2018(e)ko abenduaren 25(a) 16:00

Bizkaiko Ogasunak asteazken honetan ordainduko ditu amatasun eta aitatasunen itzulketen lehen 32,8 milioiak

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bihartik aurrera jasoko dute, beren bankuko kontuan, aitatasun- eta amatasun-sariengatik tributatutakoaren itzulketen lehen ordainketa 22.833 onuradunek.

Foru Ogasunak asteazken honetan (abenduak 26) emango du agindua 32,8 milioi euro ordain dakizkien 22.833 zergaduni, hau da, 2014tik 2017ra bitartean amatasun- eta aitatasun-sariengatik tributatutakoaren lehen itzulketari dagokiona. Hala, bada, itzulketa horien onuradunek asteazkena eta osteguna bitartean jasoko dute beren bankuko kontuan bakoitzari dagokion zenbatekoa. Oraintsu jakinarazi die Foru Ogasunak onuradunei zenbat itzuliko zaien; hain zuzen ere, amatasun- eta aitatasun-bajan Gizarte Segurantzak ordaintzen duen saria jaso zuten ekitaldietako PFEZaren aitorpena zuzentzearen ondorioz dagokiena.

Era berean, abenduaren 13tik aurrera aurkeztutako itzulketa-eskabideak izapidetzen jarraitzen du Foru Ogasunak, bai eta Ogasuneko langileek eskuz izapidetu behar dituzten aitorpenei dagozkienak ere. Zuzenketok izapidetu ahala, hilabete bakoitzaren amaieran ordainduko ditu Ogasunak kasuan kasuko zenbatekoak.

Horretarako, Ogasunak gogorarazten du amatasun- edo aitatasun-sariak jaso zituztenek eskabidea aurkeztu behar dutela, halako kasuetarako prestatu den eredu berezia beteta. Eredu hori Ogasunaren web-orrian aurki daiteke, bai eta Foru Aldundiak Bizkaiko zenbait herritan jendeari laguntzeko jarri dituen 17 bulegoetan ere. PFEZaren autolikidazioa preskribatu aurretik aurkeztu behar dira eskabideok: oro har, jatorrizkoa aurkeztu eta lau urtera gertatzen da hori; beraz, 2014ko errentaren aitorpena 2019ko maiatzean edo ekainean preskribatuko da.

Bizkaiko Foru Ogasunak prozesu honetan 45 bat milioi euro itzuliko dituela jotzen du. Izan ere, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emaniko datuen arabera, 2014 eta 2017 bitartean, Bizkaian 49.640 lagunek 60.263 amatasun- edo aitatasun-saria jaso zituzten; guztira, 229,8 milioi euro. Eta, kopuru horren gainean, 21,7 milioiko atxikipena egin zen.