2018(e)ko abenduaren 18(a) 13:00

Aldundiak 3,5 milioi euro emango ditu nekazaritzako ustiategietan inbertitzeko eta gazteak sektore horretan lanean has daitezen

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak kofinantzatu ditu laguntza horiek, eta helburu bikoitza dute: alde batetik, ustiategien egiturak modernizatzen eta ekoizpen-prozesuetan teknologia berriak sartzen laguntzea, eta, bestetik, ekoizpen-sektorea gaztetzen laguntzea, belaunaldien arteko erreleboa sustatuz. Lehenengo laguntza-lerrorako —inbertsioak finantzatzea du helburu— 2,6 milioi euroko aurrekontua ezarri da, eta gainerakoa, 875.000 euro, gazteen artean banatuko da, sektore horretan lanean has daitezen.

Elena Unzueta, prentsaurrekoan

Bizkaiko Foru Aldundiak bi laguntza-lerro onetsi ditu gaurko gobernu-kontseiluan; horien bitartez, finantzaketa emango du nekazaritzako ustiategietan inbertitzeko eta gazteak sektore horretan lanean has daitezen. Laguntza horiek 3,5 milioi eurokoak dira, eta helburu bikoitza dute: alde batetik, nekazaritzako ustiategien egiturak modernizatzen eta ekoizpen-prozesuetan teknologia berriak sartzen laguntzea, eta, bestetik, ekoizpen-sektorea gaztetzen laguntzea, belaunaldien arteko erreleboa sustatuz eta gazteek beren negozioak abian jar ditzaten erraztuz.

Azken helburu horretarako, alegia, gazteek enpresak sor ditzaten, 875.000 euroko aurrekontua ezarri da. Diru-laguntza horiek eskuratu ahalko dituzte 18 eta 41 urte bitarteko pertsonek, baldin eta egiaztatzen badute nekazaritza-arloko ikasketa-titulu bat eskuratu dutela, bigarren mailako Lanbide Heziketari edo erdi- nahiz goi-mailako heziketa-ziklo bati dagokiona, edo frogatzen baldin badute bi urtez baino gehiagoz jardun dutela lan beste nekazari baten ustiategian edo hirugarrenen ustiategietan lan egin dutela. Horrez gain, pertsona horiek onartu beharko dute beren ustiategiak Gaztenek prozeduran xedatutako baldintzei jarraituz ezartzea —prozedura horri jarraitzen zaio EAEn lehen sektorean lanean hasten diren gazteak laguntzeko eta tutorizatzeko—, eta Gaztenek 2020 Balorazio Batzordeak aurretik onetsitako enpresa-plana aurkeztu beharko dute.

Laguntza 20.000 eurokoa izango da, gutxienez, lanean hasi eta lehenengo bi urteetako soldata gisa, eta, zenbateko horretatik aurrera, diru-laguntza handitzeko aukera egongo da, tarteka, gehienez ere 70.000 eurora arte, hautaketa-irizpideekin bat etorriz enpresa-plana zenbat punturekin baloratzen den.

Inbertsioetarako laguntza-lerroak 2,6 milioi euro hartzen ditu barne, eta, haren bidez, finantzaketa emango da, besteak beste, helburu hauetarako: eraikin berri bat erosteko edo eraikitzeko, edo nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eraikinetan eta instalazioetan hobekuntzak egiteko; lehenengo eskuraketako makina, ekipo edo instalazio finkoak erosteko, ortufrutikulturako instalazio berriak ezartzeko, energia berriztagarria zein bioenergia ekoizteko instalazioak jartzeko, edo ekipamendu informatikoa erosteko.

2019ko otsailaren 1era arte egongo da aukera bi laguntza-lerroak eskatzeko. Gazteak sektore horretan lanean hastea helburu dutenen kasuan, eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira halabeharrez. Inbertsioak finantzatzea helburu dutenak, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira. Nolanahi ere, kasu horretan, honako leku hauetan eska daitezke laguntzak: ustiategia kokatuta dagoen lekuari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Landa Garapeneko Zerbitzuaren bulegoetan, sail honen erregistroan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Erregistro Nagusian.


Argazkiak


Bideoak