2018(e)ko azaroaren 14(a) 12:38

Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta, arlo anitzeko 27 adituk osatutako taldea lanean ari da Armintxeko ikerketan

Euskara eta Kulturako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak kobazuloaren azterketari ekiteko taxutu duen hiru urteko planaren barruan, egokitu egin dira barrunberako sarrera eta aretoen arteko pasabideak, hidrologia eta ingurumen azterlana garatu da, 3D teknikak erabiliz panel nagusiari buruzko dokumentazio grafikoa jaso da, Paleolitoko arteaz dekoratutako panel guztiak aztertu dira eta kobako atartean indusketa arkeologikoko lanak egin dira. Azken bi urteetan barrunbean egindako esku-hartze arkeologikoek berretsi dutenez, duela 14.500 urteko hogeita hamar bat irudi dituen panel handiaz gainera haitzuloetako hienaren hondarrak ere aurkitu dira. Aurkitu diren aztarnen artean nabarmentzen dira erretako egur zatiak, seguru asko Madeleine aldiko artistek erabilitako argiztapen sistemetakoak, eta erabili izanaren itxura duten hezur zatiak, gaur egun aztertzen ari direnak, Armintxeko hormak grabatzeko eta dekoratzeko erabili ote ziren zehazteko. Hidrologia eta ingurumen azterlanean ondorioztatu da kobazuloa urez betetzeko arriskua dagoela; ez die eragiten erdiko eta goiko galerietako grabatuak dituzten panelei, eta aurre egingo zaio 2019an, ur jarioaren zati bat Gardata errekara desbideratuko duen kutxatila bat eta landare hondarrak eta zaborrak koba barrura sartzea eragotziko duen geruza iragazle bat instalatuz.

Armintxeren balantze aurkezpena

Arlo anitzeko lantalde bat, Estatuko eta nazioarteko 18 unibertsitate, ikerketa zentro eta ikertzaile taldetako 27 adituk osatua eta Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatua, ikerketa eta kontserbazio lanak egiten ari da Armintxeko koban. Kantauri aldeko zerrendako Paleolitoko arte multzorik garrantzitsuenetako bat aurkitu da haitzulo horretan. Koba horrek badu berezitasun bat: bertan aurkitu diren irudiak puntzoia arrastatuz egin ziren. Puntzoiak mikrohisturak trazatzen ditu, marra garbi bat sortuz, irudiak ezin hobeto bistaratzen dituena eta dimentsio biko efektu piktoriko apartekoa eragiten duena irudien taxueran.

Aditu talde horren jarduketa ildoak hiru urteko plan batean ezarri dira, kobazuloaren azterketa integralari ekiteko. Plan horren barruan, horrelako azterketetan ohikoak diren alderdi guztiekin zerikusia duten lanak egin dira orain arte. Hain zuzen ere:

  • Azpiegituren eremuan, barrunberako sarbidea eta aretoen arteko pasabideak egokitzeko lanak egin dira; zehazki, lanerako bi plataforma instalatu dira, sei segurtasun-bide egin dira; izan ere, kobaren trazadura arriskutsua da, zeharkatzen duen lurpeko ibairaino 6 metrotik gorako maldak dituelako eta zoru lokaztuak irristakorrak direlako.
  • Grafikoki dokumentatu da panel nagusia, 3D teknikak erabiliz, eta topografiatu eta geoerreferentziatu egin dira barrunbeko zona guztiak.
  • Paleolitoko arteaz dekoratutako panel guztiak aztertu dira.
  • Hidrologia eta ingurumen azterketa egin da, "Lekeitioko Armintxeko kobako urteko zikloa aztertzeko lan programa: karakterizazioa, neurketa tresnen instalazioa, azterketa hidrologikoa eta arazoen diagnostikoa, Armintxeko kobaren babes fisikorako jarduketak zehazteko" izenekoa garatuz.
  • Eta ikerketa arkeologikoa egin da, kobako atarteko indusketa lanak barne.

Azken bi esparru horietan azaldu dira berrikuntza nagusiak Armintxeko aurkikuntzaren inguruan. Hain zuzen ere, egindako ikerketa arkeologikoaren emaitza gisa, egiaztatu ahal izan da badirela labar-arteaz harantzagoko aztarnak, koba hori Historiaurreaz geroztik okupatu dela adierazten dutenak.

Indusketa arkeologikoa

Armintxeko atartean zundaketa egin da, kobako jatorrizko sarreratik hurbilen dagoen aldean aztarna arkeologikorik ba ote dagoen zehazteko. Ia ziur, sarrera hori erabili zuten Madeleine aldiko artistek, eta bertan aurki zitekeen okupazio eremua edo kokagunea. Zona horren balorazio arkeologikoa barruren dagoen aldera mugatu behar izan da, ataria eta atartearen zatirik handiena hamarkadetan pilatutako zaborrez erabat itxita daudelako.

Zundaketaren emaitzek erakusten dute ez dagoela giza okupazioaren zantzurik Armintxeko kobako atartean, esku hartu den aldean, behintzat. Atarteko kanporeneko aldean, gaur egun askotariko materialez itxita dagoen horretan, baliteke giza okupazio horien aztarnaren bat egotea. Esku hartutako aldean, hala ere, interes handiko aztarna paleontologikoak agertu dira.

Madeleine aurreko kronologia batean —oraindik zehaztu gabe dago, baina, betiere, multzo dekoratua baino lehenagokoa da—, Armintxeko koban hiena zulo bat egon zen, eta honako hondar hauek aurkitu dira: haitzuloetako hienaren (Crocuta crocuta spelaea) haginak; haragijale horrek kobara ekarritako harrapakinen hondarrak (oreina eta bobido handi bat); eta hienaren koprolito ugari (mineralizatutako gorotz fosilak), informazio iturri baliotsua inguruko paleoklima eta paleolandaredia eta haragijale espezie horren dieta ereduak ezagutzeko.

