2018(e)ko abenduaren 18(a) 12:45

Ustekabeak dituzten udalerriek Aldundiaren laguntzak jaso ahal izango dituzte; guztira, 6,5 milioi euro erabiliko dira horretarako

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Diru-laguntza hauen xedea da gastu hauek ordaintzea, besteak beste: fenomeno naturalen ondoriozko kalteek eragindakoak; araudien aldaketen, eskumenak bereganatzearen edo administrazio publikoen ebazpenen ondorioz ezartzen diren eginbeharrek eragindakoak, edo ekitaldiaren hasieran aurrez ikusi ezin izan diren obren aldaketek eragindakoak.

Bizkaiko Foru Aldundiak udalerriek datorren urteko ustekabekoetarako laguntzak eskatzeko bete beharreko prozedura onartu du gaur. Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren (Udalkutxa) barruko laguntzak dira, eta, guztira, 6,5 milioi euroko aurrekontua dago.

Zenbateko horren bidez gastu hauek ordainduko dira: fenomeno naturalek ondoriozko kalteek eragindakoak; araudien aldaketen, eskumenak bereganatzearen edo administrazio publikoen ebazpenen ondorioz ezartzen diren eginbeharrek eragindakoak, edo ekitaldiaren hasieran aurrez ikusi ezin izan diren obren aldaketek eragindakoak. Halaber, aurrez ikusteko zailak diren arrazoiengatik aurrekontu-aurreikuspena egitea ezinezkoa izan duen beste edozein egitatek eragindakoak ere finantzatuko dira.

Fenomeno naturalek eragindako kalteen kasuan, gastuen % 90 ordainduko da gehienez, eta muga 500.000 euro izango da. Bigarren kasuan, % 85 finantzatuko da (muga: 400.000 euro) eta, obren aldaketen kasuan, berriz, % 80 finantzatuko da gehienez (muga: 250.000 euro). Aurrez ikusteko zailak diren gainerako egitateen kasuan, % 75 finantzatuko da gehienez, eta muga 200.000 euro izango da.

Emango den ehunekoa zehazteko, lau faktore hartuko dira kontuan: udalaren ahalmen ekonomiko erreala, udalerriak duen biztanle kopurua, ahalegin fiskala (bost udal zergen zerga-tasen eta indizeen eta ura, saneamendu eta zaborren tasen batez bestekoa) eta zorpetze-maila (biztanleko zor bizia).

Aldundiak ezarritako aurrekontua lortu ahal izateko, udalerriek lau hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, transferentzia onartzea eragiten duen egitatea gertatu eta biharamunetik zenbatuta, 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean.