2019(e)ko urtarrilaren 02(a) 10:30

Foru Aldundiak zerbitzu publikoen kudeaketa hobetu du, sei zerbitzu-karta argitaratuta

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Liburutegia, garbiguneak, nekazaritza-bulegoak, Arreta Goiztiarreko Zerbitzua, hartutako kalte zerebrala konpontzeko zentro bi eta Kontratazio Zentrala dira bere zerbitzu-karta plazaratu dutenak, horrela erabiltzaileei jakinarazteko zer eskubide dituzten eta zer konpromiso dituen Aldundiak kalitatezko kudeaketarekin. Ibone Bengoetxea Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuak zerbitzu-karten garrantzia nabarmendu du, funtsezkoak baitira gardentasuna zerbitzu publikoen kudeaketan integratzeko.

Berak kudeatzen dituen sei zerbitzuren zerbitzu-kartak argitaratu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, haien bitartez informazio argia eta ulerterraza emateko erabiltzaileei. Honako zerbitzu hauei dagozkie kartak: Foru Liburutegia, garbigune-sarea, eskualdeko nekazaritza-bulegoak, Arreta Goiztiarreko Zerbitzua, hartutako kalte zerebrala konpontzeko Lurgorri eta Bekoetxe zentroak, eta Bizkaiko Kontratazio Zentral Forala.

Informazio bertsua jasotzen da sei zerbitzu-kartetan: zer zerbitzu ematen diren, zein diren erabiltzaileen eskubideak, zer ebaluazio-adierazle baliatzen diren eta zein diren kalitatea dela-eta harturiko konpromisoak. Azken atal horretan, Aldundiak edo kasuan kasuko zerbitzuaz arduratzen den erakundeak zehatz adierazten dute zein hobekuntza-konpromiso jaso behar diren erabiltzaileek beren gogobetetasuna adierazteko beteko dituzten inkestetan.

Ibone Bengoetxea Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuak zerbitzu-karten garrantzia nabarmendu du, funtsezko tresnatzat jotzen baititu Foru Aldundiaren eredua garatzeko, non batera biltzen diren gardentasuna, gobernu ona, erantzukizuna eta kontu-ematea. Alde horretatik, azpimarratu du zerbitzu-kartek bermatzen dutela hobeto eta hurbilagotik kudeatzea Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuak.

Bi lekutan eskura daitezke zerbitzu-gutunak: gardentasunaren web-atarian, www.gardentasuna.bizkaia.eus, eta zerbitzuotariko bakoitza kudeatzen duen foru-sozietatearen web-orrian.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, Gardentasunari buruzko Foru Araua onartu zen 2016an, eta, haren bidez, Aldundiak konpromisoa hartu zuen modu argi eta ulerterraz batean argitaratzeko herritarrei eskaintzen dizkien politika, jarduera eta zerbitzuen gaineko informazioa. Informazio hori jakitera emateko, Bizkaia Gardena gardentasunari buruzko ataria jarri zuen martxan, bai eta foru-entitateen gardentasun-atariak ere. Era berean, Hiru Urteko Gardentasun Plana 2017 - 2019 onartu zuen, ardatz harturik Aldundiak eskaintzen duen informazioaren edukia hobetzea eta barne-kudeaketako prozesuetan gardentasuna integratzea. Egitasmo horren barruan sartzen dira, hain zuzen ere, zerbitzu-kartak: Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketa-prozesu nagusietan gardentasuna ezartzeari dagokion ardatzean.


Bideoak


Audioak