2019(e)ko urtarrilaren 10(a) 12:09

Bilbok eta Bizkaiak ekintza plan bat ezarri dute datotzen zazpi urteetan turismoaren hazkunde jasangarria bermatzeko

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Ardatz Atlantikoan, azken lau urteetan, bisitari kopuruan hazkunderik nabarmenena izan duten lekuen artean finkatu da Bilbao-Bizkaia. Aldi horretan, % 20,1 hazi dira bisitarien sarrerak, eta ostatu-gauak, ordea, % 25,3. Gainera, batez besteko egonaldiak bi gau baino gehiagokoak izan dira. Horrela, ia 50.000 enplegu sortu dira turismoaren sektorean. 2025. urteari begira, honako hauek espero dira Bilbao-Bizkaian: urtean % 5eko hazkundea bisitarien sarrera-kopuruan; % 8ko gehikuntza estatuko turistek bertan egiten duten gastuan eta % 12 atzerritarrek egiten duten gastuan; eta lehenengo bidaia egin ostean berriz bisitatuko gaituzten turisten kopurua % 15 haztea urtean.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, azken urteetan bezala, turismo-leku gisa hazten jarraitzeko apustuaren alde egin dute berriz ere, baina sektorea modu jasangarrian garatuz. Horixe da Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua den Imanol Pradalesek gaur goizean Azkuna zentroan aurkeztu duten Bilbao-Bizkaia 2018-2025 Turismo Ekintza Planean jaso dena.

Ekintza Planean datozen zazpi urteetan gauzatuko diren 93 jaso dira, eta horren arabera, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartu dute turismo-sektorearen hazkunde kualitatiboa bultzatzeko, baina modu jarraituan eta ikuspuntu jasangarri batetik. Horretarako,  sei produktu-programa handi abiaraziko dira Bilbao-Bizkaia markaren izenean. Estrategikoak izango dira turismo-lekuan eta erakargarriak hiriaren zein lurraldearen turismo-sustapena egiterako orduan.

2018-2025 Turismo Ekintza Plana turismo-sektore pribatuarekin eta elkarteekin batera diseinatu da, eta bat dator Turismo Estrategia 2020rekin eta 2018-2025 Turismo Posizionamendurako Planarekin.

Bilbao-Bizkaia, lau urte inoiz ez bezalako hazkundearekin

Ardatz Atlantikoan Bilbao-Bizkaia izan da bisitarien kopuruan hazkunderik handiena izan duten lekuetako bat. Hain zuzen ere, azken lau urteetan, 2015-2018 aldian, % 20,1eko hazkundea izan da bisitarien sarreretan, ostatu-gauak % 25,3 hazi dira, eta batez besteko egonaldiak bi gauen langa gainditu du eta 2,16 gauera iritsi da Bizkaiko kostaldean eta 2,36ra lurraldearen barrualdera.

Turismo sektorea gailendu egin da, eta lurraldeko eta hiriburuko ekonomiaren motorretako bat da, bai zuzeneko eragin ekonomikoagatik, bai tokiko enpleguan eta beste sektore osagarri batzuetan duen efektu dinamizatzaileagatik. Jomugako gastua nazioarteko merkatuen igoerari esker hazi da azken lau urteetan; izan ere, azken urteetako bilakaerarik handiena izan dute merkatuek.  Azken urteetan egindako lanari esker, turismoak, gaur egun, 1.903 milioi euro ematen dizkie Bilbo eta Bizkaiari; hau da, % 5,03ko eragina du BPGd-ean eta 49.973 enplegu sortu ditu.

