2019(e)ko otsailaren 06(a) 23:35

Rementeria: Gustatuko litzaiguke Bizkaia Dorrea ekintzailetzaren Guggenheim izatea. Gure berrasmatze ekonomikoaren ikono mundiala

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Ahaldun Nagusiak Biscay Startup Bay aurkeztu du Madrilen ehun bat inbertsio-funts, enpresa eta startupen aurrean. Biscay Startup Bay Lurraldearen ekintzailetzako estrategia da eta Bizkaia Dorreko Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroan gauzatuko da. Unai Rementeriak iragarri du dagoeneko proiektuarekin bat egin dutela Bizkaiko lau enpresa erakarlek eta Zentroa kudeatzeko lehiaketa publikoaren oinarriak prestatzen ari direla.

Biscay Startup Bay aurkeztu du Rementeria Madrilen

Enpresak, pertsonak eta inbertsoreak konektatuko dituen ekosistema bat. Beste ekosistema batzuekin konektatuko duena. Agian Europa hegoaldeko onena dena eta ondoen konektatua dagoena. Horrela laburbildu du Unai Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatu duen ekintzailetzako estrategia; proiektuari Biscay Startup Bay deritzo eta gaur Madrilen aurkeztu den Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroan gauzatuko da. Gustatuko litzaiguke Bizkaia Dorrea ekintzailetzaren Guggenheim izatea. Gure berrasmatze ekonomikoaren ikono mundiala. Gidatuko gaituen itsasargia. Bidea markatuko digun argia adierazi du Rementeriak Círculo de Bellas Artesen ehun bat inbertsio-funts, enpresa eta startupen aurrean.

Ahaldun Nagusiak zehaztu du proiektuaren oinarriak ezarrita daudela, besteak beste dagoeneko Bizkaiko enpresa erakarle batzuek eta ekintzailetzako nazioarteko erreferenteek proiektuarekin bat egin dutelako. Dagoeneko gurekin daude tokiko enpresa erakarle batzuk, aliantzak ditugu nazioarteko abangoardiako ekosistemekin eta laster prest edukiko ditugu kudeaketa nazioarteko kudeatzaile esperimentatu bati adjudikatzeko lehiaketa publikoaren oinarriak, iragarri du. Halaber, Rementeriak jakitera eman du martxoaren 4ko astean, Techstars azeleragailuarekin eta Bilboko udala eta Iberdrolarekin lankidetzan, Bizkaian startup eta pertsona ekintzaileentzako jardueren aste bat burutuko dela.

Ahaldun Nagusiak Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroak Lurraldeko enpresa-sareak eta bilbe ekonomikoak lehiakorra izaten jarrai dezan jorratuko duen rol garrantzitsua azaldu du, startupen lanei esker Bizkaiko enpresek gaur egungo merkatu globalak dituen erronkei aurre egiteko irtenbidea lor dezaketelako. Ildo horretatik enpresen inplikazioa eskertu du eta eurentzat sortuko diren aukera berriak azpimarratu ditu: Zuek ere zeuon etorkizunaren atal bat ekosistema horren eskuetan jarri duzue. Talentu horren eskuetan. Beste ekosistema batzuekiko konexioan. Globalak zaretelako eta berritu behar duzuelako. Eta laguntzeko, berritzaileak behar dituzue. Eta berritzaileek erronkak behar dituzte, lagundu egin behar dute. Laguntzaren kate honek funtzionatu egin behar du. Gaurko enpresen laguntzarekin egingo dute aurrera biharko enpresek, bermatu du Rementeriak.

Proiektu honekin, Biscay Startup Bay-rekin, ekintzaileak baino zerbait gehiago daukagu buruan. Enpresak baino zerbait gehiago. Buruan geure gizartearen etorkizuna daukagu. Bizkaiaren etorkizuna. Proiektu honekin jarduera ekonomikoa, enplegua eta bitarteko publikoak sortzeko derrigorrezko erreminta bat eraikitzen dugu. Sistema mantentzeko eta Bizkaiko pertsonen bizi-kalitatea mantentzeko erreminta bat. Ekosistema honekin oraina jorratzen dugu baina, batez ere, geroa eskaintzen diogu Bizkaia osoari, azaldu du Ahaldun Nagusiak.

Ekitaldian ekintzailetzaren arloan Bizkaiaren nazioarteko bazkideak diren batzuk egon dira, adibidez SOSA azeleragailua, CIC Venture Café eta South Summit; halaber, ekintzaile bizkaitarrak eta euren enpresa-proiektua Bizkaian garatzeko gure Lurraldera etorri diren startupak egon dira. Aldi berean, topaketaren protagonistetatiko bat Bizkaia Dorrea izan da, hala jardunaldirako jarri den dekorazioan nola Ahaldun Nagusiaren hitzetan, eta oso argi geratu da eraikin bat baino zerbait gehiago dela: Dorre hori ikono bat da Bizkaiarentzat. Dorre hori Bizkaiaren finantza-indarraren sinboloa izan zen. Industria handiaren, banku handien, botere-zentro handien garaia. Lehengo BBVA dorrea horixe zen: ospearen isla. Baina krisiak industria handiaren eta banku handien amaiera ekarri zuen. Eta, aldi berean, botere-zentrorik gabe geratu ginen. Eta Dorrea itzali egin zen. Itsasargia itzali egin zen. Asko sufritu genuen, baina geure buruak berrasmatzeko gauza izan ginen. Eta Dorrea, gaur egun Bizkaia Dorrea bihurtu dena, berriz ere pizteak itzuli egin garela sinbolizatzen du. Itsasargiak, berriz ere, argi distiratsua du eta bidea adierazten digu. Eta Dorre hau datozen hamarkadetan gure jarduera ekonomikoaren pizgarria izatea gurako nuke.

Ekintzailetzako estrategiaren aurkezpena Bizkaiko Foru Aldundiak Madrilen antolatu duen bigarren Bizkaia Egunaren lehen ekintza izan da. Gaur arratsaldean bertan Madrilen bizi diren bizkaitarrentzako ekitaldi soziala egingo da.


Bideoak


Audioak