2018(e)ko urriaren 06(a) 09:20

Duela 2000 urteko emakumeen alderdiei buruzko hausnarketa Arkeologi Museoan

Euskara eta Kulturako Saila

“Mulieres. Mujeres en Augusta Emerita” Erakusketa urriaren 9tik otsailaren 3ra arte bisitatu ahal izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoan. Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldietan programatzen dituen 300 jarduera baino gehiagoetariko bat da.

Mulieres: Mujeres en Augusta Emerita

"Mulieres: Mujeres en Augusta Emerita" Erakusketa urriaren 9an inauguratuko da Meridako Arte Erromatarraren Museo Nazionaleko zuzendaria den Trinidad Nogales doktorearen aurkezpen eta bisita komentatu batekin. Erakusketa  duela 2000 urteko  emakumeen inguruko alderdiei buruzko hausnarketa da: bizitza publikoa eta pribatua, familia, amatasuna, heriotza, prestakuntza kulturala eta boterea.

Diskurtso hori singularrak eta bakarrak diren 80 pieza baino gehiagotan oinarritzen da; pieza horiek   Augusta Emeritako aztarnategi arkeologikokoak dira. Emakume anonimoak, boteretsuak edo jainkosak, irudikatzen dituzten brontzezko edo harrizko eskulturen bidez, eguneroko objektuen, bitxien edo hilerrien bidez, erromatarren garaiko emakumeen bizitzako funtsezko atal batzuk ezagutzeko ibilbidea egingo da, publikoetatik eta erakunde mailetakoetatik hasita  pribatuetara arte, erlijiosoak edo kulturala ahaztu gabe.

Erakusketa bi eskulturarekin hasten da: bat emakume gazte batena da, ia ume bat, inperioko printzesen erara jantzita dagoena eta ia osorik inguratzen duten soingaineko aberats eta  zabalak dituena; bestea andere handi tradizional batena da  (ama erromatarren ideal femenino bezala),  eta  tunika eta soingaineko batez estalita dago. Kontuan hartu behar da gizarte patriarkal hartan emakumearen zereginik behinena jarraikortasuna bermatzea zela, hala familiaren kasuan nola erkidegoarenean; orduko gizartean erditzerakoan emakumea hiltzea ohoragarria zen, emakume horrek bere gizarte-funtzioa betetzen zuela uste zelako. Horregatik hilarrietan hildakoari buruzko gorespenak eta laudorioak idazten zituzten erakusketan ikus daitezkeenen modukoak.

Dena dela, emakume erromatar batzuek gero eta eskubide handiagoak lortu zituzten, batez ere euren ondare propioa edukitzeko eta kudeatzeko ahalmenari lotutakoak. Erakusketako pieza batzuek erakusten duten bezala emakume horietariko batzuk familien enpresa eta negozioen funtsezko oinarriak ziren; horien artean seguruenik bere jabetzakoa zen  tabernan upel batetik pitxer batera ardoa ateratzen bere jarduera garatzen irudikatuta dagoen Sentia tabernariaren erliebea azpimarratu behar da.

Emakume batzuek, halaber, arteak ikasi zituzten, besteak beste  musika, poesia eta literatura, nahiz eta, batez ere, arteen inspiratzailetzat jotzen zituzten. Izan ere arte horiek babesten zituzten dibinitateak  femeninoak ziren eta musen izenak hartzen zituzten. Gai honi dagokionez erakusketa bisitatuko duen pertsonak  lira jotzen ari den ia 1,50 metroko altuera duen musa baten eskultura ikusi ahal izango du, edo  komedia,  tragedia edo dantzaren bidez adieraziz giza-emozioak aintzatesten ziren antzokietan jartzen ziren menade dantzari batena.

