2018(e)ko azaroaren 08(a) 11:02

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren aurrekontuek finkatu egiten dituzte legealdi-planeko jarduketak

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Foru sail honek 75,9 milioi euro izango ditu, eta nekazaritza-sektoreko ekoizleak babesten jarraituko du, Nekazaritza Zuzendaritzaren aurrekontuaren 10 eurotatik 8 bideratuz beren jarduera garatzeko diru-laguntzetara. 2019an, 1,7 milioi euro gehiagoko partida bat izango du sailak laguntza eta esku-hartze ildoetan, eta zenbateko horiek basogintzara bideratuko dira, pinuen gaixotasunari aurre egiteko. Halaber, ingurumen-azpiegiturak sortzearen aldeko apustuari eutsi zaio, eta, besteak beste, hondakinen kudeaketa hobetzea helburu duten azpiegiturak sortuko dira.

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu Elena Unzuetak gaur aurkeztu du, Batzar Nagusietan, foru sail honen 2019ko aurrekontua; kontu horiek finkatu egin dituzte legealdi-planean aurreikusitako jarduketak. Unzuetaren taldeak, hurrengo urtean egin beharreko jarduketei begira, izango duen aurrekontua 75,9 milioi euro da, eta, hori baliatuta, eutsi egingo zaie lehen sektorearen babesari eta lurraldeko hondakinen kudeaketa hobetzeko apustuari.

Kontuak aurkeztean —horien zenbateko osoa, langileen gastuei buruzko kapitulua kendu gabe, 97,5 milioi euro da— sail horretako bi zuzendaritzen partida ekonomiko nagusiak bereizi ditu Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. Ingurumenekoak aurrekontuaren % 57,48 kudeatuko du (43,6 milioi euro), bi programatan banatuta: ingurumen-azpiegiturena eta ingurumenaren babesarena.

Programa horietan lehenengoak sailak eskuragarri duen aurrekontuaren ia erdia hartzen du: 38,2 milioi euro. Hark biltzen ditu inbertsio garrantzitsuenak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekiko ur-hornidurarako nahiz saneamendurako hitzarmenari lotutakoak eta hondakinen kudeaketa helburu dutenak; horrez gain, hondartzak zein atsedenlekuak mantentzera eta kontserbatzera bideratutako partidak biltzen ditu programa horrek. Haren barruan, zenbatekorik handiena, 20 milioi euro, hondakinen kudeaketarako erabiliko da, eta diru horrekin finantzatuko dira jarduketa hauek: Artigas zabortegiko ezkerreko ibarbidea ixtea (ia 4 milioi euro), Konpostegia handitzea (ia 4,5 milioi euro), eta zatiki organikoaren edukiontzia —bosgarren edukiontzi esaten zaiona— jartzeko laguntzak (880.000 euro), besteak beste. Horrez gain, 10 milioi euro bideratuko dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekiko hitzarmenera, ur-hornidura nahiz saneamenduko azpiegiturak egite aldera. Partida hori txikitu egin da, 2018an hitzarmen horretara berera bideratutako zenbatekoarekin alderatuta, eta horrek eragin du sailak duen aurrekontua ere murriztea.

Gainera, ingurumen-azpiegituren programa horrek 571.000 euroko partida bat barne hartzen du, gure lurraldeko ibaien kalitatea zein estazio meteorologikoak eta hidrologikoak kontrolatzea helburu duena.

Hondartzen kudeaketa integralera 5,7 milioi euro bideratuko dira, eta zenbateko hori garbiketa- nahiz mantentze-lanak, jardueren kontrola eta Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzua ordaintzeko erabiliko dira. Beste 2,4 milioi euro, berriz, atsedenlekuak mantentzeko eta kontserbatzeko lanetan inbertituko dira.