2018-2025 aldian turismoa garatzeko helburu zehatzak

Gaur goizean aurkeztu den Bilbao-Bizkaia 2018-2025 Turismo Ekintza Planean, datozen zazpi urteetan garatzeko 93 jarduketa  jaso dira. Horiek denak hiru helburu nagusiren inguruan gauzatuko dira:

  1. Etengabeko hazkundearen alde lan egitea Bilbao-Bizkaiak ostatu-gauen alorrean erronka handi bati egin beharko dio aurre datozen urteetan, eta horrek batez besteko egonaldia eta turismoak Bilbon eta Bizkaian duen banaketa hobetuko ditu. Hain zuzen ere, bisitarien kopurua urtean  % 5 haztea espero da 2025. urterako, hau da, 85.000 turista gehiago egongo dira urtean eta ostatu-gauek % 6 egingo dute gora urtean. Hori dela eta, 200.000 ostatu-gau gehiago egongo lirateke urtean.
  2. Hazkunde kualitatiboa lortzea Helburua erosketen eta turismo ekintzen bidez bisitariek bertan egingo duten gastua areagotzean datza. Horrela, espero da estatuko bisitarien gastua % 8 handitzea 2025. urterako, eta, aldi berean, atzerriko bisitariek egiten duten gastua urtean % 12 haztea.
  3. Hazkunde jasangarria bultzatzea Nazioarteko merkatuen eskaria indartu nahi da, bai eta errepikapen-tasa ere, ondo banatuta dagoen goi-denboralditik kanpoko fluxua sortzeko, bai urteko une ezberdinetan, bai Bilbao-Bizkaia barruko lekuetan. Testuinguru horretan, 2025. urterako estatuko bisitarien errepikapen-tasa % 30etik % 45era handitzea espero da, eta atzerriko bisitarien errepikapen-tasa, berriz, % 11tik % 25era haztea espero da aldi bererako.

Bilbao-Bizkaia produktu handien programa

Bilbao-Bizkaia marka turismoa egiteko leku gisa erakargarria izan dadin, sei produktu-programa handi garatu dira Bilbao-Bizkaia 2018-2025 Turismo Ekintza Planaren esparruan. Merkatu zehatzetan sustatuko dira, hiriaren zein lurraldearen identitatearekin bat etorriz, eta, aldi berean, bertara datozen bisitarien bizipenak hobetzeko asmoz. :

  1. Bilbao-Bizkaia ibilbide luzeak. Bisitarien mugikortasuna hobetzea eta gastua handitzea dira plan horretan ezarri diren proposamenetako bi. Bi kasuetan, produktu berriak sortzea izan daiteke helburu kualitatibo eta kuantitatibo horiek lortzeko erantzun eraginkorretako bat, bai eta puntu zehatz batzuetan dagoen turismoa sakabanatzen lagunduko duten zentralitate berriak sortzeko ere. Beste alde batetik, Bilbao-Bizkaiaren antolakuntzak, aterki-kudeaketaren entitatea den aldetik, baino ezin izango du lurraldeko erakargarritasun handien garrantzia nabarmenduko duen zeharkako produktua gauzatu, jomugako turismo lurralde entitateekin lankidetzan arituz. Plana definitu duten lehentasunezko produktuei lotuta egongo diren ibilbideetan ari gara pentsatzen, esaterako:

    • Bizkaiko txakolinaren ibilbidea
    • Bizkaiko itsas herrien ibilbidea
    • Deskubritu Bizkaiko paisaiak eta natura-parkeak
    • Ibilbidea Bilbao-Bizkaiaren arkitektura eta abangoardiatik
    • Ibilbidea Bizkaiko euskal nortasunetik: hizkuntza, gastronomia, tradizioa eta kirolak
    • Bilbao-Bizkaiako zinema-agertokiak
  2. Eskualde bakoitzean erreferentziazko ekitaldi bat. Lurraldeko eskaintza Bilbao-Bizkaia dokumentu-zorroan jasotzeak dakar turismo-produktu interesgarriak edukitzea, zeinak bisitariak erakarriko dituzten eskualde ezberdinetara (turistak eta txangozaleak). Bestalde, turismo-lekuaren estrategia globalari esker, ikusgarritasun handiagoa emango diegu gure eskualdeei, bai Bilbao produktua etengabe berritzen laguntzeko, bai turismo-zentralitate berriak sortzeko eta bisitarien mugikortasuna zein fluxua hobetzeko, are garrantzitsuagoa dena.

