2018(e)ko abenduaren 06(a) 10:00

Ondare Aretoan lehenengoz erakusten diren orain arte erakutsi gabeko altxorrak ezagutzeko bisita gidatuak

Euskara eta Kulturako Saila

Bisitak astearteetan (18:45ean) eta larnbatetan (12:00etan) egingo dira, aurretik hitzordua eskatuz 944067737 telefono-zenbakira deituz edo ondare.aretoa@bizkaia.eus posta-helbidera idatziz. El Quijote-ren lehen edizioa, munduko lehen atlasa, obra inprimatu batean ageriko euskarazko lehen hitzak eta Euskal Herrian inprimatutako lehen obra (1500eko inkunable bat) dira, besteak beste, «Itzaleko ondarea. Ondarea paperean» erakusketan Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan otsailaren 16ra arte ikusgai izango diren altxorretako batzuk.

«Itzaleko ondarea. Ondarea paperean» erakusketak argitara ekarriko du ezkutaturik egon den Bizkaiaren paperezko ondare baliotsuaren zati txiki bat eta etorkizuneko belaunaldietan zaintzearen garrantzia erakutsiko du.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan erakusgai dauden orain arteko ezkutuan egondako altxorrei buruzko zehaztapen gehiago ezagutzeko, bisita gidatuak egingo dira asteartero (18:45ean) eta larunbatero (12:00etan), eta aurretik hitzordua eska daiteke 944067737 telefono zenbakira deituz edo ondare.aretoa@bizkaia.eus posta helbidera idatziz. Egun horietatik kanpo ere, hitzartutako taldeentzako bisita gidatuak eska daitezke.

Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zerbitzuak antolatu du, 2018 Kultura Ondarearen Europako Urtearen helburuekin bat, hauekin bat zehazki: Europako kultura-ondarea babestu, kontserbatu, ikertu eta zabaldu edo sozializatzea.

Xede horiek «Itzaleko ondarea. Ondarea paperean» deritzon proiektuaren peko ekimen ugariren bidez gauzatu dira, hain ezaguna ez den Bizkaiko kultura-ondarea berraurkitzeko eta ikusarazteko. Ondare horren barruan, Foru Liburutegiko eta Foru Agiritegi Historikoko funtsak daude.

Hain ezaguna ez den Bizkaiko kultura-ondarea berraurkitzea eta ikusaraztea

Erakusketako piezak aukeratzeko, kontuan hartu dira piezok duten informazio historikoa eta ia ezezagunak zaizkigun paperezko ondarearen alderdi batzuk, hala nola: paper- edo tinta-motak, tipografiak, azaleztatzea, kaligrafia, eta liburu, aldizkari eta dokumentuetako lerro artean erdi ezkutaturik ageri diren ilustrazioak.

Denboran zeharreko bidaia bat, Bizkaiaren memoria idatzia erakusten duena

Erakusketa honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak denboran zeharreko bidaia bat eskaini nahi du, gure lurraldeko lehen hitz idatzietatik hasi egungo liburu eta dokumentu digitalizatuen fideltasunera. Hala, Foru Erakundeak laguntzen du guztion ondarearen eta Bizkaiaren memoria idatziaren kontserbazioa eta zabalkundea bermatzen.

Erakusketaren komisarioa Bizkaiko Foru Liburutegia da.

Euskal Museoaren eta Arkeologi Museoaren parte-hartzea

Erakusketan Euskal Museoak eta Arkeologi Museoak parte hartu dute; hain zuzen, erakusketaren gaiekin lotutako bildumetako pieza batzuk laga dituzte: hilarriak, paperaren aurreko idazte-euskarriak edo Delmas inprentako pieza tipografikoak.

Erakusketak, orobat, ikusgai jartzen ditu liburuaren munduko zaharberritzaileak, artisauak eta adituak, bai eta haien Bilboko tailerretan egindako kaligrafia eta inprimatze-lanak ere.

Erakusketaren bitxiak

Ondare Aretoan ikusi ahal izango diren piezen artean, hauek nabarmendu behar dira:

  • Foru Liburutegian gorderik dauden pergaminozko agiriak, XIII. mendearen hasierakoak.
  • Foru Liburutegian gorderik dauden hainbat garaitako kaligrafiak dituzten dokumentuak.
  • Euskal Herrian inprimatutako lehen obra (inkunablea), Arnao Guillén de Brocarrek 1500. urtean inprimatua.
  • Obra inprimatu batean agertutako euskarazko lehen hitzak, 1533koak.
  • Bizkaiaren Foruaren lehen edizio inprimatua, 1528koa.
  • Eskuizkribu ilustratu batzuk, adibidez, Alfontso XI.aren «Privilegio rodado» deritzon obra, 1315ekoa.
  • Pedro de Texeira portugaldar kosmografoak 1636an egindako mapa, Gipuzkoako kostaldea eta Donostiako, Hondarribiko, Pasaiako eta Getariako postuak ilustratzen dituena.
  • Munduko lehen atlasa, Cristóbal Plantinok1588an kalkografia-teknika erabiliz egindakoa.
  • Bilboko lehen egunkaria, 1813-1814koa.
  • El Quijoteren lehen zatiaren edizio printzea, Juan de Cuestak 1605ean inprimatua.
  • Andrés de Pozaren lehen argitalpena, Mathias Marés Bilboko lehen inprimatzaileak 1587an inprimatua.
  • Nicolás Jensonen latinezko Biblia, 1479koa (inkunablea), mudejar estiloko azalak dituena.
  • Athanasius Kircherrek ilustratutako liburua, 1678koa, lurrazpiko mundua erakusten duena.

Argiak hain ezagunak ez diren paperezko ondarearen zehaztasunak argiztatzen ditu

Tratamendu museografikoak ikus-entzunezkoen erabilera handiaren aldeko apustua egin du; horretarako, paretetako eta lurzoruko irudiak jarri ditu elkarren gainean (mapping-a), inguratze-giro dinamiko bat sortzeko.

Erakusketan, paperezko piezen eta teknologiaren arteko kontraste berritzaile bat ikus daiteke, bai eta piezetako batzuetan haien balioa nabarmentzeko ikusizko efektuak ere.

Informazio praktikoa

«Ondarea paperean» erakusketa azaroaren 12tik 2019ko otsailaren 16ra bitartean bisitatu ahal izango da.

Lekua: Ondare Aretoa (María Díaz de Haro, 11, Bilbo).

Ordutegia: astelehenetik larunbatera, 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.30era.

Sarrera doan.