Babesari eta ingurumenari buruzko bigarren programak 5,4 milioi euro jasoko ditu, eta zenbateko horrekin, alde batetik, ingurumen hezkuntzako jarduketak egingo dira, eta bestetik, Bizkaiko natura ondarea zaintzekoak. Lehenengoen artean, "Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioa" ikerketa proiektuarekin dagoen lankidetzarekin jarraituko da (90.000 euro), Getxoko Akuarioaren jarduera babesten segituko da(250.000 euro) eta toki-administrazioekin, ikastetxeekin, familiekin eta beste gizarte eragile batzuekin egindako ingurumen jarduketak sustatuko dira zenbait programaren bidez (124.000 euro) eta Urdaibai Bird Center-eko jardueraren bidez (60.000 euro). Gainera, zaratari buruzko ekintza plan bat garatuko da (30.000 euro), eta diru-laguntzak emango zaizkie udalei nahiz mankomunitateei eraginkortasun energetikoko proiektuak abian jartzeko (milioi bat euro).

Natura ondarea zaintzeari buruzkoetan, partida garrantzitsuena Natura 2000 Sarea hobetzeko eta haren leheneratze ekologikoko basogintza lanei dagokie (1,2 milioi euro). Alor hauei buruzko partidak ere aipatu behar dira: parketxeak eta Gaztelugatxeko Biotopo Babestua (828.209 euro), fauna eta flora mehatxatuen espeziei jarraipena egiteko azterlanak (490.000 euro) edo vespa velutinaren habiak kentzea (259.000 euro).

Lehen sektorerako laguntza

Nekazaritza Zuzendaritzak 2019an 27,12 milioi euro kudeatuko ditu eta 22,08 milioi euro erabiliko lehen sektoreari laguntzeko, hau da, bere aurrekontuko hamar eurotik zortzi (22 milioi euro). Alor honetako berrikuntza nagusia da 1,7 milioi euro gehiagoko partida bat izango dela laguntza eta esku-hartze ildoetan, pinuen gaixotasunari aurre egiteko.

Zuzendaritza honen laguntzen artean, zenbateko handienekoak 2015-2020 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren barnean dauden Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (FEAGA) finantzatutakoak dira (7,7 milioi euro); basoko laguntza planekoak (4,12 milioi euro); nekazaritza ustiapeneko inbertsioetarako eta nekazari gazteek sortutako enpresetarako laguntzak (3,7 milioi euro); muga garrantzitsuak dituzten eremuetako zailtasun naturalak eta ordezkapenak konpentsatzeko direnak (2,4 milioi euro) eta ingurumen, nekazaritza, klima eta nekazaritza ekologikoko neurriak hartzekoak (1,5 milioi euro).

Aurrekontuaren barnean dauden beste laguntza batzuk hauek dira: Landa Garapenerako Elkarteen funtzionamendua finantzatzekoak eta landa garapeneko proiektuei laguntzekoak (712.000 euro); lurraldeko abeltzaintza elkarteetarako direnak genealogi liburuak kudeatu, etekinak kontrolatu eta azokak sustatu ahal ditzaten; edo nekazaritza elkarteek jasotzen dituztenak elkartegintza bultzatzeko, prestakuntzarako edo sustapenerako jarduerak egiteko (800.000 euro, guztira).

Nekazaritza Zuzendaritzaren partidan beste gai batzuk ere jasotzen dira laguntzak alde batera utzita, esaterako: 352.000 euroko inbertsioa suteak prebenitzeko lanak egiteko, 517.000 euro abereentzako osasun programak garatzeko, edo Gorlizko Foru Abeletxean behi piriniotarra hobetzeko garatzen den programarekin jarraitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan alor horretan erreferentziazkoa den zentroa (134.000 euro).

Teknologia berriak

Bestalde, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak datorren urtean 3,39 milioi euro erabiliko ditu informatikako foru plana garatzeko; izan ere, legealdi honetako apustu garrantzitsuenetako bat teknologia berriak barneko lana hobetzeko erabiltzea da eta, horrez gain, egunero lan egiten den profesionalen bizi-kalitatea erraztuko eta hobetuko duten tresnak ezartzea.

Sailari atxikitako bi sozietate publikoei dagokienez, Garbikerrek 39,28 milioi euroko aurrekontua izango du eta Basalanek, 6,89 milioikoa.