2018(e)ko abenduaren 05(a) 12:10

MTVren ekitaldiek 47 milioi euroko eragin ekonomikoa izan dute Bilbon eta Bizkaian

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Bizkaitarrek ekitaldiaren inguruko balorazio oso ona egin dute eta jarduera irekiak eskaini izana txalotzeaz gain, ekitaldiak izan duen nazioarteko oihartzuna eta sortu duen harrotasun sentimendua azpimarratu dituzte. Lurraldeko 70.000 pertsonak eta bisitarik egin diren hamar bat kontzertuez eta esklusiboki European Music Awards sarien 25. ediziorako diseinatu diren jarduerez gozatu ahal izan dute.

Amaia del Campo, Unai Rementeria, Juan Mari Aburto

MTV European Music Awards sariek 46,8 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarri dute berekin Bilborentzat eta Bizkaiarentzat. Horrela jakinarazi dute Barakaldoko eta Bilboko alkateek eta Bizkaiko ahaldun nagusiak urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean lurraldeko udalerri ezberdinetan gauzatu den ekitaldiaren eraginaren inguruan eskuragarri dauden kopuruekin osatutako lehenengo balantzea aurkezteko baliatu duten prentsaurrekoan.

Unai Rementeriak eta Juan Mari Aburtok zenbateko horiek bi erakundeek batera egin duten 3 milioi euroko inbertsioa babesten dutela adierazi dute. Itzulera zuzena 27,3 milioi eurokoa izan da gastuan ostalaritzan, merkataritzan, garraioan eta tokiko enpresetan. Era berean, BECen egin den galaren proiekzio demokratikoak, 180 herrialdetan eta 450 milioi etxetan eman denak, 12 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarriko du.

Rementeriak adierazi du, bestalde, MTV EMA sarien 25. edizioa hainbat alderditan mugarri izan dela eta antolakuntzatik historiako ediziorik onena bezala kalifikatu dute. Ahaldun nagusiak bizkaitar guztiekin partekatu nahi izan duen lorpena izan da. MTVren historiako Europako saririk onenak izan dira. Ohore handia da horrelako zerbait entzutea. Baina ez da nirea ohorea, Bizkaiarena baino, guztiona, gizarte honena. Egitearen eta ondo egitearen erronka gainditu dugulako. Ezin hobeto egitearena. Eta hori bezain garrantzitsua dena egin dugu, guztion artean gozatu dugu. Badakit datuak datuak direla, baina niretzako, hitz horiek balio ikaragarria dute, ziurtatu du ahaldun nagusiak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, bestalde, MTVk antolatu dituen ekitaldien garrantzia azpimarratu du, izan ere, beste behin, nazioarteko erakusleihoan jarri baitigu; ekitaldiak erakartzeko, antolatzeko, parte-hartzaile egiteko eta munduari gure irudirik onena emateko daukagun gaitasuna erakusteko balio izan du. Ekitaldi guztiak inolako gorabeherarik gabe gauzatu zirela azpimarratzeaz gain, alkateak, Bilbo-Bizkaia baturaren aldeko apustua berretsi du eta etorkizunean gure herrikideek gozatu ahalko dituzten kalitatezko ekitaldi berriak erakartzeko lanean jarraituko dutela ziurtatu du.

Bestalde, Amaia del Campo pozik agertu da tokiko enpresek (MTVk kontratatutako 91 enpresetatik gehienak izan dira) ekitaldian izandako inplikazioarengatik. Gainera, BECeko gala ekoizteko bakarrik 1.500 profesionalek jardun duten, eta haietako 500 tokiko langileak izan dira. Hau da, hirutik bat. Barakaldorako, MTVak antolatzea proba handi bat izan da. Eta, gaur, apaltasunez baina ilusio handiz esan dezakegu ondo eutsi diogula erronkari. Barakaldok erakutsi du ekitaldi garrantzitsu eta konplexuenak hartzeko moduko erakustazoka bat duela, eta oso ondo egin dezakeela lan hori. Barakaldoren harrotasuna berreskuratzen ari gara; Barakaldo albiste da gauza onengatik eta munduan entzuten hasi da haren izena, esan du alkateak.

Parte-hartze handia

Guztira 70.000 pertsonek gozatu ahal izan dute Bizkaia Music Week ekitaldiaren baitan Barakaldon, Durangon eta Bilbon egin diren kontzertuez eta San Mameseko kontzertuaz, MTV Breaks ekitaldiaz eta BECeko galaz. % 65 inguru bizkaitarrak ziren. Gainera, ekitaldien antolaketak eta ekitaldiak berak 45.000 pertsona erakarri dituela uste da, bisitariak, artistak, antolakuntzako langileak, gonbidatuak, fanak eta kazetariak kontuan hartuta.

Bizkaitarrek eta bisitariek ekitaldiaren inguruan duten iritzia ezagutzeko, 614 galdetegi egin ziren azaroaren 3ko San Mameseko kontzertuan. Modu horretan, bizkaitarrek erakundeak mota horretako ekitaldiak ekartzeko hartu duten erabakiari oso nota altua ematen diotela (9) estrapolatu daiteke. Bestalde, oso nota altua eman diote jardueren bidez herritarren parte-hartzera irekitzeko aukerari (8,59) eta horrelako ekitaldiek sortzen duten harrotasun sentimenduari (8,66).

Galdetegi horietatik ateratako datuen arabera, lurraldearen kanpotik Bilbora kontzertuez gozatzera hurbildu zirenen % 55,6k gutxienez gau bat gure lurraldean igarotzea erabaki zuten. Bilbo bisitatu zutenen batez besteko gastua 158 eurokoa izan zen.


Argazkiak


Bideoak