2018(e)ko ekainaren 22(a) 09:23

Bizkaiak eta Nevadak lankide jarduten dute energiaren, garraioaren, hiri adimentsuen eta ikasleen arteko elkartrukearen arloetan

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Unai Rementeriak eta Brian Sandoval gobernadorearen akordioa bi gobernuek duela bi urte Washingtonen abiarazi zituzten bileren emaitza da. Nevadako ordezkaritza lurraldeko punta-puntako konpainiekin batzartu da, eta Nevadak Estatu Batuetako merkatuaren sarbide gisa eskaini du bere burua.

Brian Sandoval y Unai Rementeria

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Brian Sandoval Nevadako Estatuaren gobernadoreak jarduketarako protokolo orokorra sinatu dute; protokolo horren bitartez, beren mendeko erakundeek lankidetzarako bideak irekitzen dituzte energiaren, garraioaren, hiri adimentsuen eta unibertsitateko ikasleen elkartrukearen arloetan. Bi agintariok bat datoz Bizkaiaren eta Nevadaren ekonomietarako gako diren sektore horien garapena bultzatzeak duen garrantziarekin.

Eremu horien barruan, ondokoak dira bi administraziook identifikatu dituzten lankidetza-esparru nagusiak: mugikortasun adimentsua, sorkuntza elektrikoa eta sare adimentsuen teknologia, blockchain teknologia, goi hezkuntza eta ETEentzako baterako merkaturatze-plataformen garapena. Horretarako, hiru urteko iraunaldia izango duen akordio honek bi alderdien arteko elkarrizketa jarraitua sustatzen du, eta bai merkataritzako misioak eta unibertsitateko ikasleen artean informazio eta eginera egokien alorreko elkartrukeak gauzatzea ere.

Akordio hori Sandoval gobernadoreak Estatuaren Gobernuaren, enpresen eta Nevadako Gobernuaren ordezkaritzek lagundurik Foru Jauregira egin duen bisitaldian sinatu da. Bisitaldi hau Nevadako Gobernuak 2016ko irailean egin zuenaren ostekoa da; Foru Aldundiak Smithsonian Folklife Festival jaialdiaren ekitaldietan zehar ezarri zituen harremanen emaitza izan zen bisitaldi hura.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018. urte honetarako merkataritza-misio bat sustatzen du eta, halaber, Bizkaiko hogei bat enpresaren Estatu Batuetako ordezkaritzaren arteko batzarra bideratu du. Foru Jauregian bertan egin zen bileran, Sandoval gobernadoreak Nevadaren garapen ekonomikoa erakutsi du, energia berriztagarrien eta sare adimentsuen arloetan batik bat. Nevada euskal diasporaren helmuga nagusienetakoa izan zenez, Nevadako Estatua Estatu Batuetako merkaturako sarbidetzat jotzeko eskatu die Bizkaiko enpresei Sandoval gobernadoreak.


Argazkiak


Bideoak