2019(e)ko urtarrilaren 29(a) 10:00

Bizkaiko Ogasunak ostegun honetan ordainduko ditu amatasun eta aitatasunen itzulketen beste 6,6 milioi

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bigarren ordainketa honetan, 8.617 zergadunek irailaren 14tik aurrera eskatutako itzulketak ordainduko dira. Horrela, itzulketen onuradunak 31.000 bizkaitar baino gehiago izango dira jada; guztira, 39,4 milioi euro banatu dira.

Foru Ogasunak ostegun honetan (urtarrilak 31) 6,6 milioi euro ordainduko dizkie 8.617 zergaduni, hau da, 2014tik 2017ra bitartean amatasun eta aitatasun sariengatik tributatutakoaren itzulketari dagokiona. itzulketa horien onuradunek beren bankuko kontuan jasoko dute bakoitzari dagokion zenbatekoa. Oraintsu bidali die Foru Ogasunak onuradunei jakinarazpena, zenbat itzuliko zaien adierazteko; hain zuzen ere, amatasun- eta aitatasun-bajan Gizarte Segurantzak ordaintzen duen saria jaso zuten ekitaldietako PFEZaren aitorpena zuzentzearen ondorioz dagokiena.

Amatasun eta aitatasun sariengatik tributatutakoaren itzulketari dagokion bigarren ordainketa honekin, Foru Ogasunak 39,4 milioi euro itzuliko dizkie, guztira, 31.450 zergadunei. Gainera, gogorarazten du edozein unetan eskatu daitekeela itzulketa egiteko, betiere ez bada preskribatu kasuan kasuko PFEZaren likidazioa. Horretarako, interesdunek eskabidea aurkeztu behar dute, halako kasuetarako prestatu den eredu berezia beteta. Eredu hori Ogasunaren web-orrian aurki daiteke, bai eta Foru Aldundiak Bizkaiko zenbait herritan jendeari laguntzeko jarri dituen 17 bulegoetan ere.

Eskabidea aurkeztu ondoren, Ogasunean berriro egingo da saria jaso zen ekitaldiari dagokion errenta-aitorpena, eta diru-sarrera hori salbuetsitako errentatzat hartuko da.  Kalkulua egin ondoren, interesdunari emaitza jakinaraziko zaio, eta diferentzia bankuko kontuan ordaindu.

Bizkaiko Foru Ogasunak prozesu honetan 45 milioi euro inguru itzuliko dituela jotzen du. Izan ere, 2014 eta 2017 bitartean, Bizkaian 49.640 lagunek 60.263 amatasun- edo aitatasun-sari jaso zituzten; guztira, 229,8 milioi euro. Eta, kopuru horren gainean, 21,7 milioiko atxikipena egin zen.