2018(e)ko urriaren 11(a) 10:38

Bizkaia Industria Ondarearen Europako epizentro bilakatuko da

Euskara eta Kulturako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak Industria Ondarea kudeatzeko lan-ildoak lantzeaz arduratzen den adituen nazioarteko batzordean parte hartuko du. Urriaren 15ean eta 16 egingo diren jardunaldietan Europako Ondareari buruzko Hausnarketa Taldearen lan-bilera eta sarrera librea izango duen jardunaldi ireki bat ere antolatu dira.

Ondarearen Europako Urtearen harira, eta Bizkaiko Zubia martxan jarri zenetik 125 urte bete direnean, Bizkaiko Foru Aldundia, Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa, Bilboko Portua eta Bizkaia Zubia batu egin dira XXI. mendeko industria ondarearen gizarte-balioa lurralde garapenaren faktore gisa hausnartu eta aztertzeko baliatuko diren topaketak antolatzeko.

Lehenengo topaketa urriaren 15ean garatuko da, 9:00etan, Bilboko Arte Ederren Museoan.  Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak gaiaren inguruko munduko hainbat herrialdetako (Austria, Belgika, Bulgaria, Kroazia, Txipre, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Lituania, Luxemburgo, Herbehereak, Norvegia, Polonia eta Errumania) adituak bilduko dituen jardunaldiaren irekieran parte hartuko du.

Bizkaiko Foru Aldundia lantaldeko zati aktiboa izango da. Lantalde horretan, Kulturako zuzendari nagusiak lurraldearen garapenerako faktore gisa kultura ondareak duen gizarte-balioari buruzko alderdiak aurkeztuko dizkio Batzordeari.

Urriaren 16an, bestalde, publikoarentzako irekia egongo den "Hitzen zubi bat eraikitzen: industria ondarearen gizarte-balioa" izeneko saioa egingo da Barakaldoko Ilgner eraikinean, sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Jardunaldi horretan Marta Uriarte Bizkaia Zubiko zuzendari nagusiaren hitzaldia egongo da, non zubiaren 125 urteko bizitza aurkeztuko duen. Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, bestalde, kultura ondarearen balio publikoaren inguruan hitz egingo du. Gainera, ‘Eraldatzen ari diren gizarteak’ mahai-ingurua egingo da; bertan, Ars Civilis elkarteko Cristina Gutiérrez-Cortinesek ‘Industria espaziotik industria-kultura ondarera’ aurkezpena egingo du, Sustapen Ministerioko Sonia Hernándezek ‘Kultura eta industria ondarea Espainiako Hiri Agendan’ gaiaren inguruan jardungo da, UNESCOko Oriol Freixak ‘Kultura ondarea eta hiriko etorkizuna’ aurkeztuko du eta Industria Ondarearen Euskal Elkarteko Javier Puertasek ‘Industria ondarearentzako bizitza berri bat’ aurkeztuko du.

Interesdunek izena eman dezakete helbide elektroniko honetara idatziz: info@turinea.com edota telefono honetara deituz: 944967717