2018(e)ko azaroaren 09(a) 11:08

Bizkaiko aurrekontuaren gehikuntzako 4 eurotik 3 pertsonentzat eta Gizarte Ekintzako proiektu estrategikoetarako dira

Gizarte Ekintzako Saila

Gizarte Ekintzako Foru Sailak 537,76 milioi euroko aurrekontua izango du 2019an eta munta hori foru erakundean eskuragarri dagoen aurrekontu osoaren % 42,9 da. Sailak eskuragarri duen aurrekontuak % 8,73ko gehikuntza eduki du aurreko ekitaldiko kontuekin alderatuta; horrek esan nahi du 43 milioi euro gehiago daudela adineko pertsonen, desgaitasunak dituzten pertsonen eta umeen arretaren arloan gero eta handiagoak diren beharrizanei erantzuteko. Kontu hauekin Bizkaiak bermatu egiten du Lurraldeko pertsona guztiak babesteko sarea, eta 6 milioi euro jarri dira gizarte proiektu estrategikoetarako: Pertsona Zaintzaileen Estatutuan jasota dauden neurriak eta Lurraldean zilarrezko ekonomikoa sustatzeko estrategia.

Isabel Sánchez Robles, Bizkaiko Batzar Nagusietan

Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Isabel Sánchez Roblesek, bere Sailaren datorren 2019ko aurrekontuak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan; aurrekontu horren munta 537.760.000 euro da. Zenbateko hori Foru Aldundiaren sail guztiek eskuragarri dutenaren % 42,9 da. Gizarte Ekintzak iazko ekitaldiarekin alderatuta sail guztien artean egon den hazkuntzaren % 74 jaso du.

Isabel Sánchez Roblesek azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundia ahalegin oso handia egiten ari dela berriz ere sailentzat eskuragarri dagoen hazkuntzaren atal oso handia Gizarte Ekintzarako destinatzen duenean.

Aurrekontu honekin Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du behinena den bere lehentasuna: pertsonak, eta bermatu egiten du gizarte babeseko sarea eta, aldi berean, aurrera egiten du bere zerbitzuen garapenean eta partida garrantzitsuak erreserbatzen ditu bere proiektu estrategikoetarako. Ildo horretatik Foru Erakundeak 4 milioi euroko zuzkidura ezarri du Pertsona Zaintzaileen Estatutuan jasota dauden neurriak betetzeko eta milioi bat eta erdi euroko zenbatekoa jarri du Lurraldean zilarrezko ekonomikoa sustatzeko estrategia betetzeko; munta horretatik milioi bat etorkizuneko Nagusi Intelligence Centre-rako da.

Gizarte Ekintzako diputatuak behin eta berriz gogorarazi du zaurgarritasun egoeran dauden Bizkaiko pertsona guztien bizitza duina eta osoa garatzen laguntzeko konpromisoa eta ondore horretarako Bizkaian 95.000 pertsona baino gehiagorengana iristen den sare unibertsala modernizatzen jarraitzeko erremintak lortzen jarraitzen dela: Aurrekontu honi esker umeak babestearen arloko gero eta beharrizan handiagoei erantzuteko gauza izango da, adineko pertsonei eta desgaitasunak dituzten pertsonei arreta eskaintzeko zentroen sarea finkatzen dugu, aurrera egiten dugu pertsona zaintzaileak laguntzeko neurrietan eta aurrekontuko zuzkidura daukagu Lurraldean zilarrezko ekonomikoa sustatzeko estrategiarako.

Adineko pertsonak: 220,48 milioi euro

Bizi-itxaropena etenik gabe hazten doa eta, horren ondorioz, biztanleriaren zahartze prozesu bat ari da gertatzen, eta gure Lurraldean ere aspaldi nabarmentzen da fenomeno hori. Legegintzaldi honen amaierarako Bizkaiko pertsonen % 23 65 urtetik gorakoak izango dira. Horien artean, mendekotasun egoerarik handienean daudenek zentroak behar dituzte arreta jasotzeko. Adineko pertsonentzako zentroetarako aurrekontua ekitaldi honetarako 220.481.082 euro da eta horrek esan nahi du Sailak eskuragarri duen munta osoaren % 41 dela.

