2018(e)ko azaroaren 24(a) 09:00

Aldundiak arte sorkuntzarako 2019ko beka eta laguntzen deialdia arautzen duten oinarriak onetsi ditu

Euskara eta Kulturako Saila

Euskara eta Kulturako Foru Sailak 275.000 euroko partida onetsi du prestakuntzarako laguntza eta beketarako, arte plastiko eta ikus-arteen, arte dramatikoaren, musikaren eta dantzaren modalitateetan. Gainera, foru erakundeak 76.000 euro bideratuko ditu “Ertibil-Bizkaia” erakusketaren 2019ko ediziora.

Bizkaiko Foru Aldundiak arte sorkuntzarako beka eta laguntzen eta "Ertibil-Bizkaia" Ikus-arteen Erakusketa Ibiltariaren oinarri arautzaileak eta deialdia onetsi ditu 2019ko ekitaldirako.

Foru erakundeko Euskara eta Kultura Sailak beken oinarri arautzaileak eta deialdi publikoa onetsi ditu ikus-arte eta arte plastikoen, musikaren, arte dramatikoaren eta dantzaren modalitateetan, eta laguntzen deialdia, berriz, musikaren, arte dramatikoaren eta dantzaren modalitateetan bakarrik. Guztira, 275.000 euro jarriko dira talentu artistikoaren prestakuntza sustatzeko.

Arte plastiko eta ikus-arteen arloan 55.000 euro emango dira arte sorkuntzako proiektuak egitea helburu izango duten beketarako. Proiektu horiek prestakuntza-zentro espezializatuetan eta erreferentziazkoetan garatu ahalko dira.

Arte dramatikoaren esparruan foru erakundeak 58.000 euro jarriko ditu honako xede hauek dituzten beketarako: antzezleen prestakuntzarako eta hobekuntzarako ikasketak; antzerki-zuzendaritza, eszenografia, luminoteknia, soinu eta jantziteria ikasketak; eta zinema-zuzendaritzarako trebatzeko ikasketak, Bizkaitik kanpo egiten badira.

Arlo horretan laguntzak ere emango dira ikastaroak egiteko edonon eta edozein motatako zentroetan (publikoetan zein pribatuetan). Horretarako 12.000 euro jarriko dira.

Beste alde batetik, musikaren arloan 68.000 euroko partida bat jarri da beketarako eta 7.000 euro laguntzetarako. Beka horien bidez, Bizkaitik kanpo ematen diren prestakuntza edota hobekuntza ikasketak egingo dira kontserbatorioetako ikasketa-planetan onartutako edozein instrumentuko hobekuntza musikalerako, bai eta zuzendaritzarako edo konposiziorako ere.

Musikarako laguntzen bitartez honako hauek egingo dira: mintegiak, eskola magistralak, ikastaroak zentro espezializatuetan (publiko nahiz pribatuak) edo izen handiko irakasle partikularrekikoak, edonon, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten direnak salbuespen bakarra izanda. Aurrean aipatutako arloei egin beharko diete erreferentzia, eta betekizun berberak bete beharko dira, titulazioari dagokionez, haiek eskuratu ahal izateko.

Dantza sustatzearren, foru erakundeak 61.000 euro jarriko ditu beketarako eta 14.000 euro laguntzetarako. Kasu horretan, dantza arautuko prestakuntza eta hobekuntza ikasketak egitea izango da beken helburua, baita koreografiako prestakuntza ere, Bizkaitik kanpo ematen dena. Kanpoan geratuko dira ikerketarekin zerikusia duten proiektuak.

Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 21etik otsailaren 21era bitartekoa izango da, bi egun horiek barne. Informazio gehiago: www.bizkaia.eus/kulturadirulaguntzak

ERTIBIL-BIZKAIA 2019

Halaber, Gobernu Kontseiluak "Ertibil-Bizkaia" erakusketaren beste edizio bat onetsi du. Ikus-arteen erakusketa ibiltariaren edizio horrek barruan hartuko ditu pinturaren, eskulturaren, argazkigintzaren eta DVD-bideoaren modalitateak, eta Bizkaiko hainbat udalerritan ikusi ahalko da.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak, lurraldean gorantz egiten ari diren artisten sorkuntza-ekimenak babesteko eta ikus-arteak hedatu eta sustatzeko, 76.000 euroko inbertsioa egin du "Ertibil-Bizkaia" erakusketaren beste edizio batean. "Ertibil-Bizkaia" programa Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu artistiko nagusietako bat da publiko zabalari begira, eta arte garaikidearen punta-puntako osagai berri, plural eta askotarikoak gizarte osoari eskura jartzea du helburu.

Oraingo edizioan, gainera, arte-egonaldiak egingo dira Japoniako zentro espezializatuetan. Horrela, Bizkaiko artistak nazioartekotu egingo dira erreferentziako beste sorkuntza gune batzuetan.

Deialdia zabalik dago Bizkaiko edozein udalerritan erroldatutako artista guztientzat.

Eskaera aurkezteko epea:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez aurkezten dutenentzat:
    • Agiriak: 2019ko urtarrilaren 30etik otsailaren 7ra arte (biak barne).
    • Obra: 2019ko otsailaren 6an eta 7an, 10:00etatik 13:30era, Basauriko Elkartegian (Cervantes etorbidea 49, 33. modulua).
  • Basauriko Elkartegira joan eta eskaera bertan aurkezten dutenentzat: agiriak eta obra, 2019ko otsailaren 6an eta 7an.

Informazio guztia eskura dago webgune honetan: www.bizkaia.eus/kulturadirulaguntzak