2018(e)ko abenduaren 07(a) 11:27

Aldundiak BI-633 errepidea, Markinatik Berriatura, hobetzeko proiektua onetsi du

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Ibilgailu astunen trafiko handia duen errepide tartea da, Ondarroako portuko errepidezko konexio nagusia delako

Bizkaiko Foru Aldundiak BI-633 errepidea, Markina  eta Berriatua artean, hobetzeko proiektua onetsi du; lan  horien lizitazio-aurrekontua  4.592.000 euro da eta obrak betearazteko ezarri den epea 20 hilekoa da. Hasierako kalkuluen arabera obra hauek 2019ko bigarren hiruhilekoan hasiko dira.

Proiektuak  ibilgailu astunen igarorako beharrezkoak diren obrak ezarri ditu. Halaber, bidearen sarbideetan eta irteeretan esku hartuko da irisgarritasuna hobetzearen ondoreetarako. Jarduketa oraintsu hobetu den tartearen amaieran hasiko da,  52+200 k.p.n, Markina-Xemeingo Ubilla-Urberuaga  auzoan  alegia, eta Berriatu udal mugarteko Erribera  auzoan kokatuta dagoen 54+000 k.p.raino luzatuko da; obrek, halaber, Larruskain-Amalloa auzoa zeharkatuko dute. Guztira proiektatu den jarduketak 1.700 metroko luzera du.

Errepide horretatik ibilgailu astun askok zirkulatzen du Ondarroako portuaren errepidezko konexio nagusia delako. Eguneroko batez besteko intentsitatea 6.186 ibilgailukoa da eta  horietatik % 8,6 astunak dira.

Gaikuntza-proiektuaren helburua  errepidearen zeharkako ebakidura gehitzea da, zertarako-eta azpiegiturari bi ibilgailu astun euren artean gurutzatzeko nahikoa izango den zabalera zuzkitzeko; halaber, oin-planoko trazadura hobetu nahi da, peralte egokiak eraikiz, eta luzetarako profila hobetu nahi da bisibilitate orokorra hobetzeko. Horiek ez ezik, sarbideen antolakuntzan eta diseinuan jardungo da ibilgailuen maniobren segurtasuna hobetzeko. Eta galtzadatik kanpo bi espazio gaituko dira jarduketaren esparruan dauden bi autobus geldilekuren kasuan; halaber, autobus geldileku berri bat sortuko da erabiltzaileei  ematen zaien zerbitzu publikoa hobetzearen ondoreetarako.

Jarduketaren proposamena istripuen arriskuak murriztea eta bidearen gaur egungo baldintzak hobetzea da eta batez ere  bihurgune batzuk zuzenduta trazadura hobetuz lortuko da, hau da, biraketak leunagoak izan daitezen eta bisibilitatea ere hobea izan dadin. Aldi berean BI-633 errepidearekiko konexioak eta gurutzeak birmoldatuko dira. Halaber, ezarri da egun dauden euspen eta balizatze sistemak hobetuko direla, eta baita oinezkoentzako ibilbideak ere, kasu honetan trazaduraren amaieran jarraikortasun-espaloia sortuz.