2018(e)ko abenduaren 27(a) 17:25

Langabezia da, oraindik ere, bizkaitarren kezka nagusia, baina konfiantza handiagoa dago egoera ekonomikoan eta enpleguan

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea - Ahaldun Nagusia

Neurbi azterlanean elkarrizketatutako pertsonek, batez beste, 7 puntuko kalifikazioa eman diote Bizkaiko Foru Aldundiari, 0-10 eskala batean. Azterlan horretan, bizkaitarrek lurraldeari buruz duten iritzia jasotzen da.

Neurbi azterlana bizkaitarrek lurraldeari buruz zer iritzi duten jakiteko egin da, eta haren barruan elkarrizketa egin zaien bizkaitarren artean, hamarretik seik adierazi dute beren kezka nagusia langabezia dela; 2017an, berriz, hamarretik zazpik izan zuten iritzi hori. Hala ere, gaur egun, handiagoa da Bizkaiko egoera ekonomikoan dagoen konfiantza: elkarrizketatuen % 42,8ren ustez, egoera ekonomikoak hobera egin du, hau da, 2017an hala pentsatzen zutenak baino % 5,5 gehiago dira. Bizkaiko egungo egoera ekonomikoak 6,10 puntu jaso ditu 10 puntutik. Eta Bizkaian gaur egungo enpleguaren egoerari buruzko balorazioa hobea da, iazkoaren aldean; hain zuzen, 5,6 puntu jaso ditu (10 punturen gainean), batez beste.

Bizkaiaren etorkizun ekonomikoa, halaber, begi onez ikusten da. Gainera, elkarrizketatuen % 45,9ren aburuz, egoera hobea izango da datorren urtean. Elkarrizketatuen % 11,4k bakarrik uste du okerrera egingo duela. Ia pertsona erdiek pentsatzen dute enplegua lortzeko aukera gehiago egongo dela; hamarretik batek baino ez du uste enplegu-tasak gora egingo duela.

Bizkaitarren kezken mapa beste alderdi hauek osatzen dute: immigrazioa (% 10,4), segurtasun eza eta delinkuentzia (% 8,1), etxebizitza (% 5,1), pentsioak (% 4,8), gizarte-zerbitzuak urriak direlako ustea (% 4,3), desberdintasun soziala eta pobrezia (% 2,9), soldata duinak eta kalitatekoak izango ote diren kezka (% 2,6) eta krisialdi ekonomikoa (% 2,5).

La Vuelta, Europako errugbi finalak, MTV...

Halaber, herritarrek Bizkaiko Foru Aldundiari buruz egiten duten balorazioa islatzen da azterlanean. Hamar elkarrizketatutik zapik kudeaketa ona edo oso ona dela jo dute. Ondorioz, bizkaitarrek 7 puntuko kalifikazioa eman diote arlo horri. % 22,5en iritziz, kudeaketa hala moduzkoa da, eta % 3,7k txarra (% 2,6) edo oso txarra (% 1,1) dela uste dute. Bizkaitarrek Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketan duten konfiantzak 6,83ko batezbesteko kalifikazioa lortu du.

Unai Rementeria ahaldun nagusiari, berriz, 10 punturen gaineko 6,9ko kalifikazioa eman diote, eta haren gaineko ezagutza-gradua kalifikazio horren berdintsua da: % 68,4.

Aldundiak betetzen dituen eginkizunei buruz ere galdetu zaie bizkaitarrei: gizarte-ekintzaren eta gizarte-zerbitzuen eremua oraindik ere lehentasunezkoa da elkarrizketatuen % 20,7ren kasuan; haren ondoren, sustapen ekonomikoari eta enpleguari lotutako alderdiak daude — ekonomiaren eta enpleguaren sustapena, garapen ekonomikoa, industria-sektorearentzako laguntzak eta Bizkaiaren irudia bultzatzea—. Alderdiok, batuta, % 16,4k aipatu dituzte.

Halaber, handitu egin da Aldundiaren ekintzei buruzko ezagutza. Aurten, nabarmendu beharrekoak dira Espainiako 2018ko Itzuliaren etapa, San Mamesen egindako errugbiaren finalak eta MTV musika-sariak. Hiru ekitaldi horien berri izan dute elkarrizketatutako bizkaitarren % 70ek, eta haiei buruzko balorazioak zazpitik gora dira (0-10 eskala batean). Beste ekintza eta proiektu batzuek ere onarpen handia izan dute, inkesten arabera. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Arauak baloraziorik altuena izan du (7,98 puntu). 10en gaineko 7 puntutik gorako kalifikazioekin, beste proiektu batzuek ere harrera ona izan dute, adibidez, Bizkaiko merkataritza bultzatzeko «Bagara ala ez gara» kanpainak, zaintzaileen estatutuak edo langabezian daudenak laneratzen hasteko programek. Era berean, Bizkaiaren nazioarteko irudia sendotzeko sustatutako ekimenek balorazio positiboari eutsi diote, 7,8 puntutik gora baitira batezbesteko kalifikazioak.

Batzar Nagusietan alderdi politikoek egindako ekintzari buruzko balorazioa ere jasota geratu da azterlanean: elkarrizketatuetako pertsona bitik batek uste du EAJ-PNV dela ondoen diharduena. EAJ-PNVren ondoren (% 49,1), balorazio onena lortu duten indar politikoen artean, EH Bildu, Unidos Podemos eta PSE/PSOE daude —% 6,6, % 1,9-eta % 0,8, hurrenez hurren—.