2019(e)ko urtarrilaren 11(a) 12:30

Aldundiak urtean 6.500 gertakari artatuko dituen larrialdiak kudeatzeko Bizkaia Prest zentro integrala jarri du martxan

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea - Ahaldun Nagusia

Unai Rementeria, ahaldun nagusia: “Zentro horri esker, gaurtik aurrera, Bizkaia hobea eta seguruagoa da”. Bizkaia Prest zentroak komunikazioaren arloko azkenengo berrikuntza teknologikoak ditu eta Uriosteko suhiltzaile-etxe nagusian kokatzen da; segurtasun, eraginkortasun eta irisgarritasunari dagokienez, baldintza onenak biltzen dituen tokia. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu estrategiko bat da eta bere helburua larrialdi egoeretan esku hartzen duten Foru Aldundiko sail eta zerbitzu guztien arteko koordinazio-puntu gisa baliagarria izatea da.

Bizkaia prest zentrua

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko larrialdiak kudeatzeko Bizkaia Prest zentro integrala jarri du martxan. Zentro berri honen helburua larrialdi-egoeretan esku hartzen duten foru sail eta zerbitzu guztientzako (besteak beste, Aldundiko suhiltzaileak, basozainak, errepideetako eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunez eta gain) koordinazio-puntu bakar gisa baliagarria izatea da.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak zentro berri honek Bizkaia seguruago egiten duela nabarmendu du. Bizkaia Prest zentrotik urtean larrialdiekin loturiko 6.500 gertakari artatzea aurreikusten da, hots, batez beste, 18 gertakari egunean. Gertakari horien % 80 suhiltzaileek artatutakoak izango dira, % 5 baso-zerbitzuena eta % 15 errepide-zerbitzuena. Eta era koordinatuago, eraginkorrago eta azkarragoan egingo dugu. Zentro horri esker, gaurtik aurrera, Bizkaia hobea eta seguruagoa da, azpimarratu du Unai Rementeriak. 

Bizkaia Prest zentroa larrialdien arloko foru mailako jakinarazpenen sarrera-puntu bakarra izango da eta erantzuna koordinatuko du; bertatik mobilizatuko dira, bestalde, Aldundiaren giza-baliabide eta baliabide material guztiak erantzun eraginkor bat emate aldera. Eguneko 24 ordutan emango du zerbitzua.

Hala, larrialdi-zentro berri honek, toki fisiko eta plataforma teknologiko berean eta modu integratuan, foru erakundeak dituen baliabide guztien inguruko denbora errealeko informazioa izango du, horrela, edozein larrialdiri eta bere mobilizaziorako aukerei aurre egiteko. Halaber, guardiako suhiltzaile-kopuruaren eta horien banaketaren, suhiltzaileen ibilgailu kopuruaren eta horien banaketaren, basozainen eta guardiako laguntza-taldeen eta abarren inguruko denbora errealeko informazioa ere izango du. Erabakiak, beraz, modu osoago eta berehalakoagoan hartuko dira eta, ondorioz, itxaronaldiak murriztu egingo dira eta baliabideen desplazamenduak modu eraginkorragoan gauzatuko dira.

Faseka martxan jartzea

Bizkaia Prest zentroaren martxan-jartzea progesiboa izango da eta hiru fasetan gauzatuko da:

  • Lehenengo fasea honako hau da: instalazioak eta beren ekipamendua martxan jartzea Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren integrazioarekin.
  • Bigarren fasean, Larrialdiak Kudeatzeko Operadoreak (gaur egun oposizio-fasean daudenak) txertatuko dira. Sortu berri diren 12 operadore-plazak dagoeneko sartuak daude 2018ko Enplegu Eskaintzan eta 2019. urte honetan deitu ziren. Fase honetan txertatuko dira, bestalde, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren menpekoak diren Baso Zerbitzuaren larrialdietarako jarduketak.
  • Hirugarren eta azken fasean Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren errepideen kontrol-zentroen informazio-sistemak eta larrialdiekin loturiko jarduketak gehituko dira.

Datu teknikoak eta kokapena

Bizkaia Prest zentroak 180 metro karratuko azalera du eta komunikazioen arloko azkenengo aurrerapen teknologikoak ditu. Ahotsa sartzeko eta datuen kanal propio independentea du; bai eta TETRA antenen sistema berritua ere, instalatu beharreko antenen kopurua gutxitzen duen igorgailuak batzeko ekipamendu berria ezarriz.

Zerbitzari informatikoetako aretoaz gain, honako gela nagusiak izango ditu:

  • Komunikazio zentroa; bertan sei operadore lanpostu daude, eta bertan koordinatuko da arreta. Era berean, erantzuna emango zaie larrialdiei hiru faseetan (jakinarazpena, jarraipena eta ixtea).
  • Aginte gela, zerbitzu bakoitzeko zaintzako arduradunentzat hiru leku izango dituena: suhiltzaileak, basozainak eta hirugarren bat foru Errepideen Zerbitzurako, hala badagokio.
  • Krisiak kudeatzeko mahaia, larrialdi egoerak koordinatzeko organo tekniko eta politiko gorena izango dena, analisirako eta erabakiak hartzeko.
  • Laguntza teknikoa emateko eta administrazio lana egiteko gelak, bi arlo horietako langileak batuko dituztenak.

Komunikazio zentroan zein krisiak kudeatzeko mahaian bi videowall eta 84 hazbeteko ukimen pantaila egongo dira, hurrenez hurren.

Bizkaiko Foru Aldundiaren azpiegitura hau martxan jartzeko 632.000 euro inbertitu dira zentroa eraikitzeko eta azpiegitura komunikazio-materialekin eta punta-puntako teknologiarekin egokitzeko (zati berdinetan ia-ia).

Uriosten kokatua

Larrialdiak kudeatzeko Bizkaia Prest zentro integrala Uriosteko suhitzaile-etxe nagusiaren administrazio-eraikinean kokatzen da. Kokapen hori aukeratzeko orduan, jada egina dagoena eraikina izanik, kontuan hartu dira besteak beste, segurtasun irizpideak, eraginkortasuna eta irisgarritasuna.

Bizkaia Prest Bilbo Metropolitarreko erdigunean dago, Nerbioi ibaiko eskuin aldeko eta ezker aldeko hiriguneetatik oso gertu, eta eremu horretan gertatzen dira hain zuzen ere Foru Aldundiko Larrialdi Zerbitzuetako esku-hartzeen % 63. Kokapen horren inguruetan daude 20.000 biztanletik gora dituzten 11 udalerrietako 7 (Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Erandio, Leioa eta Getxo), eta horietan ematen dira, hain zuzen ere, larrialdietako gertakarien % 40.

Garrantzi handiko larrialdia gertatzen bada, Bizkaia Prest zentroa joateko errepide independenteak erabili ahal izango dira, besteak beste, A-8 errepidea, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra eta N-634 errepidea, ibilgailu arin eta astunentzako direnak. Izan ere, Uriosteko suhiltzaile-etxeko azpiegitura diseinatu zenean, kontuan hartu zen kamioiak sartzeko egokia izatea.

Bestalde, heliportu bat kokatzeko eta ibilgailuak aparkatzeko nahikoa espazio dago, eta eremua segurua da, ez dago uholde arriskurik eta gertakari kimiko larrien eraginpeko eremutik kanpo dago. Altueran kokatuta dagoenez, telekomunikazioak errazagoak dira, eta ingurua urrutitik ikus daiteke.


Argazkiak


Bideoak


Audioak