    Produktuaren bitartez, halaber, helburuetan zehaztutako beste nahi bat beteko da: gertuko merkatuetako ostatu-gauak eta bisitarien kopurua handitzea ekitaldien agenda sustatuz. Horrela, mota guztietako (kultura, musika, arte eszenikoak, tradizioak, kirolak...) ekitaldien agenda indartsu eta berezi bat sortzeko proposamena egin da, zeinak erdietsiko duen gure turismo-eskualde guzti-guztiek dena eman dezaten. Horretarako, lan egin beharko da eskualde guztietan erreferentziazko ekitaldi bat egon dadin (estaturi zein nazioarteari dagokionez). Ekimen apropos bat "BasqueFest" zigilua sortzea da, lurraldeko ekitaldiak barne hartu eta ikusgai jarriko dituena. Hauexek dira eman beharko diren pausoak:

    • Gaur egun lurraldean dauden ekitaldiak aztertzea, kategoriaren, iragankortasunaren eta bisitariak erakartzeko gaitasunaren arabera tipifikatuta.
    • Eskualde bakoitzarekin lan egitea erabakitzeko bideragarria ote den dagoeneko existitzen dena bultzatzea edo, bestela, beste ekitaldi interesgarri bat sortzea komeni den.
    • Kasu bakoitzean egin beharreko urratsak egituratzea: kontzeptua, hartzaileak, arduradunak, inbertsio-maila, finantzaketa-iturriak, kronograma...
  3. Bizkaiko txakolina produktua egituratzea. Bizkaiko Txakolina jatorri-deitura 1994. urtean aitortu zen. Bizkaiko eskualde batzuetan mahastien azalera eta upeltegien kopurua batezbestekoa baino pixka bat handiagoak dira. Batik bat, Uribe eta Busturialdeari buruz ari gara. Eremu horren barruan daude Zamudio, Derio, Lezama, Larrabetzu edo Bakio udalerriak. Bigarren eskualdean, aldiz, Gernika, Busturia, Muxika edo Kortezubi dira nabarmentzekoak. Enkarterrietan betidanik ekoitzi izan da Zalla, Balmaseda edo Gordexolan dauden mahastietan. Durangaldea ere aipatzekoa da, mahastiak baitituzte Elorrio, Amorebieta-Etxano, Euba, Durango edo Abadiñoko nukleoetan. Amaitzeko, oso ezberdinak diren eta elkarrengandik aldenduta dauden honako eremu hauetan ere topa ditzakegu: Urduña edo Markina, Lekeitio eta Mendexa, Lea-Artibai eskualdean. Hortaz, Bizkaiko lurralde osoan oso hedatuta dagoen ekoizpena da.

    Txakolina ekoizteak Bizkaian duen garrantzia gorabehera, turismo-produktu gisa duen egituraketa nahiko ahula da oraindik. Hori dela eta, ezinbestekoa da txakolinaren inguruko eta Bizkaiko baserriekin zein landa-eremuarekin duen lotura estuari buruz gogotsu jardutea. Alabaina, gaur egungo prozesuen modernitatea, upeltegiak eta ekoizpen jasangarria azpimarratu behar dira, ardoaren ospe ona handitzeko turismo-erakargarritasun gisa eta horri lotutako elementu ezberdinen balioa nabarmentzeko: upeltegiak, museoak eta interpretazio-zentroak, salmenta-espazioak, dastatzeak, jaiak eta tradizioak, ekitaldiak, diseinua, ekoizpen ekologikoa edo biologikoa/biodinamikoa...

    Era berean, txakolinaren ibilbidea agertzen den espazio guztiak sustatu behar dira, hala nola Wine Routes of Spain. Bertan, modu zuhurrean agertzen da, Bizkaiko udalerri bakarra aipatzen baita bertan (Urduña).

    Interesgarria litzateke, halaber, Bizkaia osoan txakolinaren munduaren gaineko ekitaldi handi bat antolatzea (txakolinaren hilabetea) mota guztietako ekitaldiak jasota dituen egitaratuarekin, non hainbat diziplina batuko diren, baina, beti-beti izendatzaile komun batekin: txakolina.

