2018(e)ko urriaren 12(a) 10:00

Zorroa dekretuan aurreikusitako adinekoentzako eguneko laguntza-zerbitzua emateko akordioa berretsi dute Aldundiak eta EUDELek

Gizarte Ekintzako Saila

Akordio marko horrek mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta integrala eta jarraitua erraztuko du, foru titulartasunekoak diren eguneko zentroetan nahiz udalarenak diren eguneko arreta zerbitzuetan. 2020. urtera arte egongo da indarrean.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek bi erakundeen arteko lankidetzarako akordio markoa berretsi dute eguneko arreta zerbitzuan eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako xedaturiko eguneko zentroetan jarraitutasuna artikulatzeko xedearekin, eta, aldi berean, lurralde osoan koherentzia lortzeko helburuarekin, Euskadiko gizarte zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde-arteko Mahaiaren baitan sinatu den hitzarmena EUDELen Bizkaiko Lurralde Batzordeak (lurraldean erabakiak hartzeko eta tokiko ordezkaritzarako organoa) onartu du bere azkenengo ohiko bileran. Akordioak, orain, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren onespena jaso berri du urriaren 9ko bileran.

Hori dela bide, Gizarte Ekintzako foru sailak eta lurraldeko udalek, azterketa egin osteko balorazioan mendekotasun-maila aldatzen bada, arreta integrala eta jarraitua eskainiko diete adineko pertsonei.

Gizarte Zerbitzuen Legeak eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Zorroa arautzen duen 185/2015 Dekretuak lehen mailako arretako zerbitzu gisa -eta, beraz, udalek edo mankomunitateek hornitu beharrekoa- ezarri ditu I. graduko mendekotasun aitortua duten (25 eta 39 puntu) adineko pertsonentzako aldi baterakoak edo iraunkorrak diren eguneko arreta zerbitzuak. Era berean, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzu gisara eta ondorioz, zerbitzua hornitzeko, 39 puntu baino gehiagoko mendekotasun maila duten pertsona helduei zuzendutako zerbitzua edo eguneko zentroa finkatu du Foru Aldundiak.

Hala, mendekotasunaren balorazioa berrikusi ostean pertsona erabiltzaileek udalaren eskuduntzako eguneko arreta zerbitzua erabili ahal izateko baldintzak betetzeari utziko baliote, foru izaerako baliabide bat erabili ahal izateko aurrerapausoa emango dute; horrela, arretaren jarraitutasuna bermatuz.

Akordio marko hori 2020ko ekitaldira arte egongo da indarrean. Nolanahi ere, indarraldia bukatu aurretik bi aldeek indarraldia lau urte luzatzea adostu ahal izango dute. Era berean, bi aldeen erakunde-arteko lankidetzarako tresna gisa, udal eta foru ordezkariek osatutako jarraipen batzorde bat ezarriko da, eta gutxienez, urtean behin bilduko da. Bizkaiko Lurralde Historikoko Zorroari buruzko Dekretua garatzearekin eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Mapa zabaltzearekin bat datorren metodologia baten bidez gauzatu da akordioa. Hori guztia, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDELen elkarlanari esker.

Bizkaiak 51 eguneko zentroz osatutako sarea du eta, guztira, foru erantzukizuneko 1.373 plaza eskaintzen ditu.