Desgaitasunak dituzten pertsonak: 94 milioi euro

Desgaitasunak dituzten pertsonen arretari dagokionez apustu sendoa, aurten ere, desgaitasunak dituzten pertsonei eta horien familiei laguntzeko bitartekoak eta baliabideak mantentzea da. Horrela 93.988.241 euroko aurrekontua ezarri da, eta iaz jarri zen muntan % 8,9ko gehikuntza egon da. Mantendu egiten dira desgaitasunak dituzten pertsonentzako eta horien familientzako egoitzen eta eguneko arretako zerbitzuen arloko baliabideak, eta aurten abian jarri diren zerbitzu batzuk urtekotu dira. Halaber, mantendu egiten da Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearekiko erakunde batzuekin dagoen aliantza estrategikoa; aliantza horren bidez erakunde horiekin ehun lankidetza hitzarmen baino gehiago harpidetu dira egoitza-zentroetan eta etxebizitzetan 1.268 plaza kudeatzeko (51.171.000 euro) eta 1.355 plaza kudeatzeko eguneko arreta zentroetan (17.183.000 euro). Horiek ez ezik, zuzeneko kudeaketako beste 185 plaza batu behar zaizkie egoitza-araubidean eta 69 plaza eguneko arreta zentroetan.

Umeak: 56,83 milioi euro

Umeei arreta eskaintzeko ezarri den aurrekontua 7.710.000 eurokoa da. Munta hori osotzeko adingabekoei egoitzan arreta eskaintzeko zerbitzuari aurre egiteko partida dago (49,13 milioi euro).

Umeen Programaren barruan Foru Aldundiak babes-gabezia egoeran edo egoera hori sufritzeko arrisku larrian dauden umeak eta nerabeak babestearen arloko ekintza guztiak biltzen dira eta horretarako babes-gabezia egoera horretan dauden adingabekoengan zuzeneko eragina duten esku hartzeko programak garatzen dira; arlo horretarako 2019ko ekitaldian aurrekontuaren gehikuntza % 7,7 da.

Gizarte Ekintza Sailak, beste programa batzuen bidez, esku hartze prebentiboak garatzen ditu; adingabeko pertsonak euren familien inguruan jarraitzea, jarraitze hori positiboa den guztietan eta euren interesen kontrakoa ez denean; adingabeko pertsona derrigorrez bere familiaren taldetik bereizi behar den kasuetan familia mailako alternatibak bilatzea eta, adingabekoaren onerako den kasuetan, berriz ere familiaratzea lortzeko jarduketen sustapena.

2019ko ekitaldian familia-abegiaren mailako konpentsazio ekonomikoen gehikuntza % 4,63 da eta horien munta 1,9 milioi euro da, eta horri esker aukera dago gaur egungo laguntzak baino handiagoak emateko. Halaber, 125.000 euroko aurrekontuko partida ezarri da datorren urtean zehar familia-abegi espezializatuaren programa bat garatzeko.

Mendekotasunaren arloko prestazioak eta diru-laguntzak: 96 milioi euro

Programa honen barruko aurrekontua 95.974.000 euro da eta datorren ekitaldian duen gehikuntza % 8,94 da, hau da, 7.878.000 euro gehiago. Kapitulu honetan 63,34 milioi euroko zuzkidura dago familiaren inguruan zaintzen prestazioa egiteko eta horren barruan bi milioi euro daude eskatuko duten desgaitasunak dituzten pertsonen zaintzaileentzako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko (BGAE) planen ekarpenetarako. Dena dela, zabaldu egin daitekeen partida bat da.

Kapitulu honetan, berrikuntza moduan, 2,86 milioi euroko zuzkidura jarri da familiaren inguruan zaintzen prestazioa jasotzeko onuradunak diren mendekotasundun pertsona zaintzaileei urtean 15 eguneko atsedenaldia ematea sustatzeko.

Ebaluazioa eta orientazioa: 7,76 milioi euro

Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuaren zuzkidura 7.769.000 euro da, 2018ko ekitaldian baino % 8,66 gehiago; hazkuntza hori derrigorrezkoa izan da balorazioen berrikuspenen arloan gertatzen ari den etenik gabeko gehikuntzari erantzuteko. Kapitulu honen barruan, halaber, arreta goiztiarren kontzertaziorako ezarri den partida sartzen da, 2019an 4 milioi eurokoa dena.

Garrantzitsuak diren beste partida batzuk

Ildo honetatik, azpimarratu behar da aurten Gizarte Ekintza Sailak 2,78 milioi euroko partida bat edukiko duela Tutoretza Erakundea (BTE) finantzatzeko.

Azken finean, Bizkaiko Foru Aldundiak etenik gabe urratsak ematen jarraitzen du gizarte zerbitzu publiko aurreratuak finkatzeko, horri esker Bizkaia integratzaileagoa eta inklusiboagoa eraikitzen ari delako. Honek guztiak, azaldu du Isabel Sánchez Roblesek, bete egiten du Gobernu honek izaera aurreratuko erantzukizun publikodun gizarte zerbitzuen sarea finkatzeko eta garatzeko duen asmo sendoa; gure xedea Bizkaiaren bizi-kalitatea hobetzea da, inor bertan behera eta atzean utzi gabe.


Argazkiak