Oso gutxi izan ziren boterearen gailurrera iritsi zirenak eta, hori lortu zutenean, enperadoreak edo Inperioko goi-funtzionarioak izan ziren euren senarren bidez izan zen. Horrelako kasuetan txanpon, erliebe  edo estatuetan irudikatuta agertzen dira familia inperialaren irudi publikoa goratzeko.  Augusta Emeritako Foroko eta Antzokiko Agripina Gaztearen bi erretratu daude erakusketan,  enperadoreen biloba, emazte eta ama eta, onerako eta txarrerako,  inperioko toki guztietako emakume anonimo askoren "eredua" izan zena.

Gizarte estatusa soinekoen eta apaingarrien bidez islatzen zuten eta, horrela, erakusketan urrez eta zilarrez egindako  piezen errepertorio interesgarria erakusten da: diademak, buruko orratzak, idunekoak, belarritakoak, zintzilikariak, gerriko-belarriak, besokoak.... Familiek bitxirik onenak erakusten zituzten ekitaldi publikoetan baina, halaber, bitxi horiekin lurperatzen zituzten.

Diskurtsoa osatzearen ondoreetarako Meridakoak diren pieza hauekin batera Euskal Herriko material arkeologiko batzuk erakusten dira, adibidez     Higerko lurmuturreko (Hondarribia, Gipuzkoa) ainguralekuan aurkitu zituzten Isis  eta Minerva jainkosak irudikatzen dituzten bi brontze, Foruan (Bizkaia) aurkitu zen  eta etxe bateko aldarekoa zen Isis Fortunaren brontzezko estatua txiki bat, Cercia Mara deitzen zen  Galdakaoko (Bizkaia) emakume batek bere nebari dedikatu zion hilarria edo Aloria-Orduñan aurkitu zuen Faustinaren txanpon bat.

Erakusketa hau Meridako Antzerki Klasikoko Nazioarteko Jaialdiaren, Meridako Arte Erromatarraren Museo Nazionalaren, Irungo Oiasso Museo Erromatarraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoaren lankidetzari esker izan da posible.

Erakusketa Bilbora dator gure Lurraldean lehenengoz  oso ederrak diren aparteko pieza hauek erakusteko, harritu egingo gaituzten eta iraganean, orainean eta etorkizunean  emakumeek bizi izan zuten, bizi duten eta biziko duten  egoerari buruz hausnartzera eramango gaituztenak. Oso argi dagoen bezala, egoera horrek gaur egun oraindik ere aldaketa mentalak, ekonomikoak eta sozialak behar ditu.

Trinidad Nogales Meridako Arte Erromatarraren Museo Nazionaleko zuzendariak egingo duen inaugurazio-bisitaren ostean  urriaren 19tik aurrera asteazken eta ostiraletan erakusketan bisita gidatuak egongo dira; dena dela, zilegi da bisita gidatu horiek beste edozein egunetan egitea  aldez aurretik Museoarekin adostuta eta hitzaurrea jarrita.

Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien barruan koordinatzen dituen 300 jarduera baino gehiagoetariko bat da.

Bizkaiak  aurten  Ondarearen Europako Jardunaldien hamazortzigarren edizioa ospatzen du; Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen duen ondare kulturala zabaltzeko programa da, 200 erakunde kultural eta toki erakunde  baino gehiagoren parte hartzea izango duena, baita elkarte kultural askoren laguntza ere. Urrian zehar herritarrek Bizkaiko 70 udalerritan egingo diren doako 300 ekitaldi baino gehiagoz gozatzeko aukera izango dute.

Aurtengo leloa "Ondarea, emakumearen jaraunspena" da eta emakumeek ondare kulturalaren sorkuntzan eta transmisioan duten garrantzia azpimarratzen da eta emakumearen zereginak historian zehar izan duen garrantzian finkatzen da.

Jardueretan parte hartzeko derrigorrezkoa da inskripzioa egitea  eta programazio osoa www.bizkaikoa.bizkaia.eus/jep orrian kontsulta daiteke.


Argazkiak