2019(e)ko otsailaren 12(a) 18:00

Bi enplegu-anezka berriek beren jarduerari ekingo diote datorren astean

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Programak, beraz, 23 deialdi egingo ditu legegintzaldiaren hasieran Bizkaira iritsi zenetik. Gaur egun aktibo dauden lau anezketako parte-hartzaileek Networking jardunaldi batean eta Víctor Küppersen hitzaldi batean hartuko dute parte.

Anezkak.

Anezka-Enplegu eta ekintzailetza solidarioko bi anezka berriak, Bilbon eta ezkerraldean egingo direnak, beren jarduera abiaraziko dute datorren astean, berrogei parte-hartzaileak hautatzeko fasea amaitu eta gero.

Enplegua eta ekintzailetza indartzeko programa horrek, beraz, oraingo foru legegintzaldian zehar 23 deialdi egingo ditu, orain dela hiru urte baino gehiago Bizkaira iritsi zenetik.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak gaur azaldu duenaren arabera, bi edizio berri horiek amaitzen direnean, legegintzaldi honetan zehar 475 pertsona pasatuak egongo dira programatik, lan-merkatuan sartzeko % 62 baino gehiagoko indizeekin. Anezketako 290 parte-hartzaile baino gehiagok aurkitu dute enplegua Bizkaian, gaineratu du.

Sailera eta DEMA Enplegurako eta Ekintzailetzarako Foru Agentziara iritsi ginenera arte, Bizkaian ez zegoen horrelako programarik. Hogei bat anezka iragarri ditugu legegintzaldi honetara eta, guztira, 23 izango dira, azpimarratu du.

Diputatuak datu horiek eskaini ditu Networkingera bideratutako topaketa batean. Topaketa hori enpresa-munduko ordezkariekin eta gaur egun aktibo dauden lau enplegu-anezketako parte-hartzaileekin egin da. Topaketa osatzeko, Víctor Küppersek hitzaldia eman du eta azken urteotan zehar anezka horietan parte hartu duten guztientzako irekia egon da.

GAITASUNAK

Enplegu Anezkak programak langabezian direnen gaitasun pertsonalak eta enplegagarritasuna hobetu nahi ditu, baita laneratze prozesuan lagundu ere. Hainbat hilabetez taldean lan egingo dute, taldeko kide guztien ahaleginak batuta, lanpostu bat aurkitzeko dituzten aukerak areagotzeko asmoz.

Enplegu anezka bat langabeen, boluntarioen, pertsona aktiboen, eta gizartean ikusgarriak diren pertsonen talde heterogeneo bat da, eta antolatu egiten dira koordinatzaile baten laguntzarekin, enplegua bilatzeko, bai besteren kontura bai norbere kontura; izan ere, taldekide guztiek lan merkatuan sartzeko bide eta modu desberdinak aztertzen dituzte.

Nola funtzionatzen du Anezkak?

  • Gehienez 20 pertsonak osaturiko taldeak elkarrekin lan egiten du hura osatzen duten kide guztientzat lana aurkitzeko xedez.
  • Koordinatzaile batek laguntza eskainiko dio etengabe taldeari, eta banakako eta taldeko saio guztietan egongo da.
  • Anezkan parte hartzea borondatezkoa da, eta ez dago ordainik. Programak iraun bitartean, konpromiso maila handia eskatzen du parte hartzeari eta saioetara joateari dagokionez.
  • Anezkak bost hilabete irauten ditu zuzenean; denbora horretan, partaideek laneratzeko urratsak egingo dituzte, hainbat jarduerari esker.
  • Saioak astean hirutan izango dira, saio bakoitzeko bost orduko jardunaldietan, koordinatzailearekin eginiko borondatezko bestelako esku hartzeak eta ordutegi horretatik kanpo gauzaturiko beste jarduera batzuk gorabehera.

Zer jarduera biltzen ditu Enplegu Anezka programak?

  • Taldeko saioak non enplegagarritasuna hobetzeko hainbat proiektu, prestakuntza pilula, taldeko dinamika eta taldeko lan gauzatuko diren.
  • Koordinatzailearekin saio pertsonalizatuak egiteko aukera.
  • Zuzeneko harremanak enpresekin eta lantegiak giza baliabideetako arduradunekin.
  • Foroak, topaketak eta ekitaldiak antolatzea eta haietan parte hartzea.
  • Negozio ideia bat duten pertsonei zuzenduriko ekintzailetzako lantegiak eta ibilbide praktikoa.

Argazkiak