2018(e)ko urriaren 10(a) 15:59

Bilbo izango da Yacht Racing Forum 2019 biltzarraren egoitza

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Lorienten (Frantzia) Yacht Racing Forum 2018 –belaren gaineko urteko biltzarrik entzutetsuena– hasteko hamar egun falta direla, hurrengo edizioa, 2019ko azaroaren 25etik 26ra bitartean, Bilbon (Euskadi) izango dela iragarri da

Belaren munduko komunitateak egun hauek markatu behar ditu egutegian Bilbon elkartzeko: 2019ko azaroaren 25a eta 26a. Izan ere, egun horietan, euskal hiriburuan izango da Yacht Racing Forum 2019ko biltzarra.

MaxComm Communication-ek antolatuko du ekitaldia, eta horretan lehiaketako belako pertsona ospetsuak elkartuko dira, hala nola, ekitaldien antolatzaileak, babesleak, diseinugileak, nabigatzaile profesionalak, ontzigileak, komunikabideak, baita aseguru- eta finantza-etxeak ere. Hortaz, aukera paregabea izango dute horiek guztiek harremanetan jartzeko, belaren etorkizunaz eztabaidatzeko eta edonolako negozioak sortzeko.

Oso harro gaude, eta Yacht Racing Forum 2019 Bilbon antolatzeko gogo handia dugu, adierazi du ekitaldiaren antolatzaile Bernard Schopferek. Espainiako iparraldeko hiri hori zoragarria da, oso interesgarria deritzogu bisitatzeko; aldi berean, ahalmen handia du goi-lehiaketako belarentzat. Hiriko agintariak oso dinamikoak dira eta nazioarteko bela-ekitaldiak antolatzeko nahi sendoa dute. Yacht Racing Forum antolatzeak nazioarteko komunitate nautikoari beren xarmak erakusteko aukera emango die bilbotarrei.

Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Bilbao Port dira Bizkaiko hiriburura belaren munduaren biltzarrik entzutetsuena ekarri izanaren erantzuleak, hain zuzen, Atlantik Events enpresaren koordinazioaren eskutik. Izan ere, Bilbon egoitza duen SAIL IN Festival izeneko belari buruzko nazioarteko zinemaldiari laguntza emateagatik da ezaguna enpresa hori belaren munduan.

Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua pozik dago Bizkaia Lurraldearekin hain lotuta dagoen ekitaldiaren hurrengo egoitza izateko aukeratu delako. Bizkaiak itsasoarekin duen lotura hertsia nabarmendu du Pradalesek: Herri ipurtarina gara, marinel-tradiziokoa, nabigatzaile gailenen oinordeko; gure industria itsasoarekin lotuta dago, eta itsas kirolen zale amorratuak gara. Bizkaiko Golkoa Europako badia da, eta itsasoari so egiten jarraitzen dugu, hazten jarraitzeko eta munduan ahalmen handiko toki jatorra eta berritzailea izateko. Ezagutu, bizi eta inbertitzeko tokia izateko.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziarentzat, Bilbo Yacht Racing Forum 2019 biltzarraren egoitza izateak poz eta erantzukizun itzelak dakartza, ekitaldi handiak antolatzeko gaitasuna duen hiri bezala ez ezik, maila guztietan kirol-ekitaldietan espezializatutako hiri bezala ere. Izan ere, arrakasta handiz hartu ditugu Europako Errugbi finalak, Saskibaloiko FIBA Munduko Txapelketa, Badminton Munduko Junior Txapelketa, La Vuelta-ko etapa batzuk, eta 2020an Eurocopa izango dugu berton … Halaber, kirol-topagune profesional asko antolatu ditugu.

Yacht Racing Forum biltzarrak erronka berria dakarkigu, eta oso begirada berezia botatzen dio belaren munduko komunitateari, zeinarekin Bilbok lotura hertsiak dituen, azpimarratu du Ochandianok.

Bilbo da Bizkaiko Lurraldeko eta Euskadiko hiririk handiena. Bizkaia toki paregabea eta aparta da: lurralde txikia, amets handiduna, etorkizunerantz bertoko balioak, nortasuna eta kultura galdu gabe aurrera egiten duena.

Bilbo, Bizkaiko hiriburua, hiri kosmopolita eta atsegina da. 700 urtetik gorako historia du, eta bertan tradizioa eta modernitatea elkartzen dira. Hiriaren eraldaketa -Guggenheim Museoa zabaldu zenean 1997an hasi zena- eredugarria da eta xehe-xehe aztertu da, eta nazioarteko hainbat sari eta aintzatespen lortu ditu. Bilboren garapena, Bizkaiko Lurraldearenarekin batera, ozeanoarekin eta industria-iraultzarekin egon da lotuta historian zehar. Bilbo etengabe aldatuz doa; azken hamarkadotan sakon eraberritu da eta Europako hiririk berritzaileenetako bat bilakatu.

Yacht Racing Forum 2019 biltzarraren datuak eta kopuruak:

  • Yacht Racing Forum 2019 biltzarra Euskalduna Conference Center-en izango da (https://www.euskalduna.eus/el-palacio-euskalduna/el-edificio/). Euskalduna Jauregiaren eraikina Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek diseinatu zuten eta eraikitzen ari den itsasontzi baten irudia da: izan ere, gaur egun Biltzar Jauregia dagoen leku berean lehen Euskalduna ontziola zegoen. Eraikinak Enric Miralles arkitektura-saria irabazi zuen.
  • Yacht Racing Forum 2019 biltzarraren egunak arretaz aukeratu dira, METS Le Nautic - Parisko Erakusketa Nautikoarekin edo gaur arte iragarritako beste ekitaldi batekin batera gerta ez dadin.
  • Gala-afaria azaroaren 25ean -astelehena- izango da, Bilboko Portuko bidaiari-terminalean.
  • Meliá Bilbao izango da Yacht Racing Forum 2019 biltzarraren hotel ofiziala. Kokaleku aparta du hotelak, hain zuzen, Euskalduna Jauregiaren eta Guggenheim Museoaren artean, eta arkitektura zoragarria eta abangoardiako ukitudun euskal sukaldaritza ditu bereizgarri.
  • Yacht Racing Forum 2019 biltzarrean lehiaketako belako pertsona ospetsuak elkartuko dira, hala nola, ekitaldien antolatzaileak, babesleak, diseinugileak, nabigatzaile profesionalak, ontzigileak edo komunikabideak.

Yacht Racing Forum-en izena emateko epea 2018ko biltzarra bukatu ostean hasiko da, hain zuzen ere, 2018ko azaroaren 1ean. Izena emango duten lehenengo 80 pertsonei 100 €-ko beherapena egingo zaie izena emateko kuotan.