2019(e)ko abenduaren 30(a) 10:00

Bizkaibuseko hibrido berriek irisgarritasuna bermatuko dute bi arrapala elkarrekiko independenteren bidez

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioako Saila

• 2018 eta 2019 artean, Bizkaibusek autobus flotaren %10 baino gehiago berriztatuko du

Miguel Ángel Gómez Viar

Bizkaibuseko ibilgailu hibrido berriek bi arrapala dituzte, bata elektrikoa eta bestea eskuzkoa, elkarrekiko independenteak irisgarritasuna bermatzeko. Horrela, plataforma elektrikoan hutsen bat gertatuta ere, mugikortasun urriko pertsonek beti izango dute autobusera igo eta jaisteko aukera eskuzko arrapalari esker. Sartu dugun aldaketa bat da eta hemendik aurrera ibilgailu berri guztiek izango dute. Orain arte, plataforma elektrikoak kolpe edo bibrazioengatik huts egiten zuenean, eskuzkoak ere huts egiten zuen, eta hori ez da gertatuko aurrerantzean, baieztatu du Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu Miguel Angel Gómez Viarrek.

Bizkaibusek 11 autobus hibrido berri gehitu dizkio bere flotari, iragarrita zegoen bezala. Dagoeneko lanean dira batez ere Ezkerraldeako lineetan, hala nola A3136 Bilbao - Barakaldo - Santurtzi edo A3115 Bilbao - Santurtzi. Lineak horiek bide-tarte asko dituzte hiri-barruan, eta milioi erdi bat kilometrotik gora. Lehendik lanean zirenei batuta, guztira 19 ibilgailu dira ezaugarri horietakoak.

I Klaseko autobusak dira, 12 metrokoak. Horietako sei MAN Lion´s City Hibrid Modelokoak; 3 dira VOLVO 7900 Hibrid markakoak; eta gainontzeko biak, SAANIA K320 UB4X2 Hibrid. Ibilgailu horiek zintzo laguntzen dute ingurumena hobetzen, asko murrizten dute-eta atmosferara isuritako CO2 eta sustantzia kutsatzaileen kopurua. Gainera, isiltsuagoak dira eta askoz ere erregai gutxiago kontsumitzen dute. 

Gómez Viarrek nabarmendu du bere saila ahalegin handia egiten ari dela Bizkaiko garraio publikoan ibilgailu jasangarriagoak erabiltzeko. Bizkaiko flotak zintzo betetzen ditu ingurugiroaren arloko Europako gidalerro zorrotzenak, baina garraio publikoak ingurumenean dituen eragin negatiboak handiak dira oraindik ere. Horra hor zergatik ari garen ahalegin handi bat egiten ibilgailu garbiagoak erabiltzeko, oso lagungarri dira-eta kutsadura atmosferikoa gutxitzen, eta baita zarata ere, eta alderdi horrek asko kezkatzen ditu erabiltzaileak.

Unitate berrien kostua diesel-motordunena baino handiagoa da. Hibrido baten prezioa 360.000 bat eurokoa izan daiteke, autobusaren marka, mota edo tamaina zein den, eta, aldiz, dieselezko batena 230.000 eurokoa da. Ahalegin ekonomiko gogorra da, eta zuhurtziaz eta zorroztasun tekniko handiz jokatu nahi dugu. Teknologia berriez hitz egiten ari gara, eta alde batetik, bistan da kontsumoa eta gas kutsatzaileen isuria murrizten dituztela, baina, bestetik, zailtasun tekniko handiagoko mekanika eta mantenua dute eta horrek bestelako arazoak ekarriko dizkigu, eguneroko jardunean testatu beharrekoak.

Gainera, hibrido berriek ordeztu dituzten diesel-motordun ibilgailuek bukatua dute euren balio-bizitza, eta, hortaz, betetzen ari da zerbitzuan diren autobusek 10 urte baino gehiago ez izateko helburua. 

Bizkaibuseko flotaren batez besteko adina, 2017an, 4,46 urtekoa zen.

AURREIKUSITAKO BERRIZTAPENA

Bestalde, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak onartu du, 2019rako, beste 25 ibilgailu gehiago gehitzea, aurrekontua guztira 6 milioi euro baino gehiagokoa dela. Horren arabera, 2018 eta 2019 artean, Bizkaibusek berriztatuta edukiko du bere flotaren %10 baino gehiago, guztira 36 autobus.

Azkenik, esan behar da 25 ibilgailu horietatik 3 hibridoak izango direla, eta, beraz, 2019aren bukaerarako, Bizkaibusen guztira 22 hibrido egongo dira. 


Argazkiak