2019(e)ko urtarrilaren 10(a) 10:10

Aldundiak Bilbo Metropolitarreko lurzoru industrialen inbentarioa egingo du

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioako Saila

Xedea da jakitea zer lurzoru dagoen erabilgarri jarduera ekonomiko berriak ezartzeko, kalifikazio berriak egin beharrik gabe.

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak lehiaketara atera du Bilbo Metropolitarra osatzen duten 35 udalerrietan jarduera ekonomikoetarako kalifikatuta dauden lurzoru guztien inbentarioaren prestaketa. Lurzoru horien artean sartzen dira industria-erabilerarakoak, eta merkataritza-jarduerak, hirugarren sektorekoak, logistikoak edo mistoak barne hartzen dituztenak. Inbentario horretan, Bilboko Portuaren sistema orokorreko esparruan ezarrita dauden jarduera ekonomikoen datuak jaso behar dira.

Izan ere, xedea da jakitea zer lurzoru dagoen erabilgarri jarduera ekonomiko berriak ezartzeko, lurzoru naturalaren edo landa-lurzoruaren kalifikazio berriak egin beharrik gabe, eremu horretako espazioaren okupazioa handia baita, eta biztanleria-dentsitate handia baitu. Hori da Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren aurrerapen-agirian planteatzen dena, zenbait irizpide ezartzen baititu eremu funtzional horren hirigintza-garapenerako. Besteak beste, egungo azpiegitura berdea sustatzea; horretarako, egun babestu gabe dauden interes naturaleko espazioak babestu nahi dira, eta loturak hobetu, espazio berdeen tokiko sareari jarraipena emango dion korridore ekologikoen eskualde-sare baten bitartez. Bizkaiko hiririk handienak proposatutako lurralde-antolamenduan lehenengoz jaso den iraunkortasun irizpidearekin bat egin nahi da hori.

 Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak adierazi duenez, kontuan hartzekoa da, egun indarrean dagoen LPPa idatzi zenean, hau da, 2006an, plana ez zela jarri ingurumen-ebaluazioaren pean. Horregatik, oraingo honetan, aurrerapen-agiriarekin batera ingurumen-ebaluazio estrategikoaren agiria prestatzen ari dira, horrela, planean egiten diten proposamenek ingurumen-inpakturik ez izatea bermatzen baita.

Bilbo Metropolitarraren ingurumena babestu eta hobetzeko estrategia horretan, funtsezkoa da lurzoru hutsak hobetzea eta zaharkituta, aurri-egoeran, kutsatuta, eta abar dauden eremuak zaharberritzea. Gómez Viar-en iritziz, egun etxebizitzak eraikitzeko eta jarduera ekonomikoak egiteko erabilgarri dagoen lurzorua nahikoa da datozen urteetan etxebizitzen eta ekonomiaren arloan egongo diren beharrizanei erantzuteko. Edozein kasutan, inbentarioa egitea behar-beharrezkoa da lurzoruaren benetako erabilgarritasuna zein den jakiteko. Oinarrizko elementua da, etorkizunari berme egokiarekin aurre egiteko.

Irizpide horiek kontuan hartuta, etorkizuneko Bilbo Metropolitarra espazio orekatua izango da, komunikazio onekoa, lurzoruaren kontsumoa murrizteari esker ingurune naturala eta landa-ingurunea errespetatzen dituena, eta ahalegin berezia egingo da birgaitu, berritu eta birdentsifikatzeko.

Deitutako lehiaketan berdintasun-klausula bat ere jasotzen da, zeinaren bidez hala enpresa lizitatzaileek nola adjudikaziodunek konpromisoa hartzen baitute hizkera ez sexista erabiltzeko beren dokumentuen prestaketan eta aurkezpenean. Hori guztia, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen babesean, han zehazten baitira zein diren errespetatu behar diren printzipio orokorrak.