2019(e)ko urtarrilaren 06(a) 10:00

Aldundiak 880.000 eurorekin finantzatuko du bosgarren edukiontzia Bizkaiko udalerrietan instalatzea

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Hiri-hondakinen bilketan eta garraioan eskumena duten udalek, mankomunitateek eta udal titulartasuneko beste pertsona juridiko batzuek edukiontziak, konpostajerako poltsak, etxeko ontziak, edukiontzietarako giltzak, autokonpostagailuak eta birringailuak erosteko bideratuko dira diru-laguntzak. Diru-laguntzarik handiena 50.000 euro izango da 20.000 biztanletik beherako udalerrientzat, eta 80.000 euro handik gorakoentzat.

Bizkaiko Foru Aldundiak eutsiko dio hondakin organikoen gaikako bilketari; izan ere, 880.000 euro bideratuko ditu gure lurraldeko udalerrietan bosgarren edukiontzia instalatzeko. Laguntzok norgehiagoka araubidean emango dira; diru-laguntzarik handiena 50.000 euro izango da 20.000 biztanletik beherako udalerrientzat, eta 80.000 euro handik gorakoentzat.

Hiri-hondakinen bilketan eta garraioan eskumena duten udalak, mankomunitateak eta udal titulartasuneko beste pertsona juridiko batzuk diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke, eta haien helburua izango da hondakin organikoen gaikako bilketarako edukiontziak, konpostajerako poltsak, etxeko ontziak, eta edukiontzietarako giltzak erostea. Laguntza hauen bidez, era berean, egituratzailea fabrikatzeko birringailuak eta autokonpostagailuak erosi ahal izango dira.

Azken horiei dagokienez, autokonpostaje komunitariorako instalazioek baino ezin izango dute diru-laguntza jaso eta, horretarako, baldintza hauek bete behar dituzte: 10 metro kubikotik gorako edukiera ez izatea, instalazioak erabiltzen dituzten pertsonen etxe edo lorategietako biohondakinak soilik jasotzea eta tintarik gabeko sukalde-papera, sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak (tintarik gabe sukaldeko papera, barazki eta fruten hondakin gordinak, prestatutako elikagaien hondakinak eta ogia, haragi eta arrain hondakinak, arrautza-oskolak, itsaskiak, eta fruitu lehorrak; fruten hezurrak, iraungitako jogurtak eta zukuak, kafe eta infusioen hondakinak) eta parke edo lorategietako hondakin biodegradagarriak (belarra eta orbel lehorrak, inausitako adarrak, lorategietako belar hezea eta landareen hondakinak) baino ez konpostatzea. Horrez gainera, erabiltzaileek beren lur partikularretan baino ezin izango dute erabili ondorioz sortzen den konposta; hala ere, udalek, autokonpostagailuen erabiltzaile diren aldetik, lorategi publikoetan ere erabili ahal izango dute.