2018(e)ko irailaren 14(a) 10:30

Aldundiak eta Bilboko Portuak zenbait neurri adostu dituzte Mamarigako tuneletan trafikoaren gaineko eragina txikiagotzeko

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Tuneletako obrek N-644 errepideko trafikoan duten eragina gutxitu nahi da, eta, bereziki, zirkulazioa erraztu Bilboko Portua jatorri/helmuga duten garraio bereziei, hartara bermatzeko portuak bere horretan mantentzen dituela, Bizkaiko motor ekonomiko modura, orain arteko irisgarritasuna eta lehiakortasuna. Errepideen foru-sarea hobetzeko eta modernizatzeko Bidesarea planaren parte dira obrak. Irailaren 17an hasiko dira, eta 8 hilabete iraungo dute, baina, haiei esker, Mamarigako tunelak segurtasun-neurririk modernoei egokituko zaizkie.

Imanol Pradales eta Ricardo Barkala

Datorren irailaren 17an hasiko dira Mamarigako tunelak egokitzeko lanak, N-644 errepidean, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuak konpromiso zehatz bat hartu dute horren inguruan: lanok bizkortzeko eta garraio berezien zirkulazioa kudeatzeko beharrezko diren neurri eta baliabide guztiak ezarriko dituzte, hartara ahalik eta gutxien eragiteko zirkulazioari eta uneoro bermatzeko porturako sarbidea erabilgarri egongo dela eta portuak bere lehiakortasuna gordeko duela.

Imanol Pradalesek eta Ricardo Barkalak eman dute konpromiso horren berri, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru-diputatuak eta Bilboko Portuaren arduradunak. Foru-diputatuak eta Portu Agintaritzaren presidenteak jakinarazi dutenez, bi erakundeok eta zenbait hilabetez obren eragina jasan duten zenbait agentek, elkarrekin zehaztu dituzte neurri batzuk N-644 errepideko zirkulazio orokorraren gaineko eragina murrizteko eta, bereziki, Bilboko Portua jatorri/helmuga duten garraio berezien gainekoa txikitzeko. Zehazki, lanak bizkortzea erabaki da, eta trafikoa kudeatzeko sistema bat jartzea martxan, garraio berezien zirkulazioa normalizatzen laguntzeko.

Halako garraioak estuki loturik daude Bilboko Portuaren lehiakortasunarekin; batez ere, portuarentzat estrategikoak diren industria-jarduerekin, eta, bereziki, off-shore haize-sektoreari loturikoekin.

Mamarigako tunelak 1990an hasi ziren zerbitzu egiten, eta gune estrategiko bat dira Bizkaiko foru-errepideen sarean. Egunero, 17.000 ibilgailu pasatzen dira bertatik, portura zein Zierbena eta Santurtzira heltzeko. Proiektua, beraz, funtsezkoa da azpiegitura hori modernizatu eta beraren bide-segurtasuna hobetzeko, Bizkaiko ekonomiaren motorretariko baterako sarbide nagusia baita errepide-tarte hori.

Lanak bizkortzea eta trafikoa kudeatzea

Ezinezkoa denez lanak gauez bakarrik egitea, lan-txanda gehiago egingo dira, eta giza-baliabide eta baliabide material gehiago jarriko dira, ahalik gutxien iraun dezaten lanen eraginek. Horren ondorioz, tunelen hodietako bat ixtea dakarten lanak 6 hilabetetan amaituko omen dira, gutxien jota, eta lan guztiak amaitzeko epea, berriz, 8 hilabete izango da, eta ez 14, hasieran aurreikusi zen legez.

Horrez gainera, tunelen hodietako bat zirkulaziorako itxita dagoen hilabeteetan, seinalatze-sistema bat ezarriko da, semaforoekin, bide emateko portutik ateratzen diren garraio bereziei. Egunez, bi aldiz gertatuko da hori (goizez eta arratsaldez), eta gauez, behin, irteteko zein sartzeko, astelehenetik ostiralera. Trafikoa horrela kudeatuta, lanak egin ahal izango dira, eta, aldi berean, eraginik txikiena jasoko dute hala garraio bereziek nola N-644 errepidearen erabiltzaile arruntek.

Tunelak berregokitzea

Bidesarea planaren barruan sartzen dira Mamarigako tuneletako lanak; alegia, foru-errepideen sarea hobetu, modernizatu eta segurtasun handitzeko egitasmoaren barruan. Proiektuak honako arlo hauetako aldaketak zehazten ditu: trazatua, iragazgaizpena eta drainatzea, oinarrizko egitura (bide-zoruak, egitura-estaldura, estaldura estetikoa, segurtasun-langak eta drainatze-sistema) eta segurtasun-egitura (argiak, seinaleak, instalazioak, suteen kontrako babesa, megafonia).

Egingo diren jarduketa eta hobekuntzen artean, nabarmentzekoak dira LED teknologia duen argiztapen-sistema berri baten instalazioa, haizagailu berriak, megafonia-sistema eta argiztapen eta aireztapenaren kontrol-sistema. Gainera, su-detektagailu gehiago jarriko dira; kable guztiak aldatuko dira, eta barruko kamera berriak instalatuko dira.

Horri esker, Mamarigako tunelek bat egin ahal izango dute Bizkaiko araudiak ezartzen dituen segurtasun-neurri modernoen eta zorrotzenekin.

Irailaren 17an hasiko dira lanak, eta, aurreikuspenen arabera, 2019ko maiatzaren amaierara arte iraungo dute. Bizkaiko Foru Aldundiak 5.868.474 euroko inbertsioa egingo du.


Argazkiak