2018(e)ko irailaren 12(a) 17:00

Bizkaiko zerga-bilketa % 4,3 hazi da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Aurten, 5.012,5 milioi bildu dira abuztura arte; horrenbestez, 204,5 milioi euro gehiago bildu dira 2017. urteko aldi beraren aldean, eta aurrekontuaren betetze-maila % 67,5 izan da.

Bizkaiko Foru Ogasunak 5.012,5 milioi euro bildu ditu abuztura arte, tributu itunduak direla-eta. Diru-kopuru hori 204,5 milioi euro gehiago da 2017ko aldi berari dagokiona baino; horrek esan nahi zerga-bilketa % 6,7 hazi dela. Zortzi hilabete hauetako zerga-bilketa 2018. urterako zerga-sarreren aurrekontuaren (7.425,3 milioi euro) % 67,5 da.

Bilketa oso horretatik, 2.638,5 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, zeina % 6,5 hazi den. Zuzeneko zergapetzean, PFEZak % 5,2ko igoera izan du; guztira, 1.771,1 milioi euro izan dira, eta haietatik,1.709,2 milioi laneko errenten gaineko atxikipenei dagozkie, zeinak % 3,6 hazi diren. Sozietateen gaineko Zerga dela eta, 720,2 milioi bildu dira, hau da, % 12,6ko igoera.

Zuzeneko zergapetzearen beste mota batzuek igoera izan dute: Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga (% 1,5) eta Ondarearen gaineko Zerga (% 6,7).

Azken zortzi hilabeteetan, zeharkako zergen bilketa 2.016,4 milioi eurokoa izan da, iaz baino % 10,1 gehiago Hilabete honetan kontabilizatu dira beste bi foru aldundiekin egindako lehenengo bi doikuntzak, zeinetan Bizkaiak 164,2 milioi euro ordaindu dion Arabari eta 437,3 milioi Gipuzkoari.

Zeharkako zergen bilketaren barruan, Aldundiak berak kudeatzen duen BEZak % 15eko igoera izan du (guztira, 1.697,1 milioi euro); zerga berezietan, hidrokarburoena % 5 hazi da, tabako-laboreena % 1 eta elektrizitatearena % 5,1.

Azkenik, tasak eta beste sarrera batzuk direla eta, 39,8 milioi euro bildu dira, 2017. urteko aldi berean baino 2,6 milioi gutxiago.

Horrenbestez, kudeaketa propioko tributu itunduen bidezko zerga-bilketa 4.694,8 milioi euro izan da guztira, 2017ko abuztukoa baino % 7,9 handiagoa.

Estatuarekiko doikuntzei dagokionez, BEZa dela-eta 424,7 milioi jaso ditu Bizkaiak, 2017an baino % 22,3 gutxiago. Izan ere, 2017. urtean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioen ondoriozko 121 milioi euroko zenbatekoa sartu zen doikuntza horretan. Aitzitik, Zerga Berezien ondoriozko doikuntzei dagokienez, Bizkaiak 107,0 milioi euro ordaindu dio Estatuari, eta beraz, ordainketa hori % 18,6 hazi da.