako 13.012.965 euroko eragin ekonomiko zuzena sortu zuten, bai eta 22.122.041 euroko eragin ekonomiko induzitua ere. Enpleguari begira, sektore ekonomikoak euskal profesionalen 2.629 esku-hartze behar izan zituen, hau da, guztira, lanaldi osoko 169 enplegu urtekotuta.

Datu positibo horiek kulturaren alorrean eragile berri gisa dugun posizionamendua indartzen dute; izan ere, egitekoa ikusgai egon da urtarrilaren 19an Bilbon antolatu zen Feroz sarien galan, Goya sarien aurreko hitzordurik garrantzitsuena dena.

Urte ona izan da Bilbo eta Bizkaiarentzat

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren jarduera-balantzearen lehenengo balorazio gisa, esan dezakegu 2018. urtea oso positiboa izan dela, ez bakarrik eragin ekonomikoagatik, jasotako eskaerengatik eta gauzatutako grabaketengatik, baina baita lortutako pozisionamenduaren garrantziagatik ere.

2018. urtean, zerbitzu publikoaren jarduerak gora egin zuen aurreko urtearekin alderatuta. Hain zuzen, ikus-entzunezko 201 ekoizpeni eman zitzaien arreta, eta 2017. urtean, berriz, 182 izan ziren. Era berean, 2018. urtean 128 ekoizpen grabatu ziren; aurreko urtean, ostera, 117 izan ziren.

Bestalde, Bilbon eta Bizkaian grabatutako fikziozko film luzeen kopurua ere bikoiztu egin zen: 2017. urtean grabatutako 4 lanetatik 2018. urteko 8 lanetara. Guztira, hirian eta lurraldean 508 grabaketa-egun izan genituen.

2018. urtea zenbakietan

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuak, 201 proiekturi eman zien laguntza iaz. Horietatik 65 Euskadikoak ziren, 78 estatukoak eta 58 mundu osokoak. Mota honetako ekoizpenak egin ziren: 74 publizitate-iragarki, 25 bideoklip, 22 film luze, 22 dokumental, 18 telebista-programa, 15 film labur, 12 argazki-saio, 7 websail, 4 telesail eta 2 ekitaldi.

Gero, 128 grabaketa egin ziren guztira, eta horietatik 51 euskal proiektuak ziren, 49 estatukoak eta 28 nazioartekoak. Grabaketek emaitza hauek ekarri zituzten: 42 publizitate-iragarki, 16 bideoklip, 16 telebista-programa, 15 dokumental, 13 film labur, 10 argazki-saio, 8 film luze, 5 websail, 2 telesail eta ekitaldi 1.

Arreta jaso duten ikus-entzunezko ekoizpenak: 201*

Euskadi 78  Estatua: 65 Nazioartea: 58

  • Publizitate-iragarkiak: 74
  • Telebista-programak: 18
  • Film luzeak: 22
  • Film laburrak: 15
  • Bideoklipak: 25
  • Dokumentalak: 22
  • Ekitaldiak: 2
  • Websailak: 7
  • Argazki-saioak: 12
  • Telesailak: 3

Grabatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 128*

Euskadi: 51 Estatua: 49 Nazioartea: 28

  • Publizitate-iragarkiak: 42
  • Telebista-programak: 16
  • Film laburrak: 13
  • Bideoklipak: 16
  • Dokumentalak: 15
  • Film luzeak: 8
  • Ekitaldiak: 1
  • Websailak: 5
  • Argazki-saioak: 10
  • Telesailak: 2

Hazkundea lau urtez jarraian

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2015. urtean Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzua sustatu zutenetik, % 231n handitu da hirian eta lurraldean jaso ditugun ikus-entzunezko ekoizpenen kopurua. Bilbon eta Bizkaian grabatutako proiektuen kopurua ere % 290 hazi da.

Ikus-entzunezko ekoizpenen kopuruari dagokionez, 2015. urtean 87 proiekturi eman zitzaien arretan. 2016. urtean kopurua ia bikoiztu egin zen, 161 izan baitziren. 2017. urtean 182 ekimen egon ziren, eta 2018. urtean 201 proiektu.

Bilakaera hori azkenean zehaztu ziren ikus-entzunezko proiektuen kopuruan ere islatzen da. 2015. urtean 44 izan ziren, baina 2016. urtean kopurua ia hirukoiztu egin zen. Urte horretan 125 proiektu grabatu ziren. Azken urtean 128 izan dira.

Zinemako agertokiak

Koldo Serra, Mikel Rueda eta Galder Gaztelu euskal zuzendariek beren azken filmak oso-osorik grabatu zituzten Bilbon eta Bizkaian. Ospe handiko Alejandro Amenábar, Koldo Sojo, Miguel Ángel Jiménez eta Daniel Calpasoro zinemagileek ere hiria eta lurraldea aukeratu zituzten egindako azken lanen sekuentziak grabatzeko

Koldo Serra zuzendari bilbotarrak azken filma, 70 Binladens, oso-osorik grabatu zuen Bilbon eta Bizkaian, Bilbo, Getxo eta Alonsotegiko hainbat agertokitan, hain zuzen ere. Ekoizpena martxoaren 8an estreinatuko da, eta aurrestrenaldia bezperan egingo da Bilbon.

Bestalde, Galder Gaztelu zinemagile bilbotarrak ere hirian grabatu zuen El hoyo izeneko azken lana, Zorrotza lurmuturrean, Iralan eta Miribilan. Mikel Ruedaren azken lana ere, El doble más quince, Zorrotzako lurmuturreko, Zorrotzaurreko, Bilbo Zaharreko, Artxandako, Europa parkeko eta Basurtuko ospitaleko agertokietan grabatu zen. Besteak beste, Maribel Verdú eta German Alcarazu ibili ziren interpretazio-lanetan.