Armintxeko 1. sektorean, dekoratutako panel nagusia dagoen lekuan, hamar mikrozundaketa egin dira (30 cm-ko aldea dutenak), eta zantzu batzuk aurkitu dira, hasiera batean Madeleine aldiko multzo grafikoaren exekuzioarekin lotu daitezkeenak. Datu hori oraindik berretsi gabe dago, datazio absolutuen emaitzak falta direlako. Zantzu horien artean, azpimarratzekoak dira egur zati ikaztuak, ziurrenik Madeleine aldiko artistek erabilitako argiztapen sistemetakoak, eta erabili izanaren aztarnak dituzten hezur zatiak, gaur egun aztertzen ari direnak, Armintxeko hormak grabatzeko eta dekoratzeko erabili ote ziren zehazteko. Beste alde batetik, 1. sektoreko zundaketa horiek ahalbidetu digute orain dela 14.500-13.000 urte dekoratutako barrunbearen jatorrizko topografiara hurbiltzea.

Kantabriako Historiaurrearen Ikerketen Nazioarteko Institutuko katedradun César González Sainzek egindako ikerketaren arabera, prozedura teknikoetan dago Armintxeren bereizgarri nagusia. Kalkarenitazko euskarriak (kareharria bezain gogorra eta trinkoa ez dena) zaildu egiten du ohiko grabatze lana (objektu zorrotz bat arrastatzea ildo bat irekiz). Horregatik, marra sinpleak trazatu dira gainazal hori karrakatuz (marrak batez beste 12-15 mm-ko lodiera du, eta oso sakonera txikia, normalean 3-4 mm-koa gehienez).

Gonzalez Sainzek adierazi duenez, grabatutako dekorazioa duten hiru eremu definitu dira, esposizio eta konposizio ezaugarri guztiz desberdinak dituztenak, nahiz eta adierazpenen teknika, formatua eta ezaugarri estilistikoak antzekoak izan. Miaketaren bitartez, irudien kopurua handitu ahal izan da hiru sektoreetan. Guztira, 68 unitate grafiko katalogatu dira: animalien 37 irudi (23 zaldi, 4 bisonte, 4 ahuntz, 2 lehoi, zehaztu gabeko zerbido bat, eta zehaztu gabeko koadrupedo baten 3 zirriborro). Eta zeinu abstraktuak, marra paraleloen sorta ez-figuratiboak, 14 marra, banaka edo serieetan, antolatu gabekoak eta ez-figuratiboak.

Ingurumen azterlan hidrologikoa

Ingurumen azterlan hidrologikoari dagokionez, azken 18 hilabeteetan lur azpiko ibaiaren portaera monitorizatu da, uraren kalitatearen laginketak egin dira egon daitezkeen giza jatorriko kutsatzaileak antzemateko eta gas, tenperatura, presio atmosferiko eta hezetasun erlatiboaren neurketak etaCO2 neurketa puntualak gauzatu dira.

Azterlan horri esker, Lekeitioko saihesbidetik datozen urek lur azpiko ibaiaren goraldi puntak eragiten dituela egiaztatu da eta goraldi horiek ez dute zerikusirik kobazuloko fluxu naturalarekin. Kobazuloa aurkitzen den sistema karstikoaren behealdean gauzaturiko eraikuntza eta urbanizazioek sistema horrek Lea ibaira duen isurbide naturala galarazten du. Bi egoera horiek anomalia berri bat eragin dute denboran, hots, kobazuloaren garapenaren zati baten uholdea; edonola ere, ura ez da iritsi erdi mailako galerietako eta galeria altuetako grabatuen paneletaraino.

Arazo hori konpontze aldera eta urak etorkizunean Armintxeko apaindutako guneak estaltzeko aukerarik eduki ez dezan, kobazuloko fluxu hidrikoa normalizatzea ahalbidetuko duten obrak gauzatuko dira. Lan horietan zehar, Larrotegi sisteman eta, beraz, kobazuloan, landare hondakinak eta zaborrak sartzea saihestuko duen iragazteko geruza bat jarriko da uren sarrera nagusian (Larrotegiko sarbegian) eta fluxu hidrikoaren zati bat Gardata errekara desbideratzeko banaketa kutxatila bat jarriko da.

2019an egitea aurreikusten diren obra horiek amaitutakoan ingurumen parametroen eta parametro hidrogeologikoen bilakaeraren jarraipena egingo da eta datozen urteetarako kobazuloaren kontserbazioa bermatuko duen ingurumen programa bat ezarriko da Armintxeko Behatokia izenburupean, eta Santimamiñeko kobazulorako ezarri zituen eginkizun berberak izango ditu.

Armintxeko aurkikuntza

Orain dela zenbait hamarkada Letraukuako guneko urbanizazio-obren ostean galdu zen Armintxeko kobazuloa 2016an berraurkitu zuen ADES espeleologia taldeak eta horri esker, paleolito garaiko berrogeita hamar bat grabatu aurkitu zituzten.

Labar-artearen multzo horren garrantziaren gako nagusia, grabatuen kalitateaz gain, erabilitako teknika da (hormaren azalean argi eta garbi ikus daitekeen bezala); izan ere, irudikapenak lerro argi bat eta efektu ia piktoriko bat sortzen duten mikrozartatzeak eragiten dituen arrastearen bidez gauzatu baitziren.

Goi-paleolitoko grabatuek (Madeleine aldikoak) beste berezitasun bat dute, grabatu horietan Kantauri aldean ezohikoak diren irudiak agertu baitira, hala nola, katuak.


Argazkiak