2018(e)ko abenduaren 14(a) 13:00

Lusa Laguntza Foru Zentroa Zallan: 25 urte desgaitasun intelektuala duten pertsonei arreta integrala ematen

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) kudeatzen duen Lusa Laguntza Zentroa Zallan dagoen etxea da eta bertan desgaitasun intelektual moderatua edo larria duten 35 pertsona daude. Gizarte Ekintzako diputatuak, Isabel Sánchez Roblesek, laguntza zentro honen zilarrezko ezteiak ospatu ditu gaur bertako egoiliarrekin eta profesionalekin.

Lusa 25 urte

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) kudeatzen duen Zallako Lusa Laguntza Zentroak 25 urte betetzen ditu desgaitasun intelektual moderatua edo larria duten pertsonentzako egoitza moduan. Ostiral honetan egoiliarrek, zaintzaileek eta senideek, Gizarte Ekintzako diputatuarekin, Isabel Sánchez Robleseekin,  eta Gizarte Ekintza Saileko beste arduradun batzuekin batera, zentroaren 25 urteak ospatzeko programatutako diren ekintzetan hartu dute parte; gaur egun  35 pertsonaren etxea da eta horietatik 11 bizitza elkarrekin konpartitzen ari dira zentroak ateak ireki zituenetik.

Lusa Laguntza Zentroaren ibilbidea 1993ko abenduan hasi zen; irekitzearen helburua desgaitasun intelektualdun pertsonen beharrizan pertsonalei arreta eskaintzeko eta, ondorioz, euren familiei laguntzeko egoitza-baliabidearen eskariari erantzuna ematea izan zen. Zentroak, hasi zenean, egoitzazko 34 plaza eskaintzen zituen udalerriko eta Enkarterri eskualdeko pertsonentzat eta planteamendua baliabideak pertsona erabiltzailearen beharrizanei egokitzea zen eta horretarako, beste irtenbide batzuen artean,  egoitzari berari lotuta zeuden etxebizitza erdiautonomo bat eta eguneko zentro bat zeuden.

Gaur egun Zallako Lusa Foru Zentroan desgaitasun intelektualdun 35 pertsona bizi dira  egonaldi iraunkorreko araubidean. Pertsona horiek zaintzeko  Aldundiaren Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko 31 profesional daude, egoiliarren  autonomia pertsonala eta osasuna sustatzen eta euren beharrizan pertsonaletan laguntza eskaintzen jarduten dutenak.

Desgaitasuna duten pertsonentzako zentroen foru sarea

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak guztira laguntzaren arloko 9 zentro kudeatzen ditu: 7  egoitzak dira (223 plaza)  eta 2 eguneko zentroak (69 plaza). Aldi berean, Gizarte Ekintza Sailak ehun hitzarmen baino gehiago ditu harpidetuta  Hirugarren Gizarte Sektoreko erakundeekin. Hitzarmen horien bidez  desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuetan  aitzindaria den sarea egituratu da. 1.245 plaza dira egoitza-zentroetan eta etxebizitzetan eta 1.326 plaza eguneko arreta zentroetan. Foru eskaintza zereginetako zentroen  sarearekin osatzen da. Sare  hau ere oso garrantzitsua da eta 1.410 plaza eskaintzen ditu.


Argazkiak