2018(e)ko azaroaren 13(a) 10:30

Bizkaiak 6.902,9 milioi euro bildu ditu, urrira arte; iaz baino 400,6 milioi euro gehiago

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Hamar hilabeteotako diru-bilketa 2018ko ekitaldi osorako tributu-sarreren aurrekontuaren %93 da.

Bizkaian urtearen lehen hamar hilabeteetan tributu itunduak direla-eta bildutakoa 6.902,9 milioi euro izan da. Iaz bildutako kopuruaren aldean, 400,6 milioi euro gehiago da; hau da, % 6,2ko gehikuntza bat. Urrira arte bildutakoa 2018rako tributu-sarreren aurrekontuaren % 93 da, hain zuzen, 7.425,3 milioi euro.

Bilketa oso horretatik, 3.587,3 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, zeina % 9,7 hazi den (316,5 milioi euro gehiago). Hazkundea, zuzeneko zergapetzearen kontzeptu nagusietan gertatu da; PFEZak % 4,4 egin du gora, orokorrean (lanaren gaineko atxikipenetan, % 3,2), Sozietateen gaineko zerga, berriz, % 27,4 gehitu da. Ondarearen gaineko zerga ere hazi da, % 6,9; oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga dela-eta bildutakoa, ordea, gutxitu egin da, % 0,5.

Zeharkako zergek 2.727,2 milioi euro ekarri dute, hau da, % 7,2 gehiago, 2017. urtean bildutakoaren aldean (193,8 milioi euro gehiago). Urrirako, kontabilizatuta egon dira beste foru-aldundiekin egin beharreko barneko doikuntzak, hiru hiruhilekoei dagozkienak. Doikuntza horiek direla eta, Bizkaiak 923,0 milioi euro transferitu dizkie Arabari eta Gipuzkoari. Transferitu den kopuruak ere gora egin du; 141,4 milioi euro, BEZari dagozkion doikuntzetan (532,4 milioi) eta zerga bereziei dagozkienetan (390,6). Banaketa honela izan da: 230,0 milioi Arabarentzat, eta 693,0 milioi Gipuzkoarentzat.

Zuzeneko zergen kasuan, barruko doikuntzak kenduta, Aldundiak berak kudeatzen duen BEZa % 14,1% hazi da; hidrokarburoen gaineko zerga dela-eta bildutakoa, ordea, % 2,2 jaitsi da. Bestalde, tasak eta beste sarrera batzuk direla eta, 53,2 milioi euro bildu dira, 2017. urteko aldi berean baino 2,5 milioi gutxiago.

Horrenbestez, Aldundiak berak kudeatzen dituen tributu itunduak direla-eta bildutako kopuru osoak gora egin du; hain zuzen, % 7,8 (507,8 milioi gehiago) hazi da, 2017. urteko aldi berearekin alderatuta.

Hirugarren hiruhilekoan Estatuarekin egindako doikuntzaren ondorioz, Bizkaiak, batetik, 663,0 milioi jaso ditu, BEZa dela-eta, —% 11,8 gutxiago, 2017. urtearekin konparatuta—, eta, bestetik, 127,9 milioi gutxiago ordaindu ditu zerga bereziak direla-eta; beraz, ordaindutakoak % 17,1 behera egin du.