2018(e)ko azaroaren 20(a) 12:09

Ogasuna dagoeneko hasi da amatasun-prestazioaren jasotzaileentzako itzulketak izapidetzen

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Ogasunak amatasun-prestazioak direla-eta tributatutakoa erreklamatzeko eredu espezifikoa jarri zuenetik hona, 23.524 pertsonak eskatu dute itzulketa; 2014tik 2017ra, Bizkaian 26.885 pertsonak jaso zuten prestazio hori.

2014tik 2017ra bitartean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak 34.517 amatasun-prestazio ordaindu zizkien Bizkaiko 26.885 zergaduni. Prestazio horiek, guztira, 197,4 milioi euroko zenbateko gordina osatu zuten, eta, ondorioz, 19,1 milioi euroko atxikipena egon zen PFEZa dela eta.

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak azaldu duenez, Gizarte Segurantzak bidalitako informazio hori baliatuta, Foru Ogasuna hasi da prestazio horiek direla-eta tributatutakoa itzultzeko gaur egunera arte aurkeztu diren 23.524 eskabideak izapidetzen. Kasu horietako bakoitzean, prestazioa jaso zen ekitaldi bakoitzari dagokion errentaren aitorpena berregingo du Ogasunak, eta dagokion deskontua egingo du zerga-oinarrian. Datozen asteetan, aurreko emaitzaren eta berriaren arteko aldea ordainduko zaie eskatzaileei.

Bizkaiko Batzar Nagusien Ogasun eta Finantzetako Batzordean, Jose María Iruarrizagak azaldu du oraindik ezinezkoa dela jakitea zenbateko kostua ekarriko dizkioten itzulketok Ogasunari; izan ere, kostua ez dator bat atxikitako zenbatekoarekin, askotan handiagoa izango baita. Horren arrazoia hau da: prestazioa zerga-oinarritik deskontatzean, tarifa txikiago bat aplikatuko da, beheragoko errenta-tarte bati dagokiona.

Pertsona batzuek oraindik ere itzulketa eskatu ez dutenez, Iruarrizagak gogorarazi du PFEZaren likidazioa preskribatu arte edozein unetan aurkez daitekeela erreklamazioa. Oro har, aitorpena aurkeztu eta handik lau urtera gertatzen da preskripzioa; beraz, 2019ko maiatzera eta ekainera arte ez da preskribatuko 2014ko ekitaldiari dagokion errenta-aitorpena.

Itzulketa eskatzeko, interesdunek inprimaki bat dute, Foru Ogasunak izapide honetarako berariaz prestatua. Inprimaki horretan, identifikaziorako eta harremanetarako jartzeko datuak eta prestazioa kobratu zen ekitaldiak adierazi besterik ez dute egin behar. Eredua, www.bizkaia.eus helbidean deskargatu daiteke, baina, era berean, Foru Ogasunaren bulegoetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan eta foru-sailetako erregistroetan eskuratu eta aurkez daiteke.