2018(e)ko urriaren 11(a) 14:13

Bizkaiak Euskadin larrialdi egoerei aurre egiteko funts baten sorrera bultzatu du

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Unai Rementeriak momentu ekonomiko ona aprobetxatzeko eskatu du, inbertsio produktiboak egiteko eta enpleguaren kalitatea hobetzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoek ezusteko larriei aurre egiteko diru-hornidura bat gorde beharko luketela uste du. Foru Aldundiak 2019rako diru-bilketaren aurreikuspen bat aurkeztu du Dirubideen Euskal Kontseiluan; aurreikuspen horrek 7.868 milioi euroko zenbatekoa gaindituko du, horrela, muga berri bat markatuz.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ematen diren ezohiko egoeren aurrean esku-hartzea finantzatzeko funts bat sortzeko proposamena aurkeztu du Dirubideen Euskal Kontseiluan. Proposamen hori, hiru foru aldundiek, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak aztertuko dutena, funts hori sortzeko urteko 10 milioi euro inguruko ekarpenak (banatu beharreko diru-sarreren % 0,1) egitean datza. Funtsak 50 milioi euroko gehieneko hornidura lortu dezake.

Funts horrek fenomeno meteorologikoek edo bestelako fenomenoek eragindako ezohiko egoeren ondoriozko ezusteko jarduketak finantzatzeko beharraren aurrean bizkor erantzutea ahalbidetuko luke. Larrialdietarako funtsaren ideia bota ostean, Rementeriak ideia horren inguruan hausnartzera gonbidatu ditu foru aldundiak, Gobernua eta udalak, elkarrekin, funts hori nola kudeatu eta zein jarduketetara bideratu definitzeko.

2019. urteak muga berri bat markatuko du diru-bilketan

Ezohiko egoerei aurre egiteko funtsaren proposamena botatzeaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak egungo ekitaldirako (2018) eta 2019rako bere diru-bilketa aurreikuspenak aurkeztu ditu Dirubideen Euskal Kontseiluan. Aurtengoari dagokionez, ekitaldia 7.591,1 milioi euroko diru-bilketarekin ixtea aurreikusten da; horrek, 2017arekin alderatuta, % 1,2ko hazkundea suposatuko luke, eta ekitaldi guzti honetarako zergen bidezko diru-sarreren aurrekontuari dagokionez, berriz, % 2,2ko hazkundea (165,7 milioi gehiago).

2019rako, Foru Ogasunak 7.868,3 milioi euro biltzea aurreikusten du. Kopuru hori % 3,7 handituko luke 2018rako aurreikusitako diru-bilketa osoa, horrela, euskal ekonomiaren BPGaren hazkundearen aurreikuspenarekin (% 3,8a) parekatuz. Itundutako zergen kontzeptu nagusien artean, 2019an Bizkaiak 2.803,6 milioi euro bilduko ditu PFEZren bidez; 770,6 milioi sozietateen zergaren bidez; 3.032,5 milioi BEZaren bidez; eta 825,5 milioi zerga berezien bidez.

Gasteizen egindako bileran, Dirubideen Euskal Kontseiluak foru aldundiek 2019an erakunde erkideetara ekarriko dituzten 10.155 euroak banatzea adostu du. Kopuru horretatik, Bizkaiak % 50,41a jarri beharko du (5.119,2 milioi euro), Arabak eta Gipuzkoak, berriz, gainerako % 49,59a.

Zuhurtzia eta erantzukizuna

Diru-bilketaren hazkundearen aurrean, ekonomiaren hobekuntzarekin bat etorriz, Bizkaiko ahaldun nagusiak etorkizunaren aurrean zuhurtzia eta erantzukizuna mantentzeko eskatu du, horrela, orain bezain ondo ez doanerako prestatuz. Bizkaiak horretan diharduela adierazi du, jarduera eta enplegua sortzen duen inbertsio publikoa berreskuratzen. Bestalde, I+G+Ban inbertsioak egitera animatu ditu enpresak, kalitatea beren lehiakortasunaren faktore nagusia bilakatzeko. Era berean, ekonomiaren hobekuntza soldatetara eta enpleguaren kalitatera eramateko deia egin du berriro, izan ere, gizarte osoarentzako izango da onuragarria.