2018(e)ko urriaren 18(a) 13:37

Aldundia Etxebarria eta Markina-Xemein arteko saihesbide-proiektuan hasi da lanean

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea - Ahaldun Nagusia

Markina-Xemeingo herrigunetik egunean milaka ibilgailu igarotzea saihestuko da, horrela udalerriko segurtasuna hobetu eta isurketa kutsatzaileak murriztuko direlarik

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur goizean iragarri du Etxebarrira egindako bisita batean Aldundiak hasi dituela Etxebarria eta Markina-Xemein arteko saihesbide-proiektua abiarazteko beharrezko tramite edo izapideak. Zehazki, Unai Rementeriak iragarri du joandako irailean egin zela proiektuaren idazketaren adjudikazioa eta orain proiektua amaitzeko 15 hilabeteko epea dagoela.

Rementeriak goraipatu nahi izan du Lea Artibaik industri eskualde gisa duen garrantzia eta adierazi du lehentasun osoa duela foru erakundearentzat konektibitatearen gaiak. Horrela, Ahaldun Nagusiak gogorarazi du amaitu berri dela BI-2636 errepidearen Etxebarriko hobekuntza, urtebeteko lanen eta Aldundiaren 2,4 milioi euroko inbertsioaren ostean. Asko kezkatzen gaituen gai bat dago, konektibitatearena, hain zuzen ere. 2,4 milioi euro inbertitu ditugu Etxebarria eta Markina arteko errepidearen hobekuntzan. Eta Markinako saihesbidea eraikitzeko proiektua ere adjudikatu dugu, ibilgailuak herrigunean zehar igaro daitezen ekiditeko. Adjudikazioa 400.000 eurotan egin da eta egiteko epea 15 hilabetekoa izango da. Gainera, BI-633 Urberuaga-Plazakola-Berriatua errepidea hobetzeko lanen hurrengo tartea adjudikatzera goaz iragarri du Ahaldun Nagusiak.

Etxebarria eta Markina-Xemein arteko saihesbide-proiektuak dagoeneko lehendik eginda dagoen saihesbidea osatuko du, Bi-4404 Markina-Iturrietan hasi, eta Markinako herrigunea hegoaldetik inguratu ondoren, BI-3448 Aulesti-Markina bidegurutzean BI-633 Durango-Ondarroa errepidearekin bat egiten duen ibilbidea osatzeko.

Jarduketa horri esker, ekidingo da milaka ibilgailu Markina-Xemeingo herrigunearen erditik igarotzea, ondorioz udalerriko bide-segurtasuna eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetu egingo delarik. Etxebarria eta Markina-Xemein lotzen dituen BI-2636 errepidearen batez besteko intentsitatea egunean 3.900 ibilgailu ingurukoa da, eta ibilgailu horien % 8,7 ibilgailu astunak dira.


Bideoak


Audioak