    Ekimena abiarazteko, funtsezkoa izango da Bizkaiko Txakolina jatorri deituraren Kontseilu Arautzailearekin koordinatuta lan egitea, non Bizkaiko Foru Aldundiak ordezkari bat duen (une honetan, Elena Unzueta Torre andrea, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatua). Era berean, BBAGren Turismo Lekuen lan-mahaiarekin egin behar da lan produktua egituratzeko lanei ekiteko.

    Komeni da ekimena hartuko dutenen ordezkariak ere lan-mahaian egotea, produktua probatzen joan daitezen eta haien iritzia eman diezaguten, gero neurri zuzentzaileak ezarri ahal izateko.

  4. Nitxo-produktuak eskualdeekin eta Bilborekin. Gure eskualde gehienetan turismo-jarduera ez da hasi bisitarien bolumen handia erakartzeko gaitasuna dugulako, berariazko interesak dituen jendearentzako produktuak ekoizteko gaitasuna dugulako baizik, hau da, balio erantsi handiko produktu bereziak eta lurraldearekin arduratsuak direnak. Bilboko hiriak ere neurri batean egokitu behar du estrategia, eta merkatu-nitxo horiek bereganatu; izan ere, gastu handiagoa ekarri ohi dute eta sasoiz kanpo ere eragina dute.

    Beraz, turismo-eskualde guzti-guztiekin egin beharko dugu lan, bai eta Bilborekin ere. Horrela, eskaintzaren potentzialtasunak identifikatuko ditugu gero produktu-nitxo horiek egituratzeko. Horretarako, plan honetako eskualde bakoitzean egiten den produktu gogokoenaren auto-hautaketa bat egingo dute, potentzialtasun ezberdinak ikusten hasteko beharrezkoa den informazioa emango diguna. Horrez gain, informazio hori eta gure interesekoak diren merkatuen ezagutza-datuak erkatu beharko ditugu (zer produktu espezializatu dugu merkatu bakoitzerako?). Garrantzitsua da, halaber, nitxoa beraren garapenean hainbat eskualde/leku nahastea.

  5. Ikono handien garrantzia nabarmentzea. 2017-2019 Turismo Estrategia dokumentuaren D2 ekintzan zehaztu da, oro har, Bizkaiko turismo-ikono handien garrantzia nabarmendu, edertu eta egokitu behar dela. Horretarako, Bilbao-Bizkaiaren ikono nagusien garrantzia nabarmentzeko plan bat egitea bideratuko da, bai eta bertan definituko diren jarduketak ezarri ere, besteak beste:

    • Aparkatzeko eremua hobetzea.
    • Turismo-informazioko zerbitzuak ematea, bereziki, jende asko dagoen aldietan.
    • Turismo-zerbitzuak: komunak, ostalaritza mugikorra, seinaleak...

    Era berean, adierazi da ikono horien gehieneko karga-gaitasuna aztertu beharra dagoela, horien kontserbazioa eta babesa bermatzeko. Alderdi hori Sustatzeko Operazio Planaren A.33 ekintzari dago lotuta, "erabiltzaile asko dituzten espazioak definitzea eta alerta-sistema ezartzea".

  6. Txangozaleentzako ibilbideak. 2017-2019 Turismo Estrategia dokumentuaren D4 ekintzan eskualde askotan txangozaletasuna (eguneko bisitak, lo egin barik) zein garrantzitsua den azaldu da, eta erabiltzaile horientzako proposamenak jasotzeko edukiak diseinatzeko eta egiteko premia definitu da. Uste dugu, halaber, Bilborentzat interesgarria dela proiektu hori garatzea, egonaldiak luzatzeko eta bisitariak berriro etortzea sustatzeko.

