2019(e)ko urtarrilaren 24(a) 10:00

Bizkaiak 1,5 milioi euro erabiliko ditu desgaitasuna duten pertsonak eta adinekoak ahalduntzeko, elkarte-sarearen bitartez

Gizarte Ekintzako Saila

Martxan jarri dira desgaitasuna duten pertsonei eta adinekoei laguntza emateko diru-laguntzen deialdiak. Arlo horietan lan egiten duten elkarte edo erakundeen bitartez emango zaie laguntza, haien autonomia eta zahartze aktiboa sustatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du diru-laguntzen bi lerro garrantzitsuren deialdi publikoa: batetik, desgaitasuna duten pertsonen gizarte inklusioa sustatzeko laguntzak, eta, bestetik, zahartze aktiboa sustatzekoak. Kasu bietan, pertsona horiek eta/edo beren senideek eratutako erakunde eta elkarteen bidez bideratuko dira laguntzak. Diru-laguntzen bi lerro hauen zenbatekoa, guztira, 1.480.000 euro da.

Desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko eta pertsona horiek gizarteratzeko 2019rako diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago jada, eta otsailaren 13an amaituko da. Desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien elkarte-ehuna izango da diru-laguntza hauen onuradun, eta Bizkaiko Lurralde Historikoak izan behar du haien jarduketa-eremua. Deialdi horren bidez, 1.024.000 euro emango dira, eta desgaitasuna duten pertsonak ahalduntzea da deialdiaren helburua. Gizarte Ekintzako Foru Sailak aurten desgaitasunaren eremura bideratuko duen zenbatekoaren barruan sartzen da deialdi hau. Kopuru hori, guztira, 71,9 milioi euro baino gehiagokoa da.

Diru-laguntza horien bidez, desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko eta gizarteratzeko ekintzak egingo dira, hauek erabilita:

  • Elkartegintzarako programa: entitateek jardute-programak burutzeko funtsezko egiturei eusteko egiten diren jardueretarako laguntza.
  • Aisia eta astialdia: desgaitasunen bat duten pertsonei aisialdiaz gozatzen laguntzeko.
  • Sentsibilizazioa eta zabalkundea: gizarteari desgaitasun-egoerek dakartzaten ondorio sozial, afektibo eta familiarrei buruzko informazioa emateko eta sentsibilizatzeko, pertsona horien normalizazioa lortzeko.
  • Esku-hartzea eta laguntza espezializatua: profesionalek zuzendutako ekintzak, desgaitasuna duten pertsonen garapena bakarka edo taldeka sustatzeko.
  • Tutoretza instituzionalizatua: diru-laguntza eskatzen duen entitatearen tutoretza judizialaren pean dauden pertsona desgaituei laguntzeko.
  • Kultur sustapena: desgaitasunen bat duten pertsonen giza eta kultur sustapenerako, arautu gabeko prestakuntza espezifikoaren bitartez.

Adineko pertsonen elkarteentzako diru-laguntzen deialdia

Halaber, urtarrilaren 25ean, Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoen elkarteak mantentzeko eta haien jarduerak egiteko ematen dituen diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea zabalduko da. Diru-laguntza hauetarako 2019ko aurrekontuko partida 456.000 € da. Epea apirilaren 9an amaituko da.

Aurreko ekitaldian, ia 180 elkartek jaso zuten diru-laguntza milatik gora jarduera edo programa egitea sustatzeko adinekoen ingurunean bertan. Zahartze aktiboa sustatzeko eta adinekoek beren ohiko ingurunean jarrai dezaten bideratutako ekimenak dira, elkarteen oinarri soziala osatzen dutenen artean pertsonen arteko harremanak erraztu eta sustatzeko helburua lortzen laguntzen dutenak, eta, hala, bakartzea eta bakardadea saihesten dira eta, aldi berean, osasuna erraztu, duintasuna eskaini eta zahartze aktiborako jarrera lortzen laguntzen duen aisialdi aktibo bat eskaintzen da, batez ere partaidetza sozial, aktibo eta solidarioaren bitartez.

Horretarako, hainbat programa mota egingo dira: programa okupazionalak (eskulanak egiteko tailerrak, prestakuntza-ikastaroak, mintegiak...), kultura-programak (liburutegietarako liburuak erostea, hitzaldiak, antzerkia eta abesbatza-emanaldiak), aisialdiko programak (txangoak edo txapelketak) eta kirol-programak zein osasuna sustatzeko programak (estimulazio eta mantentze fisikoa gimnasia- edo yoga-eskolen bidez). Era berean, gizarte-programak, gizarte-partaidetza sustatzeko programak, aukera-berdintasuna sustatzeko programak eta belaunaldien artekoak lagunduko dira.