2018(e)ko abenduaren 21(a) 13:05

Aldundiak irudimena sustatzen duten jostailu ez sexisten aldeko apustua egiten du

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Kanpaina: «Beren ametsek ez dute mugarik. Zeuk mugatuko dituzu? Ez aukeratu jostailu sexistarik». Protagonistak neskato astronauta bat eta izotz gainean patinatzen ari den mutiko bat dira.

Beren ametsek ez dute mugarik. Zeuk mugatuko dituzu? Ez aukeratu jostailu sexistarik.

Laespadak: «Ez ditzagun mugatu haien ametsak, horrela ez baitiogu mugarik jarriko haien etorkizunari»

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat abiarazi du Gabonetarako, irudimena eta jolas askea sustatzen duten jostailu ez sexistak aukeratzea bultzatzeko.

Kanpaina horren lema da «Beren ametsek ez dute mugarik. Zeuk mugatuko dituzu? Ez aukeratu jostailu sexistarik», eta, irudietan, neskato astronauta bat eta izotz gainean patinatzen ari den mutiko bat dira protagonistak.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak baieztatu du ez diegula mugarik jarri behar umeen jolasetako ametsei, horrela ez diogulako mugarik jarriko haien etorkizunari.

Kanpaina honen oinarrian uste sendo hau dago: jolasen bidez, ideiak, sinesmenak, gizarte-balioak, itxaropenak, beharrak eta jarduteko ereduak garatzen dira; beraz, kontzientzia piztu behar da eta argi ikusarazi zer garrantzi duten jolasek eta jostailuek, bizitzako lehen urteetan, hezkidetzarako eta berdintasunerako tresna gisa.

Hori dela eta, Gabonetan bereziki gogoratu behar da jostailuek ez dutela geroan iraunarazi behar gure neska-mutilen bizitza eta etorkizuna mugatzen eta baldintzatzen duen estereotiporik.

Jostailuek berdintasun-tresna bilakatu behar dute, nortasuna eraikitzen laguntzeko, askatasunez, aukera-sorta zabal batekin, genero-muga edo -baldintzapenik gabe. Kanpainaren proposamena da pertsonen balio-berdintasunetik abiatuta heztea, adingabe bakoitzaren ahalmena eta indibidualtasuna aitortuta, haien sexua gorabehera, eta, betiere, pertsonaren garapen integrala helburu dugula, alde batera utzita sexuaren araberako estereotipoak eta rolak.


Argazkiak