2019(e)ko urtarrilaren 20(a) 10:30

Zerga-bilketa 2018ko itxieran Bizkaian 7.740 milioi eurora igo da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Ogasunak iazko ekitaldian 239,6 milioi euro gehiago bildu zituen 2017an baino, eta horrek %3,2ko igoera bat suposatzen du. Nabarmentzekoak dira BEZean eta Errenta- eta Sozietate-zergetan jazotako igoerak, enpleguan, kontsumoan eta jarduera ekonomikoan izan den hobekuntzaren adierazgarri dira eta.

Bizkaian, 2018an itundutako zergen ondorioz guztira bildutakoa 7.740,0 milioi euroraino igo da, 239,6 milioi gehiago aurreko ekitaldian lortutako kopurua baino. Horrela, ba, diru-bilketaren igoera, 2017koaren aldean, %3,2koa izan da. Era berean, 2018ko amaiera-bilketak 314,7 milioitan gainditzen du aurrekontuan aurreikusitakoa (7.425,3 milioi) eta 149,0 milioitan urriaren 11n azken Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan egindako itxiera-aurreikuspena (7.591,0 milioi).

Zuzeneko zergapetzea, non, besteak beste, sartzen baitira errenta- eta sozietate-zergak, 3.860,7 milioi euroraino iritsi da, eta, beraz, %9,9 igo da 2017koaren aldean. Zeharkako zergapetzeak, non sartzen baitira BEZa eta Zerga Bereziak, 3.071,4 milioi euro bildu ditu, eta horrek %6ko igoera bat egon dela esan nahi du.

Bilketa-datu horretan sartuta daude jada BEZa eta Zerga Bereziak direla-eta egin beharreko doikuntzak. Barne-doikuntzetan, Bizkaiak 1.96,8 milioi euro ordaindu dizkie Arabari (270,3 milioi) eta Gipuzkoari (826,5 milioi), zeinetatik 608,4 milioi BEZari dagozkion eta 488,4 milioi Zerga Bereziei.

Diru-bilketaren goranzko joera orokorra izan da zerga guztietan, baina nabarmentzekoa da PFEZaren %3,2ko igoera, enpleguaren hobekuntzak bultzatuta 2.762,0 milioi euro jo duena. PFEZaren bilketa osatzen duten ataletan, lan-atxikipenengatiko bilketa %4,0 igo da eta sarien gaineko karga berezia %196,7. Kontrako bidetik, diru-itzulketak %87,1 hazi dira, gehienbat joan den abenduan 32,5 milioi itzuli behar izan zirelako amatasun edo aitatasun prestazioak jaso zituzten pertsonei.

Sozietate Zergaren erreforma indarrean sartu den ekitaldian, zerga horregatik bildutakoa %40,1 handitu da eta 914,4 milioi euroraino iritsi (266,7 milioi gehiago). Handitze horren zati bat foru araudiaren menpeko enpresek lehen aldiz egin duten konturako ordainketak eragin du, 100,5 milioi euroraino igo baita.

Zeharkako zergetan, aipagarria da kudeaketa propioko BEZaren bilketaren igoera; izan ere, Araba eta Gipuzkoarekin egindako doikuntzak egin ondoren, %10,5 hazi da eta 2.653,6 milioi euro jo. Zerga Berezien artean, hazi dira Hidrokarburoak (%1,1), Tabako-Laboreak (%3,2) edo Elektrizitatea (%4,1), besteak beste.

Estatuarekin egin beharreko doikuntzetan, Bizkaiak 742,5 milioi euroko saldo garbia izan du, 894,5 milioi jaso baititu BEZagatik eta152 milioi ordaindu Zerga Bereziengatik.

Bizkaiko Foru Aldundiak kontu hauek aurkeztuko ditu hurrengo Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, non ekingo baitzaio 2016ko ekitaldiko zerga-bilketak ixteari, eta zehaztuko baitira foru diputazioek erakunde erkideei eman beharreko kopuruak eta Egokitzapenerako Funts Orokorraren banaketa.