2019(e)ko urtarrilaren 27(a) 10:00

Aldundiak milioi bat euro jarriko ditu udal eta mankomunitateetako energia-eraginkortasunaren arloko jarduketak finantzatzeko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Otsailaren 28ra arte eska daitezke norgehiagoka araubidean xede hauetarako emango diren diru-laguntza horiek: argiteria publikoaren kontsumoaren murrizketari eta monitorizazio iraunkorrari loturiko ekimenak eta beren instalazioetan energiaren kontsumoa eta erregaia murriztea lortzen duten eraikin publikoetan egindako jarduketak.

Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro erabiliko ditu aurten gure lurraldeko udal eta mankomunitateek garatzen dituzten energiaren eraginkortasuna hobetzeko eta gai horren inguruko plan edo proiektuetan beren beregi jasotzen diren jarduketak finantzatzeko.

Zehazki, honako hauek izango dira laguntza hauen xedeko jarduketak: energia elektrikoaren kontsumoa murriztea eta A motako energia-kalifikazioa lortzen duten kanpoko argiteria publikoan egindako jarduketak; kanpoko argiteria publikoan kontsumo-datuak automatikoki jaso, datu horiek ebaluatu eta ondoren sistema hobetzeko egokitzapen-kudeaketa ahalbidetzen duten kontsumo energetikoen urrutiko monitorizazio-sistema iraunkorren instalazioa; eta energia elektrikoa edo erregaiaren kontsumoa murriztea lortzen duten eraikin publikoetan jarduketak (klimatizazioko edo/eta ur bero sanitarioko instalazioak, kogenerazio/trigenerazioko instalazioak, kanpoko argiteriaren instalazioak, energiaren monitorizazio-sistemak eta baliabide berriztagarrien aprobetxamenduko instalazioak).

Laguntzak norgehiagoka araubidean emango dira eta otsailaren 28ra arte eskatu ahal izango dira foru erregistroetan edo Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.