2018(e)ko abenduaren 26(a) 10:30

Ezaugarri bereziak dituzten higiezinen OHZ kalkulatzeko irizpideak ezarri ditu Aldundiak

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko katastroa eguneratu egin da, ezaugarri bereziak dituzten 24 higiezin balioztatuta: besteak beste, parke eolikoak, urtegiak, merkataritza-portuak eta aireportua. Katastro balioak higiezinon OHZrako erreferentzia gisa balioko du, eta udal bakoitzak ezar dezake balio hori, % 0,2tik 0,8ra bitartean, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen aurreproiektuaren arabera.

Foru Aldundiak Bizkaiko katastroa eguneratu du, hirugarren kategoria bat gehituz ondasun higiezinen artean: ez hiri-ondasun ez landa-ondasun ez direnak, eta, beraz, Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezin direnak (EBOH). Halako ondasunen taldean sartzen dira, besteak beste, aireportua, presak, merkataritza-portuak, parke eolikoak, urtegiak eta zentral termikoak.

2016ko maiatzean hiri-ondasunen eta landa-ondasunen katastro-balioak eguneratzeko abian jarri zuen ildo beretik, bihar onartuko ditu Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historikoko 24 EBOHren balio-txostenak: Bilbo eta Bermeo-Mundakako merkataritza-portuak; El Regato, Gorostiza, Undurraga, Nocedal, Artiba, Zollo, Aranzelai, Lekubaso, Laukariz, Urbieta, Triano eta Oiolako presak; Santurtzi, Bahía Bizkaia, Boroa eta Zabalgarbi zentral termikoak; Punta Lucero eta Oiz mendiko parke eolikoak; Barazarko zentral hidroelektrikoa; Bahía Bizkaia Gasen birgasifikatze-instalazioa; Petronorren findegia, eta Bilboko aireportua.

Balio-txosten horietan, higiezin bakoitzaren katastro-balioa zehazteko aplikatu behar diren irizpideak ezartzen dira, kontuan harturik zer balio duten lurzoruak eta eraikuntzek, bai eta instalazio bakoitzak dituen irizpide tekniko bereziak ere.

Lehen fase batean, jendaurrean jarriko dira balio-txostenok, eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko da. Alegazioak ebatzita, jabe bakoitzari jakinaraziko zaio zein den higiezin bakoitzaren katastro-balioa. Balio hori oinarritzat harturik, ondasun higiezinen gaineko zerga kalkulatuko da, udal-titulartasuneko zergetariko bat.

Orain baliozkotuko diren higiezinetatik 24, esate baterako, lurralde historikoko 30 udalerritan daude kokaturik: Abanto, Alonsotegi, Amorebieta-Etxano, Arrankudiaga, Barakaldo, Bedia, Bermeo, Berriz, Bilbo, Derio, Erandio, Galdakao, Getxo, Gueñes, Lemoiz, Loiu, Mallabia, Mundaka, Mungia, Munitibar, Muskiz, Ortuella, Santurtzi, Sestao, Sondika, Trapagaran, Ubide, Zamudio, Zeanuri eta Zierbena.

EBOHen OHZ zehazteko aurreproiektua

Halako higiezinen OHZ arautzeko, Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur onartu du foru-arau baten aurreproiektua, horren bitartez aldatzeko Ondasun higiezinen gaineko zergari buruzko Foru Araua eta EBOHei aplikatzekoak diren karga-tasak ezartzeko. Aurreproiektu horren arabera, Bizkaiko udalek eskua izango dute zerga-tasa ezartzeko, higiezinaren katastro-balioaren % 0,2tik 0,8rako tartea batean. Behin Batzar Nagusien izapidea igarota, 2019an zehar onartu beharko dute udalek zerga-tasa, eta 2020ko urtarrilean jarriko da indarrean.

Salbuespena etxebizitza sozial hutsentzat

Gaur onartu den foru-arauaren aurreproiektuak, beste alde batetik, etxebizitza hutsen errekarguaren salbuespena jasotzen du izaera sozialeko etxebizitza publikoen planetan sarturiko higiezinentzat.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko Foru Arauak aukera ematen die udalei OHZren kuota likidoaren % 50 arteko errekargua eskatzeko bizitegi-erabilera duten ondasun higiezinei baldin eta ez badira subjektu pasiboaren bizilekua edo hirugarren batena alokairua nahiz erabilera lagatzea dela medio. Hala ere, udalek esku izango du beren ordenantza fiskaletan kasu batzuk ezartzek non ez den aplikatzekoa izango errekargua.