2018(e)ko abenduaren 27(a) 11:45

Rementeria: “2018a ahaztezina izan da Bizkaiarentzat”

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Errugbiko Europako finalak, 50Worlds Best Restaurants, Itzulia edo MTV sariekin, “bizkaitarrok asko disfrutatu dugun” ekitaldi handien urtearen arrakasta ospatu du ahaldun nagusiak, baina, aldi berean, 2018ak “asko irakatsi digula eta hobeak egin gaituela” adierazi du.

Muse kontsertuan

Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, Bizkaiko ekitaldi handien urtea errepasatu du eta hitz batean laburtu du: ahaztezina, 2018a ahaztezina izan da Bizkaiarentzat.

Errugbiko Europako finalek, 50Worlds Best Restaurants ekimenak, Itzuliak eta MTV sariek markatutako urtearen arrakasta ospatu du Rementeriak; aurten, Bizkaiak mundu osoaren arreta bereganatu baitu kirolaren, kulturaren eta gastronomiaren bidez. 2018a urte ikusgarria izango zela esan genuen eta oker geunden. Bai, oker geunden. Motz gelditu ginen, oso motz. Izan ere, nik uste 2018a oso luzea izango dela. Ez da inoiz amaituko. Beti gogoratuko dugu. Ahaztezina izango da Bizkaiarentzat. Ekitaldi handiak, handienak ere, herrialde batera iristen dira, ekitaldia egiten dute, maleta gertatzen dute eta etorri diren tokitik joan ohi dira. Eta denbora pasa ahala, ahaztu egin ohi dira. Araua da, bizitzaren legea. Baina batzuetan arauak hautsi egin ohi dira. Eta bizitzak harritu egiten zaitu. Eta hori ez da ahazten, Bizkaiak ez du ahaztuko, ziurtatu du.

Rementeriarentzat, urte horretan Bizkaian ospatu diren ekitaldi handiak inoiz ez bezala gozarazi diete lurraldeko pertsona guztiei, baina, aldi berean, etorkizunerako garrantzitsuak diren ikasbideak utzi ditu. Musikaren alaitasuna, janaria gertatzearen plazera, kirolarekiko grina eta abar. Bizkaitarrok Errugbiko Europako finalekin, 50Worlds Best Restaurants ekimenarekin, Itzuliarekin eta MTV sariekin gozatu dugu, baina aldi berean asko irakatsi digute. Asko ikasi dugu. Urte honek hobeak egin gaitu guztiok. Bizkaiari, pertsonei, Aldundiari eta abar. Oso garrantzitsua izan da, adierazi du.

Ahaldun nagusiak, era berean, Bizkaiak mundura igorri duen irudia nabarmendu du, nazioarteko proiekzioari zein horrelako ekitaldi handiak antolatu, jaso eta zaintzeko gaitasunari dagokienez. Bizkaiak ez du inoiz ahaztuko eta antolatzaileek ez dute halakorik gogoratzen. Beraiek diote. Eta horrela erakusten dute. Ez dago errepikatzen dena baino plater hoberik. Eta denek, modu batera edo bestera, Bizkaira itzuli nahi dute, azpimarratu du 50Worlds Best Restaurants, MTV edo Itzuliarekin berarekin berriro ere lan egiteko aukeraren inguruan. Gainera, ekitaldien antolatzaileak zein foru erakundeak errepikatzeko prest daudela adierazi du.

Eragin mundiala

Zenbakiek inbertsioa babesten dute, apustua; zenbatu daitekeena zenbatzen dute. Hor daude, gaineratu du Rementeriak Bizkaiak kirolaren, kulturaren eta gastronomiaren bidez ehunka herrialdeetako milioika pertsonengana iristea lortu duela dioten datuei erreferentzia eginez.

MTV sariek 180 herrialdeetara eraman dute Bizkaia, Errugbiko finalak 115 herrialdetan eman ziren eta Itzuliko etapak 10 milioi pertsonako batez besteko audientzia du Europan eta emisioak iraun zuen lau ordu eta erdiaren momentu batean 43 milioi pertsona konektatu ziren lasterketa ikustera.

Ekitaldien eragin ekonomikoak islatzen duenaren arabera, gainera, egin diren inbertsioek askoz gehiago ekarri dute bueltan. Errugbiaren kasuan, lurraldearentzat 28 milioi euro ekarri zituela balioesten da; MTV sariek, berriz, 46,8 milioi, eta horietatik 27,3 milioi zuzeneko gastuenak dira.

The World´s 50 Best Restaurants ekimena Bizkaia eta Euskadi Culinary Nation gisa kokatzeko sustapen-kanpaina oso garrantzitsua izan da, benetako hub gastronomiko bat; bertan, abangoardiak eta tradizioak elkarrekin kozinatzen duten bikaintasuna eta produkturik onena lortzeko. Mundu osoko 26 herrialde desberdinetako 304 kazetarik bisitatu zuten Bizkaia aste horretan zehar; joerak sortzen dituen eta Bizkaia ereduarekin bat datorren turismoa sustatzen duen sektore bateko iritzi-lider handiak dira. Antolakuntzak, kazetariek eta sukaldariek ediziorik onena izan dela baloratu dute: 42 milioi eta erdi erabiltzailerengana iristea lortu da sare sozialen bidez eta bi hilabetetan 47.000 artikulu idatzi ziren inprimatutako bitartekoetan. Eragin ekonomiko eta mediatikoak, berriz, 100 milioi euro ingurukoa izan da.

Bizkaia eta Bilbo inoiz baino ezagunagoak dira gaur egun. Lurraldeak maila berri bat lortu du ekitaldiak erakartzeari eta antolatzeari dagokienez eta gure lurraldea Event Scotland, Innovation Norway, Los Angeles Sport Couincil, Japan Sport Tourism Alliance edo Auckland Tourism bezalako erakundeak biltzen dituen International Association of Event Hosts elkartean sartu den Estatuko lehenengo tokia izan da, bai eta bakarra ere. Munduko toki desberdinekin harremanetan jartzeko sare garrantzitsu bat da, nazioarteko oihartzuna duten ekitaldiak antolatu eta biltzen dituena. Bizkaiak horiekin partekatu ahalko ditu bere ikuspegia, interesak eta estrategia.


Argazkiak


Bideoak


Audioak