2018(e)ko ekainaren 28(a) 12:05

Aldundiak martxan jarri du doako ticketing sistema digitala, udan Gaztelugatxeko sarrera antolatzen laguntzeko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Udari begira antolatu den jarduketa sortako neurrietako bat da, eta bateragarria izango da Urizarretako eta Ermuko jaitsieren hasieran kokatutako bi kontrolguneetan tiketak jasotzearekin. Bi kasuetan ere, tiketak doan emango dira. Biotopo babestu horretarako errepidean seinaleak hobetu egingo dira, bertara iristea errazteko. Gaztelugatxen pertsonen sarrera-irteerak irisgarriago bihurtu dira, Urizarretatik eta Ermutik oinez jaisteko bi sarbideak zaharberritzeko obrak amaitu eta gero. Mantendu egin dira informazioguneak, Bizkaibusen anezkak eta Aste Santuan biotopo babestu horretako bisitaren esperientzia hobetzeko abian jarri ziren zerbitzuak.

Elena Unzueta

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxen jarduketak egiten jarraitzen du biotopo babestu horretako bisitaren esperientzia hobetzeko helburuarekin, mahai gainean jarri duen proposamenaren erkatze-fasea noiz amaituko zain. Proposamen horren arabera, biotopo babestu hori turismoari eta jarduera ekonomikoari tira egingo dien agente bihurtu behar da. Udari begira, martxan jarriko du ticketing plataforma digital bat, bateragarri izango dena Urizarretako eta Ermuko jaitsieren hasieran kokatutako kontrolguneetan tiketak batzearekin. Bi kasuetan ere, bisita-tiketak doan emango dira. Ekimen horrek bisitari jarioa kontrolatzea du helburu, eta esperientzia pilotu moduan garatuko da, Aste Santuan hasitako banaketaren osagarri, uda sasoiko jarduketa sorta baten barruan.

Gaurtik aurrera, ticketing plataforma horretara sartu ahal izango da Foru Aldundiaren www.bizkaia.eus webguneko Gaztelugatxeri buruzko atalaren bitartez, edo zuzenean klik eginda http://web.bizkaia.eus/gaztelugatxe helbide-barran. Plataforma horretan tiketa erreserbatu ahal izango da, erabiltzaileak ezartzen dituen egun-orduetarako.  Biotopo babestuko bisitari jarioak erregulatzen dituzten langileei erakutsi beharko zaie tiket hori, paperean inprimatuta nahiz gailu mugikor batean deskargatuta.

Webgune horretan bertan lekuari buruzko informazioa eskaintzen da bai ikuspuntu turistikotik bai ondarearen, historiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik. Zehazki, kontu praktikoak azaltzen dira (nola heldu garraiobide publikoetan, erabil daitezkeen aparkalekuak, non dauden komunak, nolako oinetakoak behar diren, aholkuak beherantz oinez hasteko orduan...), bai eta ibilbideak eta sarbideak ere, eta agerian jartzen da historia- eta ondare-elementuen balioa eta leku hori gune babestu bihurtzea eragin duten elementuena.

Ticketing sistema berri hori abian jartzeaz gain, foru erakundeak beste berrikuntza batzuk garatuko ditu udan, jarduketa sorta baten barruan. Besteak beste, seinaletika berria jarriko da Gaztelugatxera doan errepidean, leku horretara nola heldu azaltzen duten seinaleak hobetzeko.

Hobekuntza-irizpide hori berori aplikatu da Gaztelugatxeko oinezkoentzako sarbideetan, azken hilabeteotan zaharberritze obrak egin baitira Ermutik eta Urizarretatik jaisten diren bideetan. Lehenengoak iazko azaroan hasi ziren eta aurtengo apirilean amaitu dira, aurkako meteorologiak baldintzatu baitzituen; eta haietan bide-zorua irristagaitzago bihurtu da, lehendik zegoena berrerabiliz.  Urizarretan, berriz, lanak aurtengo apirilean hasi ziren, eta burutzeko epea hiru hilabete eta erdikoa bazen ere, aste honetan amaitu dira. Alde horretan zoladura hobetu egin da, alegia, bidea egokitu egin da, jatorrizko trazadura eta zabalera errespetatuz, eta harri-zola jarri da Matxitxakoko harria erabiliz. Halaber, udazkenean zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira bide horretan zehar.

Gainera, datorren irailaren 30era arte, Aste Santuan gertatu zen bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du Bizkaibuseko A3517 linearen zerbitzu berri bat, ordu erdiko maiztasuna eskaintzen duena iraileko larunbat-igandeetan eta uztail eta abuztuko egun guztietan. Autobusak Bakiotik Bermeorantz irtengo dira 06:45etik 21:15era arte, jaiegunetan izan ezik; jaiegunetan 08:45 - 21:15 bitartean ibiliko dira. Eta Bermeotik Bakiorantz, 07:40 - 20:40 bitartean (jaiegunetan, 09:10 - 20:40 bitartean).

Arreta eta informazio puntuak

Uda honetarako Aldundiak jendearentzako arretarako lau gune atondu ditu. Lurralde osoari eta Gaztelugatxeko inguruari buruzko informazio turistikoa emateko gunea Urizarretako sarrera ondoko aparkalekuan egongo da, eta beste hiru gune egongo dira sarrerak kontrolatzeko puntuetan; horietan lekuneari ingurumen eta turismo-informazioa eskainiko da. Sarrerako hiru kontrolgune horiek Urizarretatik eta Ermutik jaisteko bideen hasieran eta Doniene ermitara igotzeko eskailerarako bidean dagoen plazatxoaren inguruetan kokatuta daude. Azken puntu horretan lehenengo laguntzetarako botika-kutxa bat egongo da, eta bertatik erregulatuko dira eskaileretako bisitari jarioak, tarte horretan pilaketak saihesteko, ahal den neurrian.

Prestakuntza duten langileek eskainiko dute biotopoari buruzko informazioa, eta landa garapenerako Jata Ondo eta Urremendi elkarteetako langileek emango dute informazio turistikoa. Horretarako lankidetza-hitzarmena sinatu da elkarte horiekin.

Komunak jendearentzako arretarako gune nagusiaren inguruetan egongo dira, Urizarretako sarbidean, eta Urizarretatik eta Ermutik jaisteko sarbideen elkargunean. Baimenik eduki ezean errepide zaharretik ibilgailuetan sartzeko debekuari eutsiko zaio; beraz, errespetatu egin beharko da sarbide horretan jarritako egurrezko itxitura.

Azken asteotan, ermitara igotzen diren eskailerak konpontzeko obrak ere hasi dira. Lanak etenda egongo dira uztailean eta abuztuan, oporraldi horretan bisitarien joan-etorriari trabarik ez egiteko.


Argazkiak


Bideoak


Audioak