Horrez gain, film hauek ere Bilboko eta Bizkaiko agertokietan filmatu ziren: Alejandro Amenábarek zuzendutako Mientras dure la guerra, Bilbo eta Bizkaiko agertokietan eta euskal aktoreekin, Karra Elejalde, esaterako; Miguel Ángel Jimenezek zuzendutako Sumendia, Bilbo, Portugalete eta Getxoko agertokietan; Daniel Calparsororen El silencio de la ciudad blanca; eta Kepa Sojoren La pequeña Suiza.

2018. urtean, halaber, lan hauek aurkeztu eta estreinatu ziren Bilbon: Ola de crímenes, La víctima número 8, Presunto culpable eta El árbol de la sangre.

Bilbao-Bizkaian grabatutako telesailak

Telesailak dira jarraitzaile gehien dituen ikus-entzunezko produktuetako bat, eta sektore horrentzat ere hiria eta lurraldea egokia da grabaketak egiteko. Iaz, bi sail grabatu ziren oso-osorik Bilbon eta Bizkaian. Alde batetik, Antena 3ek ekoitzitako Presunto culpable dago, kanpoko grabaketa guztiak Bilbon eta Bizkaian egin baitziren. Beste alde batetik. ETBk eta Telemadridek elkarrekin ekoitzitako La víctima número 8 daukagu, Bilboko Alde Zaharrean, Zorrotzaurren, Getxon, Galdakao eta Madrilen grabatu zena.

Publizitate-iragarkiak eta bideoklipak

Mundu osoan arrakasta duten merkataritza-marka handiek ere Bilbao-Bizkaiaren aldeko apustua egin dute iragarkiak grabatzeko. Horri esker, hiriaren eta lurraldearen irudiak nazioartean proiektatuko dira, eta aurkezpen-gutun paregabea izango da mundu osoko ikus-entzunezko ekoiztetxeentzat. Aurreko ekitaldian, BMW, MERCEDES eta SEAT automobil-markek ibilgailu berrien iragarkiak grabatu zituzten, eta beste marka batzuek ere hala egin zuten: APPLE, CARBONELL, HBO, SWACTH, SAN MIGUEL, FRENADOL, HP, VOLOTEA, EROSKI eta VUELING, besteak beste.

Musika-bideoklipen atalari dagokionez, nabarmendu behar da La Oreja de Van Gogh taldearen "Estoy contigo" bideoa Zorrotzaurren grabatu zela, eta Youtuben hiru milioi bisita baino gehiago izan dituela. Shinova-ren lana ere Etxebarriako Munibe Jauregian grabatu zen, eta Youtuben 115.000 bisita izan ditu hiru hilabetean.

Webgunea, erakartzeko eta kokatzeko tresna

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren webgunea grabaketak erakartzeko eta euskal merkatuan, estatukoan eta nazioartean kokatzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat izaten ari da. Profesionalei zuzenduta dago, eta iaz 6.800 saio baino gehiagotan erabili zuten 4.700 erabiltzailek. Bisita bakoitzak, batez beste, sei minutu eta berrogei segundo iraun zuen. 1.500 saio baino gehiagotan ingelesezko bertsioa erabili zuten; hortaz, ondoriozta dezakegu mundu osoko profesionalek izan dutela sareko zerbitzuak kontsultatzeko interesa.

Bilbao Bizkaia Film Commission, zerbitzu publiko bat

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzu publiko bat da, eta proiektuak bultzatzeko asmoz Bilbao-Bizkaiako agertokiak aukeratzen dituzten ikus-entzunezko ekoizpen guztien lanak erraztea eta arintzea du xede.

Lau urtez jarraian, zerbitzu publikoarekin harremanetan egon ziren ekoiztetxeek modu oso positiboan baloratu dute Bilbon eta Bizkaian grabatzean izandako esperientzia. Ekoiztetxeen % 78k Bilbao Bizkaia Film Commission-ek, estatuko beste Film Commission batzuekin alderatuta, eskainitako zerbitzuaren posizionamendu hobea baloratu du, bai eta eragile publiko eta pribatuek bertan egindako koordinazio-lan ona eta proiektuetara egokitzeko gaitasuna ere.

Bilbao Bizkaia Film Commission 2015. urtean sortu zen, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta. Zerbitzuaren xedea da laguntza egonkor eta pertsonalizatua eskaintzea esparru guzti hauetan: ekoizpen-faseak, lokalizazioa, zerbitzu profesionalak, administrazio-kudeaketak, ekoizpen-espazioak, ostatuak eta logistika, bai eta erakundeen laguntza eta konfiantza, segurtasun juridikoa eta zerga-pizgarriak.

Bilbao Bizkaia Film Commission-en lankidetza publiko-pribatuari esker gauza daiteke; izan ere, bitartekari-lanak egiten ditu ekoiztetxeen eta eragile pribatu zein erakunde publikoen artean. Lankidetza ezinbestekoa da aurrera egiteko Bilbao-Bizkaian grabaketen industria sortzeko prozesuan.

Jardunean egon den lau urteetan, Bilbao Bizkaia Film Commission erreferentziazko solaskide bihurtu da ikus-entzunezko euskal sektoreentzat eta estatuko zein nazioarteko sektoreentzat. Eragile publiko eta pribatuekin bitartekari-lanak egin ditu Bilbao-Bizkaian grabaketen industria egia bilakatu ahal izateko.

Bilbao-Bizkaia European Film Commission Network sareko kide da 2017. urtetik. Guztira, 90 film commission biltzen dira bertan, eta Europako Batzordearen laguntza dauka. Gainera, Association of Film Commissioners International (AFCI) elkarteko kidea da.


Argazkiak