2018(e)ko azaroaren 23(a) 12:36

Luis Hidalgo Fernandezen “Ez duzu zortearen beharrik, mugitu beharra duzu” obrak irabazi du II. Lurralde Bizia Argazki Lehiaketa

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioako Saila

600 euroko saria jaso du eta bizkaibusetan erakutsiko da abenduaren 3tik 23ra bitartean. Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatuak banatu dizkie sariak irabazleei. Gainerako saridunek 150 euro jaso dituzte: Jesús Maria Rodríguez Cabañasek “Kirola” lanarekin, Angelines Rodríguez Andresek “Gu geu gara ikusi nahi dugun aldaketa” argazkiarekin, eta Txabi Erkiagak “Emakumea eta herri kirolak” izenekoarekin.

II Premios de Fotografía LURRALDE BIZIA 2018

Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatuak gaur goizean sariak banatu dizkie II. Lurralde Bizia 2018 Argazki Lehiaketako irabazleei. Oraingoan hau izan da lehiaketaren gaia: emakumeen emaria eta Bizkaiko kultura nortasunaren eraikuntzan bete duten eginkizuna.

Bilboko Rekalde aretoan egin da sariak banatzeko ekitaldia, eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko zuzendari Ángel Anero ere bertan izan da.

Lehenengo saria, 600 eurokoa, "Ez duzu zortearen beharrik, mugitu beharra duzu" izeneko argazkiari eman zaio. Balmasedako San Severino plazan kokatuta dago, eta Luis Maria Hidalgo Fernández argazkilariak egin du, zuri-beltzean. Diruzko sariaz gainera, argazki hori bizkaibusen kanpoaldean jarriko da ikusgai abenduaren 3tik 23ra bitartean.

Jesús Maria Rodríguez Cabañas, Angelines Rodríguez Andrés eta Txabi Erkiaga argazkigileei 150 euroko sari bana eman zaie obra hauek direla eta: "Kirola", Olabeagan eta Bilboko itsasadarrean kokatua; "Gu geu gara ikusi nahi dugun aldaketa", Getxoko Portu Zaharrean kokatua, Angelines Rodríguez Andrés argazkilariak egina; eta "Emakumea eta herri kirolak", Getxoko Areetan kokatua.

Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak

II. Lurralde Bizia Argazki Lehiaketa hori 2018an Ondareari buruzko Europako Jardunaldietarako antolatutako jardueretarikoa da. Aurten "Ondarea, emakumeen emaria" izan da jardunaldietako lelo nagusia. Izan ere, ahalegina egin da emakumeek Bizkaiko lurraldea osatzen duten espazioen nortasun kulturalaren eraikuntzan bete duten eginkizuna eta haien emaria ezagutu eta ulertu daitezen sustatzeko.

Eta horretarako Bizkaiko argazkizaleei eskatu diegu euren argazki kamerei "lente morea" ipini eta gure kale eta plazetara irteteko, irudietan islatzeko emakume horiek hiri ingurunean lagatako historia, adierazi du Gómez Viarrek sariak banatzeko ekitaldian. Aukera ederra izan dugu lurralde antolamenduaren beste alderdi garrantzitsu bati buruz hausnartzeko: gizonek eta emakumeek nolako harremanak dituzten espazio pribatuarekin edo publikoarekin, eta horrek zer-nolako ekarpena egiten duen gure nortasuna eratzeko, bai eta berdintasunerantz aurrera egiteko ere.

Foru diputatuak esker ona adierazi die euren argazkiak bidaliz lehiaketan parte hartu duten pertsona guztiei, eta hurrengo edizioetan ere parte hartzera animatu ditu. Epaimahaiko kideei ere eskerrak eman dizkie irudi irabazleak hautatzeko euren irizpidea eskaintzeagatik.

Aurkeztutako argazkiak www.bizkaia.eus/revisionPTPBM web-orrian eta sare sozial korporatiboetan argitaratuko dira.


Argazkiak