2018(e)ko azaroaren 12(a) 13:18

Bizkaibusek bere 17 markesina berrietako lehenengoa jarri du Muskizen

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioako Saila

- Aurten egindako lizitazioaren emaitza dira. - Gainerakoak lurraldeko beste herri batzuetan jarriko dira.

De izda. a drcha., Vidal Martinez; Miguel Ángel Gómez Viar; Borja Liano y Eduardo Briones.

Aurten egin den lizitazioan jasotako Bizkaibusen hamazazpi markesina berrietatik lehenengoa gaur goizean jarri da Muskizen. Miguel Angel Gomez Viar Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatua eta Borja Liaño Abarrategi alkatea izan dira han.

Zehazki, Crucero kaleko 4. zenbakian jarri da markesina. Bizkaibusek Muskizeko hirigune erdi-erdian duen geralekua da, eta egunero bidaiari gehien dituena.

Garraioen titularrak gogoratu du helburuak ez dela Bizkaibusen markesina guztiak aldatzea, ezinezkoa baita. Esan du helburua dela, astiro-astiro, egoera txarrean daudenak aldatzea, edo markesinarik ez duten geraleku berrietan jartzea. Muskizen kasu zehatzean, Gomez Viarrek adierazi du udalak egindako eskaera betetzen ari direla, markesina berrietako bat izan nahi zutela jakinarazi baitzuten. Eskaera aztertu ondoren, ikusi zen geralekuaren ezaugarriak (erdialdean kokatuta egotea eta bidaiari kopurua) egokiak zirela, eta horregatik erabaki zen ordeztea.

Bestalde, Borja Liaño Muskizko alkateak aurkezpen-ekitaldian nabarmendu du, Aldundiaren ekimen honi esker, udalerrietan lantzen ari diren irudi modernoagoa lortu ahal izango dela. Halaber, garrantzia eman dio erakundeek pertsonen mugikortasunaren eta erosotasunaren alde elkarlanean egiten ari diren apustu sendoari. Liañok zehaztu du ezinezkoa dela markesina guztiak aldatzea, baina lehenengo hau erakundeek garraio publikoa hobetzeko bidean lortu nahi dutenaren adierazle argia dela.

Gainerako markesinak hurrengo asteetan jarriko dira Bizkaiko beste herri batzuetan.

Aurkezpen-ekitaldian izan dira Eduardo Briones Lertxundi Muskizeko Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen zinegotzia eta Vidal Martinez Garraioak Sustatzeko zuzendaria ere.

Diseinu esklusiboa

Muskizeko markesina berriak Bizkaibuserako esklusiban diseinatutako egitura du. Hiru modulu ditu, 1,5 metroko luzera dutenak. Oraingoak baino gardenagoa da; beraz, inguruan eta barruan gertatzen dena ikusteko aukera ematen du, eta diseinu modernoagoa eta berriagoa du.

Horrez gainera, bereziki landu da argiteria, gune ilunik edo puntu beltzik egon ez dadin, arriskutsuak izan daitezkeelako. Inguruabar horrek eta gardenagoak izateak seguruagoak egiten ditu, bereziki emakumeentzat.

Berritasunak ditu mugikortasun murriztua duten pertsonei iristeko bidea errazteko: euskarri iskiatiko handiago bat du albo batean ainguratuta, edo gurpil-aulkientzako seinaleztatutako espazio bat. Bankuek beso-euskarriak dituzte, erabiltzaileak erosoago egon daitezen. Euskarri iskiatikoa eta bankua altzairu herdoilgaitzekoak dira.

Halaber, gehiago errespetatzen da ingurumena, ehuneko ehunen birziklagarriak diren materialez eginda baitaude, eta led teknologia dute, kontsumo txikiko lanparekin.

Euri-ura kentzeko bidea ere hobetu da, erreten baten bidez. Erreten hori ez da ikusten metalezko egituran sartuta baitago. Zur laminatuz egindako egiturak tratamendu berezia du onddoen eta intsektuen agerpena ekiditeko.


Argazkiak