    Plan honetan egin den turismo-produktuen inbentarioa izango da proposamen horien abiapuntua, baina baita dagoeneko existitzen diren eta proposatu diren ibilbide gehienak "eguneko bisitaren" formatura egokitzea ere. Adierazi beharra dago egokia dela beti gehitzea erosketei eta gastronomiari lotutako proposamenak, eta horrela gastua handituko dela. Honela, esaterako:

    • Bilbao-Bizkaiako ibilbide luzeak: den-denek dute "eguneko bidaia" egiteko aukera, nahi duenarentzat.
    • Bizkaiko txakolina: egun bateko bisita barne hartzen duen ibilbidea egin daiteke, txangozalea zein lekutan dagoen kontuan izanda.

    Eta gauza bera Bilbao-Bizkaiak dituen produktuen eskaintzarako, zeinak hainbat bisita-formatu eduki beharko dituen: egunekoa, asteburukoa, astekoa...

2019. Urtean garatzeko ekintzak

Bilbao-Bizkaia 2018-2025 Turismo Ekintza Planean  zazpi urteko epean modu jarraituan garatzeko  93 ekintza jaso dira. Plana berehala abiatzeari dagokionez eta 2019. urteari begira, honako helburu hauek ezarri dira: turismo-nortasuneko eta euskarriko programa bat diseinatzea; eskaintza hobetzea; merkatuen sustapena bultzatzea; eta informazio- zein koordinazio-programak ezartzea.

Helburu horiek lortzeko, lehentasuna emango zaie jomugako marka diseinatzeari eta eskuliburua garatzeri.

Honako hauek nabarmetzekoak:

  • Bilbao-Bizkaia webgunean eduki berriak profesional eta komunikabideentzat eta aplikazio mugikorrak/errealitate birtuala bertoko bizipenak hobetzeko.
  • Lekua aurkezteko bideoak atzerriko komunikabide eta profesionalentzat.
  • Bilbao-Bizkaiaren urte tematiko eta bereziak bultzatzea.
  • Lankidetza bereziak aire-konpainia eta tour enpresekin.
  • Bi urteko ekitaldi bat mundu osoko profesionalekin Bilbao-Bizkaian.
  • Informazio-puntu mugikorrak jende gehien dagoen tokietan eta ekitaldi handietan.
  • Bilboko eta lurraldeko turismo-bulegoak integratzea.
  • Newsletter bat hilero Bilbao-Bizkaiako turismo-sektoreko profesionalentzat.
  • Koordinazio-ekintzak udalerriekin, eskualdeekin eta Euskadirekin.

Bilbao-Bizkaia 2019 turismo-lekuaren kanpo-sustapena

Hortaz, 2019. urtean zehar, Bilbao-Bizkaia 20 merkatutan sustatuko da, eta interesaren arabera sailkatu dira horiek:

  • Hurbileko merkatuak: Espainia eta Frantziako hego-mendebaldea dira turistak igortzen dituzten merkatu nagusiak. Helburua da bietan Bilbao-Bizkaiari buruz dagoen ezagutza-mailari eta bisitarien mailari eustea.
  • Lehentasunezko merkatuak: Bilbao-Bizkaiak hazkunde-potentziala izango duen merkatuak,  batik bat, Euroa eta Ipar Amerikan. Urtean zehar, azokak, ekitaldiak eta topaketak egingo dira profesionalekin, eta kanpaina digitalak kaleratuko dira Frantzia, Belgika, Alemania, Espainia, Erresuma Batua, Irlanda, Italia eta Herbehereetan.
  • Merkatu baliagarriak: Bilbao-Bizkaiarentzat herrialde nordikoak, Latinoamerika, Portugal eta Japonia dira aukera-merkatuak.

Arreta berezia jarriko zaio MICE produktuari eta merkatuei; izan ere, Bilbao-Bizkaiak leku oso garrantzitsua lortu du bilera, kongresu eta ekitaldien sektorean. MICE esparruari dagokionez, honako hauetan garatuko da Bilbao-Bizkaia marka 2019. urtean: Frantzia, Portugal, Danimarka, Britainia Handia, Alemania, Austria, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Espainia, Belgika, Herbehereak eta Oman.

