2019(e)ko urtarrilaren 15(a) 10:42

Bizkaiak pizgarri fiskalak gehitu dizkie mezenasgoari eta irabazi asmorik gabeko erakundeei

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Aldundiak irabazi asmorik gabeko erakundeen araubide fiskala eta mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak eguneratu ditu, erakunde horien finantzazio pribatua sustatzeko eta kulturaren, euskararen, kirolaren, gazteriaren, ondarearen, gizarteratzearen, garapenaren aldeko lankidetzaren, berdintasunaren, kultur dibertsitatearen, hirugarren sektore sozialaren eta zahartzaroaren arloan jarduerak aurrera eramaten dituzten erakundeena ere bultzatzeko. 2017an Bizkaiko zergadunek helburu horietarako emandako 40,5 milioiek 8,6 milioi euroko kostu fiskala izan zuten ogasunarentzat.

Bizkaiko Foru Aldundiak Irabazi Asmorik Gabeko Erakundeen Araubide Fiskala eta Mezenasgoaren aldeko Pizgarri Fiskalak arautzen dituen Foru Arauaren proiektua onartu du. Batzar Nagusiei igorriko zaien proiektu honek 2004tik indarrean dagoen araua eguneratzen du, ekarkinak egiten dituzten pertsonei kenkari fiskalak gehituz, bai PFEZn bai sozietateen gaineko zergan, eta irabazi asmorik gabeko erakundeei aplikatzen zaizkien kenkariak handituz.

Ogasun eta finantza diputatuak, José María Iruarrizagak, gogorarazi du 1998tik Bizkaiko Foru Aldundiak gai fiskaletan duen arau gaitasuna erabili duela irabazi asmorik gabeko erakundeen mezenasgoa sustatzeko eta kultura, euskara, kirol, gazteria eta ondarearen arloan garatutako jarduerak babesteko. Era berean, azken ekitaldiotan arautegiari gehitu zaizkio gizarteratzearekin, garapenaren aldeko lankidetzarekin, berdintasunarekin eta kultur dibertsitatearekin zerikusia duten jarduerak. Gaur onetsitako arau proiektuak eremu horiek zabaldu ditu hirugarren sektore soziala eta zahartzaroa jasoz; izan ere, horiexek izan dira herritarrek aurreproiektua prestatzeko partaidetza publikoan proposatutako arloak.

Iruarrizagak zehaztu duen bezala, arauaren xedea da herritarren partaidetza sustatzea irabazi asmorik gabeko erakundeen finantzazioan edo lurraldearentzat lehentasunezkotzat jotzen diren jarduerenean. Erakunde mota horien aldeko mezenasgoa aldezten duen tratamendu fiskal baten bidez, Foru Aldundiak gure gizartean betetzen duten zeregin garrantzitsu eta ordeztezina aitortu nahi die; halaber, haien sustapena bultzatu nahi du, bizkaitarrek urterik urte egindako ekarkinak handituz.

Adibide gisa, 2017ko ekitaldian, Bizkaiko 148.181 pertsona fisikok irabazi asmorik gabeko erakundeen aldeko dohaintzak egin zituzten 40,5 milioi euroren truke, PFEZn 8,6 milioi euroko kenkariak eginez. Zenbatutako azken lau ekitaldietan (2014-2017) irabazi asmorik gabeko erakundeei egindako dohaintzen batuketa 155,5 milioi eurokoa izan da; horrek Bizkaiko Ogasunarentzat izandako kostu fiskala 32,4 milioi eurokoa izan da.

Erantsitako taulan adierazten den bezala, arau proiektuak gaur egungo mezenasgoaren aldeko pizgarriak handitzen ditu, lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren finantziazio pribatuaren sustapena azpimarratuz, pertsona fisiko nahiz juridikoen aldetik.

Pizgarri fiskalak berrikusi eta eguneratzeaz gain, foru arauaren proiektu honek irabazi asmorik gabeko erakundeentzako araubide fiskal bereziaren aplikazio eremua handitzen du, Europar Batasuneko edo Europar Espazio Ekonomikoko estatukide batean egoitza duten guztietara helduz. Gauzak horrela, Bizkaiko lurralde historikoko zergadunek profitatu ahalko dituzte mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak, Europako lurraldean egoitza duen irabazi asmorik gabeko edozein erakunderen aldeko ekarkinak egiten dituztenean; hori ez zen jasotzen orain arte indarrean izandako foru arauan.

Halaber, arau proiektu honek araubide berezi hau aplikatu nahi duten erakundeek bete beharreko baldintza berriak jasotzen ditu, besteak beste interesik gabeko kudeaketa eta kontabilitatearen eta kontuen berri emateko betebeharrak. Azkenik, zenbait baldintza betetzen ez direnean aplikatu beharreko zigor araubide berria ere ezartzen da, esate baterako memoria ekonomikoa ez aurkezteko betekizuna.