2019(e)ko urtarrilaren 21(a) 09:48

Unai Rementeria: «Gaur, mugikortasun berriaren aldeko beste pauso bat eman dugu Supersur saihesbidearen bigarren fasearekin»

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Gaur, astelehena, Peñascaleko loturan hasi dituzte orain dagoen ibilbidea eta AP-68 errepidea Betelurin (Arrigorriaga) lotuko duen Supersur saihesbidearen 1b faseko lanak. Jarduketa egiteko, guztira, 178,9 milioi euroko inbertsioa egin da, eta aurreikuspenen arabera, 2023. urtetik aurrera erabili ahal izango da.

Supersurko bigarren fasea

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur goizen bisitatu du Supersur saihesbidearen 1b faseko obren hasiera; hain zuzen ere, lanen bitartez gaur egungo ibilbidea AP-68 autobidearekin lotuko da Arrigorriagan. Gaur beste pieza bat jarriko dugu Bizkaiko etorkizuneko mugikortasunaren puzzlean. Horrela, hobeto mugitzea lortuko dugu, seguruago eta modu jasangarriagoan. Aurreko astean aurrerapauso garrantzitsu bat eman genuen Galdakaoko eta metroaren arteko konexioa iragarri genuenean. Gaur, mugikortasun berri horren aldeko beste urrats bat egingo dugu Supersur saihesbidearen bigarren fasearekin, adierazi du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Peñascaleko loturan, lanak hasi berri dituzten lekuan.

Unai Rementeriak azaldu du Supersur saihesbidearen fase berria 2023. urtean jarri ahal izango dela martxan, eta orduan abiaraziko direla itsasadarraren azpiko tunela egiteko lanak. Bi jarduketak Bizkaia metropolitarraren auto-ilaren aurkako plan integral gisa diseinatu dira. Supersur saihesbidearen bigarren faseak benetan duen ahalmena emango dio gero eta erabiltzaile gehiago dituen bideari. Fasea amaitzen denean, A-8 eta aireportua AP-68 errepideari lotuta egongo dira, eta itsasadarraren azpiko tunelarekin martxan jarriko da Bizkaiko saihesbide handia. Saihesbidearen bitartez, lurraldeko zirkulazioa antolatuko da, auto-ilarak murriztuko dira eta zirkulazioa gure herrietatik kanpo aterako da. Espazio hori, halaber, bizikletek eta oinezkoek okupatuko dute pixkanaka-pixkanaka. Eta trenak ere bai, ardatz nagusi gisa. Horixe lortu nahi dugu, eta, hori erdiesteko, mota honetako obrak egin behar dira nahitaez, zehaztu du.Supersur saihesbidearen 1b fasea eraikitzeko, hiru zatitan banatu da. Guztira, 178,9 milioi euroko inbertsioa egin da (BEZ barne). Obrak hiru lotetan adjudikatu zaizkie hiru ABEEri.

9A tartea, Peñascal-Bolintxu

Astelehenean, hilak 21, hasi dira Peñascal eta Bolintxu arteko 9A tarteko lanak. Peñascaleko loturan hasiko dira, hau da, Larraskituko tunelen bitartez A-8ra bidean Supersur saihesbidea utziko duten ibilgailuei kanona kobratzeko eremuaren azpiko tunel faltsuaren barruan. Ia zati osoa Arnotegiko tunelen barruan dago.

Bolintxuko eremuan, eremuak duen ingurumen-garrantzi bereziak baldintzatuko ditu lanak. Hori dela eta, Bolintxuko irteerako ahorako, ainguratutako mikropiloteen hainbat pantaila jarri dira (aurrekoa eta alboetakoak) hondeatu behar den bolumena txikitzeko. Ingurumenari lotutako arrazoiak direla eta, bi fasetan hondeatuko da Bolintxuko ahoa.

Obraren hurrengo zatia Bolintxu eta Beteluri arteko 9B izango da. Bi azpitartetan banatuko da: Bolintxu-Beteluriko lotura eta Seberetxeko tunela.


Argazkiak


Audioak