2017-2020ko turismo estrategia

Gaur goizean aurkeztu den Bilbao-Bizkaia 2018-2025 Turismo Ekintza Planak erabateko koherentzia du 2020ko Bilbao-Bizkaia Turismo Estrategiarekin. Dokumentu operatibo bat da, eta sektore osoarekin partekatzen da. Bertan, Bilbao-Bizkaiako turismo-sektorea zuzentzeko, turismo-lekuaren garapena hobetzeko eta sustapen-jarduketak kanpoan optimizatzeko 20 jarduketa baino gehiago jaso dira. Duela bi urte estrategia abian jarri zenetik, honako hauek lortu dira:

  • Turismo sektorearen nagusitasuna Ekintzaren bitartez eta xede bera izanda, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko interakzioa hobetu duten sei jarduketa ezarri dira. Testuinguru honetan, gainera, 161 proiektu garatu dira Bizkaiko eskualde eta udalerrietan, eta 1,15 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da.  Bestalde, Bilbao-Bizkaia Action Group sortzeaz gain, 84 lansaio egin dira 268 profesionalekin. Turismo Posizionamendurako Plana ere martxan jarri zen mundu osoko 18 merkatu ezberdinetan 30 produktu sustatzeko. Bilbao-Bizkaiaren Turismo Behatokia ere hobetu egin da, eta gaur egun urteko informazioari buruzko 8 monitore edukitzera iritsi da.
  • Turismo-lekuaren garapena  Bisitariek Bilbao-Bizkaian bizi duten esperientzia hobetzeko eta turismo sektorea bikaintasunerako eta berrikuntzarako prestatzeko beharrezkoak diren sei jarduketa gauzatu dira. Testuinguru horretan, turismo-seinaleen plan estrategikoa garatu da, eta 2019. urtean Bilbao-Bizkaiako 85 bitartekotan jarriko dira seinaleak. Gainera, , martxan jarri da Gaztelugatxeko Donieneren turismo-garrantzia nabarmentzeko plana, eta turismoari lotutako start-upak sortzea babestu da, bai eta 2.000 profesional baino gehiagorentzako prestakuntza-programa bat garatu ere,  besteak beste.
  • Aurrez aurreko marketina eta marketin digitala. 2017. urtetik Bilbao-Bizkaia munduko mapan islatu duten zortzi jarduketa ezarri dira, guztira. Marketin digitala eta ekitaldien kudeaketa garatzeko apustu baten ondorioa dira. Hain zuzen ere,  nazioarteko 75 jarduketa egin dira Bilbao-Bizkaia markarekin, eta 3500 harreman baino gehiago sortu dira. 82 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarri duten ekitaldi handiak erakarri dira, eta Bilbao-Bizkaiaren lehenengo kanpaina digitala kaleratu da 127 milioi iritzi, 490.000 klik eta turismoa egitera etor daitezkeen Europa osoko 25.000 erabiltzailerekin, bestak beste.

Turismo posizionamendurako 2018-2025 plana

2018ko urtarrilean aurkeztu zen Turismo Posizionamendurako 2018-2025 Plana da Bilbao-Bizkaia 2018-2025 Turismo Ekintza Planaren abiapuntua.  Hiriari eta lurraldeari buruzko lau ideia sendo hauetan oinarritu da dokumentua: bertoko kultura eta identitatea; geografikoki ardatz atlantikoan kokatuta egotea, Bizkaiko badia ezagutzaren eta berrikuntzaren gunearekin lotzen baita; harrigarriki txundigarria den leku batek erakartzea, non kostaldea eta mendia uztartzen dituzten paisaiak dauden; eta Bilbo bezalako hiriburu sutsu bat, kosmopolita eta abangoardiakoa.

Era berean, posizionamendu-planak nabarmendu nahi du produktuak eta nitxoak bi norabidetan dibertsifikatzeko premia dagoela, aurrerantzean ere Bilbo lurraldeko beste leku batzuk bisitatzera datozen bidaiariak erakartzeko fokua izan dadin, baina, horrez gain, lurraldean lo egiten duten bidaiarientzako eskaintza zehatza egon dadin, aldian-aldian, hiria bisitatzera etor daitezen.