2018(e)ko azaroaren 22(a) 10:55

Bizkaiak aitatasunagatiko prestazioetan ordaindutakoa itzultzen du

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Aldundiaren ustez aitatasunagatiko prestazioak amatasunagatik ordaindutakoa itzultzeari dagokionez hartu den irizpide berari lotuta daude. Erabaki hori 2014 eta 2017 urteen artean Gizarte Segurantzako Nazio Erakundeak ordaintzen duen prestazio horren zergadunak diren 22.755 pertsonen onerako da eta gutxi gorabehera bost milioi euroko kostua edukiko du.

Bizkaian Gizarte Segurantzaren aitatasunagatiko prestazioak kobratu dituzten pertsonek kontzeptu horrengatik ordaindu dutena jasoko dute atzera Foru Aldundiarengandik, hau da, amatasunagatiko prestazioengatik ordaindu denarekin egiten ari den bezala.

Bizkaiko Foru Aldundiaren interpretazioaren arabera Auzitegi Gorenak amatasunagatiko prestazioetarako ezarri duen doktrina aitatasunagatiko prestazioetara zabal daiteke eta irizpide horren berri eman die beste foru aldundiei Zergen Koordinazio Organoaren bileran. Horrela Bizkaiak artean preskribatu gabe dauden ekitaldietan kontzeptu horretan ordaindu direnak ere itzuliko ditu. Interpretazio hau bat dator PFEZri buruzko Foru Arauaren azken aldarazpenean ezarri den irizpidearekin; horren arabera aitatasunagatiko prestazioetara zabaldu ziren ordurako amatasunagatiko prestazioek gozatzen zituzten zerga-hobariak.

Gizarte Segurantzak eman dituen datuen arabera 2014 eta 2017 urteen artean Bizkaian aitatasunagatiko 25.746 prestazio ordaindu zitzaizkien 22.755 zergaduni. Prestazio horien zenbateko gordina 32,4 milioi euro izan zen eta horien gainean 2,6 milioiko atxikipenak egin ziren.

Aitatasunagatiko prestazioengatik tributatu dena itzultzeak Foru Ogasunarentzat izango duen kostuaren zenbatespena bost miloi euro ingurukoa da; munta hori amatasunagatiko prestazioen arloan zenbatetsi den 40 milioi euroko zenbatekoari batu behar zaio. Joan den asteartean Ogasun eta Finantzako foru diputatuak, José María Iruarrizagak, aurreratu zuen bezala Bizkaiak kontzeptu honetan ordaindu dutena itzuliko die 26.885 zergaduni.

Guztira, amatasunagatik eta aitatasunagatik ordaindu diren zergen itzulketaren onuradunak 49.640 pertsona izango dira eta zenbatekoa, gutxi gorabehera, 45 milioi euro da. Horri jarduneko ekitaldian prestazio horiei dagokienez 2018ko Errenta Kanpainari buruzko atxikipenen arloan egin beharreko doikuntzaren eragina batu beharko zaio.

Aldundiak amore ematen du EAEJANk irekitako prozeduretan

Amatasunagatiko eta aitatasunagatiko prestazioak salbuetsitzat jotzeko jarrera horren ildotik eta irekita dauden auzitegietako prozedurei amaiera ematearen ondoreetarako, Aldundiak  prestazio horiek salbuetsita dauden ala ez erabakitzeko administrazioko auzi-errekurtsoetan amorea ematea erabaki du. Guztira zergadun bizkaitarrek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztutako 12 kasu dira; horietariko bi 2012ko ekitaldiko ren likidazioari buruzkoak dira. Kasu hauetan amore emanda Aldundiak onartu egiten ditu demanda egileen asmoak eta amaitutzat jotzen ditu auzi horiek.

Amatasunagatiko prestazioen kasuan bete den eskabide-prozedura bera

Aitatasunagatiko prestazioetan ordaindu dutena itzultzea erreklamatzeko eskatzaileek amatasunagatiko prestazioak itzultzeko tramiteak errazteko Foru Aldundiak gaitu zituen bitarteko eta baliabide berberak edukiko dituzte. Hau da, eskabidea egiteko berariazko eredu bat egongo da eta horretan bakarrik eman beharko dituzte identifikatzeko eta kontakturako datuak. Eredu horiek hala www.bizkaia.eus orrian nola aurkez daitezkeen 17 foru bulegoetan lor daitezke. Aurkezteko toki horiek Foru Ogasunaren bulegoak, Aldundiaren bulego integralak, herritarrei arreta eskaintzeko bulegoa eta foru sailetako erregistroak dira.

Eskabidea prestazioa jaso zen ekitaldiari dagokion bidezko errenta aitorpena preskribatu gabe dagoen kasuetan aurkez daiteke; beraz, aurkezteko epe bakarra preskripzioarena berarena baino ez da. Eskabidea aurkeztu ondoren Foru Ogasunak bidezko aitorpenak berridatziko ditu, eskatzaileei aldea ordainduz.